Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak berriz ere errieta egin dio Espainiako Estatuari langile publiko interinoen auziarengatik. Ez da Luxenburgon egoitza duen epaitegiak jarrera txarresten dion lehen aldia, baina tonua gogortu du azken ebazpenean. Erabaki du ez dela aski behin-behinean urte luzez aritu diren langile horiek plazarik gabeko langile finko bilakatzea, eta gogorarazi Espainiako Auzitegi Gorenari dagokiola egoera konpontzeko neurriak aski diren ala ez erabakitzea.
EAEn 32.480 langile publiko interino zeuden abenduan (%20 inguru); Nafarroan, berriz, 11.900 ziren 2024an (%35) —sindikatuek, dena den, askoz gehiago direla diote—. Kontuan hartu behar da hainbat egonkortze prozesu abian jarri direla azken hilabeteetan, eta, ziur asko, gaur egun gutxiago izango dira. EBko Justizia Auzitegiak, oinarrian, arrazoia eman die, eta, besteak beste, kalte ordain handiagoak jasotzeko bidea ireki du.
Langile horietako askoren ordezkari da Interinoak Taldea sindikatua, eta ebazpena txalotu du. Amaia Zarrabeitia bozeramailearen ustez, ebazpenak indargabetu egin ditu Espainiako Gobernuak eta Auztegi Gorenak erabili izan dituzten argudioak, eta argi utzi du orain arte Hego Euskal Herrian erabilitako konponbideak ez direla egokiak: «Plazarik gabeko langile finkoaren formulak ez du balio, eta oposizioak egiteak ez du konpontzen abusua». Haren ustez, orain bi konponbide posible daude: interinoak finko bilakatzea, eta estatuak dirutza gastatzea kalte ordainetan.Â
ELA sindikatuak antzeko balorazioa egin du, baina euforia tonu horretatik urrun, haren ustez Europak behin-behinekotasuna amaitzeko «borondate falta» erakutsi duelako. Kritikaren oinarrian zera dago, EBko Auzitegiak Gorenaren esku uzten duela korapiloa askatzeko ahalmena, eta, mugak jartzen dizkion arren, gogoratu du haren aurkako epai asko egon direla azken urteetan eta egoerak berdin jarraitzen duela.Â
Erlazionatuta
Baina zer dio ebazpenak? EBko Auzitegiak ez du Espainia behartzen langile horiek finko egitera, baina esaten dio kontrol neurriak izan beharko lituzkeela behin-behineko kontratuen abusuzko erabilera eragozteko, eta kaltetuentzako erreparazio neurriak ezarri behar dituela. Erabaki hori Auzitegi Gorenaren esku uzten du, eta baldintza bat ezartzen dio: interinoak plazarik gabeko langile finko bilakatzea ez dela konponbide nahikoa.
Erabaki hori Gorenaren galdera bati emaniko erantzuna da. Eta auzitegiak argudiatu du formula horrekin langileek ez diotela uzten behin-behinekoak izateari, beste norbaitek bete arte dutelako plaza. Baldintza horietan, Luxenburgoko auzitegiaren ustez, ez da zigortzen behin-behineko kontratuen gehiegizko erabilera.
Gorenak beste galdera bat egin zion auzitegiari. Interino horietako bat kaleratuz gero —kontratua berritzen ez bazaio—, aski litzateke lan eginiko urte bakoitzeko 33 laneguneko kalte ordaina ematea —24 hilabeteko soldataraino—? Europak dio langile horren egoeraren aldagaiak aztertu behar direla: kontratu kopurua, jasandako abusua... Eta kopuru horrek ez duela kaltea konpontzen, alegia, handiagoak izan beharko luketeela. Espainian 800.000 interino daudela kontuan hartuta, hori kolpe latza izango litzateke altxortegian.
Oposizioak ere ez dira aski
Auzitegiak oso estu hartu du Espainiako Gobernua, eta Espainiako legedia azter dezala eskatu dio Gorenari, argitzeko ea nahikoa neurri dauden horrelako abusuak konpontzeko. Izan ere, haren ustez, Espainiako legedia ez da zehatza, abstrakzioan murgiltzen da, eta irizpide argi eta zorrotzak falta zaizkio.
Are gehiago: haren ustez, ez da aski behin-behinean beteta dauden lanpostu horien lan eskaintza publikoak egitea; izan ere, langile horren ibilbidea eta esperientzia kontuan hartuta ere, baliteke oposizioen ondoren plaza ez lortzea, eta kaltea ez litzateke konponduko . Halaber, gehitu du abusurik egon ez den beste postu batzuetan kontuan hartzen dela esperientzia.
Ez da lehenengo aldia Europako Batasuneko Auzitegia gaiari buruz mintzatzen dena. Aurreko beste ebazpen batzuetan, abusutzat jo izan du langileak hiru urtean baino gehiagoan egotea behin-behinean administrazioan, eta hori konpontzea galdegin izan dio Espainiako Estatuari. Hala, 2021. urtean Iceta legea deiturikoa onartu zuen gobernuak.