Finantza publikoak. Eusko Jaurlaritzaren egoera

«Inork ez du sekula ordaindu guk bezainbeste eta guk bezain azkar»

Ez daukala altxortegi eta likidezia arazorik ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak, eta porrot akusazioa zuzentzeko eskatu dio Urkulluri2011ko aurrekontutik 600 milioi euro inguru utzi ditu gobernuak gastatu gabe

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak esan du ez duela altxortegi edo likidezia arazorik. Urtarrilaren 31n 627 milioi euro zituen kutxan, eta urteko lehen erdia arazorik gabe gainditzeko diru sarrerak espero ditu. Lopezen gobernua «porrot egitear» zegoela ziurtatu zuen Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, eta atzo akusazioa jendaurrean zuzentzeko exijitu zion Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. «Denak ez du balio. Ez da zilegi EAE ia Greziaren pare jarri nahi izatea; ez dugu inolako zerikusirik harekin».

Joan den urteko aurrekontuaren itxierari buruzko zenbait datu aurreratu zituen Agirrek, akusazioa ezeztatzeko helburuarekin. Zerga bilketa eskasak piztu zituen zalantzak. 2011. urteko aurrekontuak egiteko erabili zen aurreikuspen oparoarekin alderatuta, mila milioi euroko zuloa utzi zuen zerga bilketak. Zulo horren %70 Jaurlaritzari dagokion dirua da, 700 milioi euro inguru.

Kontuen desoreka horri gastua murriztuta erantzun dio Jaurlaritzak. Hala, urte amaieran aurrekontu eguneratua — onartutako kredituak barne— 10.773 milioi eurokoa zen arren, soilik 10.168 milioi gastatu ditu gobernuak, hots, 600 milioi inguru aurreztu ditu zerga bilketaren beherakada arintzeko. Jaurlaritzaren lehentasuna austeritatea eta gastuaren kontrola izan dela nabarmendu zuen Agirrek, eta EAJk Juan Jose Ibarretxeren azken agintaldian izan zuen jarrerarekin alderatu zuen. «Ez zion gastatzeari inoiz utzi, krisia larria zela jakin arren». 2008. urtean, esaterako,gastuak 837 milioi euro gehiago izan ziren, diru sarrerak baino.

Langile, pertsona, enpresa eta hornitzaileei garaiz ordaintzeko ahalegin handia egin dutela azpimarratu zuen Agirrek: «Inork ez du sekula guk bezainbeste eta guk bezain azkar ordaindu». Aurrekontuan iragarritako gastuaren %88 ordainduta zegoen 2011ko abenduaren 31rako. Jaurlaritzak dituen estatistiken arabera, azken zortzi urteetako ehunekorik handiena da.

Altxortegi arazoek behartuta ordainketa batzuk atzeratu edo gelditu dituztela esatea «faltsua» dela ohartarazi zuen sailburuak. Hala, abenduaren 12tik 31ra bitartean 1.116 milioi euro ordaindu zituen gobernuak, eta urtarrilean beste 335 milioi izan dira. «Horrek ez du ordainketak eten izanaren itxura handirik», esan zuen Agirrek. Era berean, botika gastuei ere aurre egin zaiela adierazi zuen, eta kontrakoa dioten informazioak «maltzurtzat» jo zituen. Gastu batzuk aurtengo urteko aurrekontura aldatu direla ukatu zuen, azkenik. «Ez dugu fakturarik tiraderan gordeta utzi».

Urtarrilaren 31n 627 milioi zituen kutxan Eusko Jaurlaritzak. Sozietate eta enpresa publikoek urte amaieran beste 510 milioi euro gertu zituzten ordainketei aurre egiteko. Bien bitartean, aldundiek egin behar dioten urteko lehen ordainketa, 310 milioi eurokoa, atzeratu egin die. Hori guztia kontuan hartzen bada, altxortegiaren egoera «normala» dela uste du Ogasun sailburuak.

Aresen deia

Kontu publikoen egoerari buruzko xehetasunez gain, bestelako azalpenak ere eman zituen Agirrek. Rodolfo Aresek Iñigo Urkulluri behin baino gehiagotan deitu ziola onartu zuen. EAJko buruzagiak «dei etsia» izan zela ziurtatu zuen —egilea nor izan zen aipatu gabe—, «irtenbideak aurkitzeko edo ezohiko diru sarrerak lortzeko». Deiari buruzinterpretazio ironikoa egin zuen sailburuak, ordea. «Parean nengoen, eta esan dezaket Aresen estutasun maila zero eta minus bat artekoa zela».

Urkulluren eta jeltzaleen kontra hitz gogorrak izan zituen Agirrek. «Funtsik gabeko torpedo bat jaurti dute. Arinkeriaz egindako adierazpen horiek ongizate kolektiboa eta aurrekontu oreka arriskuan jartzen dute».

Zorpetzeko baldintzetan ondorio txarrak egon litezke, Jaurlaritzaren ustez. Orain dela gutxi 266 milioi euroko zorra jaulki eta saltzea lortu du. «Eskerrak polemikaren aurretik izan den», Agirreren aburuz. Edonola ere, ez du arriskuan ikusten S&P agentziak EAEko gobernuari orain dela gutxi eman zion AA- kalifikazioa.

Zerga sistemaren auzia

Ekonomiaren eta kontu publikoen egoerari buruzko polemika guztiaren atzean jeltzaleek eta sozialistek zerga sistemari buruz izan dituzten desadostasunak daude. Lehenbizi, zerga erreforma bat gidatzen ahalegindu zen Lopez lehendakaria, baina ez zuen arrakastarik izan. Ondoren, aldundiak alde batera utzita, Eusko Legebiltzarretik zenbait zerga handitzeko aukera jarri zuen mahai gainean PSEk, aurrera ateratzeko inolako babesik ez zuen arren. Proposamen horiek aurrez aurre jarri dute gobernua eta EAJ.

Atzo berriro ere, zerga ereduari buruzko jarrera ezberdinak plazara atera zituen Agirrek. «Familiei laguntzeko erabili beharrean, kontu publikoak itotzeko erabiltzen ari da EAJ autogobernua». Besteak beste, foru aldundiek eta Jaurlaritzak iruzur fiskalari aurre egiteko egitasmo bateratua trabatzea egotzi zien sailburuak jeltzaleei.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak ere gogor kritikatu zuen EAJko burua: «Urkullu ez da gizon fidagarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.