Inoizko langile gehien Hego Euskal Herrian

Gizarte Segurantzan 1.345.286 pertsona zeuden izena emanda, apirilean baino 7.254 gehiago. Langabeen kopurua lurralde eta sektore guztietan jaitsi da: denera 2.684 gutxiago daude.

Bizkaiko metalgintza sektoreko enpresa bateko langileen arropak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bizkaiko metalgintza sektoreko enpresa bateko langileen arropak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko ekainaren 3a
10:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Nazioarteko ekonomian zabaldu diren hodei beltzei bizkarra emanda dago oraindik ere Hego Euskal Herriko lan merkatua. Eta beste marka bat ezarri du: lanean ari direnen kopuruak goraka jarraitzen du, eta Gizarte Segurantzak inoizko afiliazio daturik onenak izan ditu maiatzean. Halaber, langabeen kopurua beheraka ari da oraindik ere, eta 2009ko krisiaren aurreko urteetara jo behar da oraingoaren antzerako kopuruak ikusteko.

Langabeen kopuruak laugarren hilabetez jarraian egin du behera: apirilean baino 2.684 lagun gutxiago daude izena emanda Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan. Guztira 133.618 langabe daude. Gizarte Segurantzan, berriz, 7.254 pertsona gehiago daude, eta aurrez ezarritako marka gainditu da bigarren hilabetez jarraian: 1.345.286 pertsonak dute lan kontratua.

Bada arrazoi bat azaltzen duena afiliatuen kopuruaren gorakada zergatik den langabeen zenbatekoaren jaitsiera baino handiagoa: aldizkako kontratu finkoak. Mota horretako kontratua dutenak ez dira langabe gisa zenbatzen lanean ari direnean, baina, lanera itzultzen direnean, afiliatu berri gisa hartzen dira. Azken lan erreforma indarrean sartu zenetik, ugaritu egin da kontratu mota hori; zerbitzuen sektorean erabiltzen da bereziki, eta urtaroen arabera gorabeherak izaten dituzten lanbideetan, hala nola turismoarekin loturiko jardueretan, baina baita irakaskuntza ere.

Lurraldeka

Lau lurraldeetan erregistratu dira langabe gutxiago. Ehunekoetan, jaitsierarik handiena Araban izan da, %2,25ekoa. 418 langabe gutxiago daude, 18.168 guztira. Hala ere, iazko maiatzean baino langabe gehiago dituen lurralde bakarra da: 87 gehiago (+%0,48).

Oro har, Bizkaiak izan du bilakaerarik onena. Apirilean baino 1.260 pertsona gutxiago daude Lanbiden izena emanda, 58.743 guztira (-%2.1). Iaz baino 1.484 gutxiago dira (-%2,46).

Gipuzkoan,  474 lagunek utzi dute langabezia hilabete batetik bestera, eta 27.748 daude egoera horretan (-%1,68). Iaz baino 366 gutxiago dira (%1,3).

Nafarroan ere emaitza onak izan dituzte: apiriletik maiatzera, 532 pertsona gutxiago daude Lansaren izena emanda (-%1,8), 28.959 guztira. Iaz baino 820 gutxiago dira (-%2,75).

Sektore guztietan

Sektore guztietan apaldu da langabezia. Azken asteetan patronalek eta industria alorreko elkarteek kezka adierazi dute bigarren sektorearen bilakaerarekin. Muga zergen auziarekin AEBek abiatutako gerra komertzialak eta beste faktore batzuek ezegonkortasun giroa zabaldu dute nazioarteko ekonomian, eta, azken egunetan adierazi dutenez, giro hori nabaritzen hasia da Euskal Herriko enpresetan ere. Hala ere, industrian 175 langile gutxiago daude enplegurik gabe.

Dena den, eta aspalditik egonkortu den joerari eutsiz, zerbitzuen sektoreak eman ditu emaitzarik onenak: 2.455 pertsona gutxiago daude langabezian. Eraikuntzan 176 eta nekazaritzan 92. Enplegu jakinik ez dutenen kopurua besterik ez da handitu: 214 gehiago dira maiatzean.

Sexuaren arabera, langabezia nabarmen handiagoa da oraindik ere emakumeen artean (guztizkoaren %58,6), gizonen artean baino (%41,4). Baina maiatz honetan bi multzoetan jaitsi da: 1.464 andre gutxiago dauden lanik gabe eta 1.220 gizon.

Langabezian dauden horien artean, bitik batek (%54,07) ez du langabezia saririk jasotzen. %30,25ek sari arrunta jasotzen dute, eta %14,96k subsidioa.

%6,2

Langabezia tasa zenbatekoa den eurogunean. Euroguneko ekonomia ahul dabil, baina lan merkatuak eutsi egiten dio han ere. Martxotik apirilera hamarren bat jaitsi da langabezia tasa, %6,2raino, eta Eurostat informazioa biltzen hasi zenetik erregistratutako txikiena da. 10,68 milioi lagun daude lanik gabe, martxoan baino 217.000 gutxiago. Europako Batasun osoan are txikiagoa da tasa, %5,9koa. Hego Euskal Herrian, %9,67koa izan zen apirilean, eta %9,47koa maiatzean.

Kontratu berriak: lautik hiru, zerbitzuetan

Joera bat nagusitzen ari da lan merkatuan. Afiliazioek gora eta langabeziak behera egin arren, aurreko urteetan baino lan kontratu berri gutxiago sinatzen dira azkenaldian. Hein handi batean, aldizkako finkoen ugaritzeagatik gertatzen da hori. Jaitsiera, hala ere, ez da adierazgarria, sinatzen diren kontratu berrien kopurua handia baita oraindik ere.

Guztira 85.693 kontratu berri egin dira maiatzean, aurreko hilean baino 17.336 gehiago, baina, iazko maiatzean egindakoekin alderatuta, 1.052 gutxiago dira (-%1,21).

Ohi bezala, askoz ere gehiago dira aldi baterakoak finkoak baino, hamarretik zortzi ia (%78,72). 2022ko lan erreformak traba gehiago jarri zituen behin-behineko kontratuak egiteko, eta, ordutik, 15 puntu inguru jaitsi da horien portzentajea. Dena den, mugak ezarri zirenetik hona apur bat egin dute gora, baina aldaketa ez da oso nabarmena. Aurtengo maiatzean iazkoan baino bostehun gehiago dira.

Lan kontratu motak ere erakusten du sektore bakoitzak zenbateko pisua duen Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Maiatzean egindako lau kontratu berrietatik hiru (%76,2) zerbitzuen sektorekoak dira. %17,8 industriakoak eta %2,7 eraikuntzakoak.

Kantitatea ala kalitatea

Ohi bezala, datuak aztertzeko orduan sindikatuek gehiago erreparatu diote sortutako enpleguaren kalitateari, kantitateari baino. LABek, esaterako, azpimarratu du «oinarri prekarioagoa» duela, zerbitzuen sektoreari lotuta dagoelako nagusiki. CCOOk ohartarazi du aldizkako kontratuak ugaritzen ari direla. UGTk «triunfalismoetan ez erortzeko» deia egin du, eta adierazi Hego Euskal Herriko lan merkatuaren «egiturazko arazoei» heldu behar zaiela: gazteen langabezia eta iraupen luzekoa, sexu arrakala... Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak ere nabarmendu du «kalitatezko enpleguak» eskaintzea dela oraingo erronka nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.