Lehen aldia da azken bost urteotan Europako Banku Zentralak interes tasak jaisten dituela. Puntu erdiko jaitsiera, gainera, ez zuen EBZksoilik erabaki, horixe izan baitzen beste sei banku zentralen erabakia ere: AEBetako Erreserba Federalak %2tik %1,5era murriztu zitueninteres tasak, Ingalaterrako Bankuak %5etik %4,5era, Suediako Banku Nazionalak %4,75etik %4,25era, eta kopuru horretanSuitzakoak, Kanadakoak eta Arabiako Emirerri Batuetakoak ere. Japoniakoak ez zituen jaitsi -%0,5ean daude-, baina neurriarekin bat egin zuela jakinarazi zuen.
Hazkundearen moteltzearen arazoa ez dagokie herrialde aberatsei soilik. Txinako Bankuak ere hiru astean bigarren aldiz jaitsi zituen tasak, %6,93ra.
EBZk, Fed-ek eta Ingalaterrako Bankuak antzeko argudioak baliatu zituzten mugimendua azaltzeko. Hau da, inflazioa apaltzen ari dela eta «hazkundearen beheranzko arriskuak» handitzen ari direla. Joan den astean bertan antzeko azalpena eman zuen Jean Claude Trichet EBZko lehendakariak tasak bere hartan uztea justifikatzeko.
Eraginkortasuna auzitan
Ikusteke dago neurriak finantza krisia lasaitzeko balio ote duen. Izan ere, arazoa ez da banku zentralek dirua zein tasatan uzten dieten bankuei, baizik eta finantza erakunde horiek herritarrei, enpresei edo beste bankuei maileguak emateari utzi diotela, edo oso tasa altuekin egiten dutela.
Gauzak horrela, ez dago erabat garbi gaur euriborrak zein joera erakutsiko duen gaur. Egoera normal batean, interes tasen neurri horretako jaitsierak euriborrak ere behera nabarmen egitea ekarriko luke. Baina finantza krisia hasi zenetik burugogor dago %5,5aren inguruan. Joan den ostiralean, bezperan EBZk interes tasen jaitsiera iradoki zuenean, %5,526tik %5,493ra baizik ez zen jaitsi. Atzo %5,486an zegoen.
Denak pozik
Edonola ere, Europako Batasuneko gobernuek eta eragile ekonomiko gehienek begi onez hartu dute erabakia. Nicolas Sarkozy Frantziako Errepublikako presidenteak ziurtatu duenez, «erabaki paregabea da. Tasen jaitsierak era perfektuan erantzuten dio bizi dugun egoerari». Azken urteotan behin eta berriro eskatu duSarkozyk diruaren merkatzea, Frantziako ekonomia pattalari bultzada emateko.
Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak nabarmendu zuen banku zentral guztiek hartutako erabakia zela eta honakoa gaineratu: «Euriborrak behera egingo du eta hori ona da familientzat eta enpresentzat».
Gurean ere harrera ona izan du neurriak. Confebasken arabera, «neurria ona da eta beharrezkoa, ikusita jarduera ekonomikoa gero eta gehiago okertzen ari zela. Confebaskek ziurtatu du erabakia «beharrezkoa» zela, «ikusita jarduera ekonomikoa gero eta gehiago hondatzen ari zela».
Burtsen galera handiak
Banku zentralen esku hartzeak edo Erresuma Batuko Gobernuak bere finantza sistema laguntzeko neurriek ez du eraginik izan burtsen eguneko jardunean. Beldurra nagusitu da, eta Europako balio merkatuek behera egin dute nabarmen. Madrilgo Ibex-35ak %5,2 atzera egin du, Cac-40k %6,39 eta Eurostoxx-50ek %6,5. Adierazgarria da oraindik banku zentralen berririk eduki gabe, Japoniako Nikkeik %9,38ko jaitsierarekin bukatu zuela, 1987az geroztik beherakada handiena.Wall Streeten gorabehera handiak izan ziren egunean zehar, bainaazkenean %2 galdu zuen.
Jipoirik handienetakoa Arcelor Mittalek izan zuen, %17koa. Hala ere, finantza erakundeek pilatu zituzten galera gehien Europan zehar: Unicredit banku italiarrak %11 galdu zuen, Deutsche Bankek %9,26, Credit Suissek %16,14 eta UBSk %6,13.
Erabaki paregabea da. Tasen jaitsierak era perfektuan erantzuten dio dugun egoerari»
nicolas sarkozy
Frantziako Errepublikako presidentea
«Euriborrak behera egingo du, eta hori ona da familientzat eta enpresentzat»
pedro solbes
Espainiako Ekonomia ministroa
«Beharrezkoa da, jarduera ekonomikoa gero eta gehiago okertzen ari dela ikusita»
confebask