Inflazioa, diru politika murriztaileak, desinbertsioa... emaitza: gero eta etxebizitza gutxiago salerosten da. Irailean 1.986 etxebizitza salmenta erregistratu ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak Hego Euskal Herrian, iazko irailean baino 610 gutxiago; %23,5eko jaitsiera da hori.
Inflazio gorakorrari mugak jartzeko asmoz, interes tasak pixkanaka handitzen hasi zen EBZ Europako Banku Zentrala iaz, egungo %4,5eko mailara iritsi arte. Badirudi %5eko langa ez dutela gaindituko interes tasek, baina Frankfurten (Alemania) egoitza duen erakundeko agintariek azken hilabeteetan ohartarazi dute ez direla itzuliko 2022ko uztailera arte ohikoak ziren %0ko interes tasak.
Hipoteken garestitze hori eskaintza txikiarekin elkartu da, eta merkatua asko moteldu du. Etxebizitza erabilien salmentak %26,3 jaitsi dira, iaz baino 572 etxebizitza gutxiago saldu baitira. Etxe berrien jaitsiera %9,1ekoa izan da. Etxe erabiliak dira oraindik ere merkatuko gehienak, ia %81 baitira.
Etxebizitza babestuak, berriz, saldutakoen %8,3 izan dira. Iazko hilabete berarekin alderatuz gero, ez dago ia aldaketarik, %8,1 izan baitziren orduan.