Ipar Euskal Herrian «egonkorra» da jarduera ekonomikoa

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren barometroaren arabera, enpresaburuen %74k dute konfiantza enpresari begira. Inflazioa eta eskaeren apaltzea dira enpresaburuen kezka nagusiak

Merkataritza eta Industria Ganberako buruak, atzo, Baionako agerraldian. MIG.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomikoa «egonkorra eta zalantza gutxiagokoa» da. Hala ondorioztatu du Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberak, sei hilabetean behin plazaratu ohi duen barometro ekonomikoan enpresek emandako erantzunetan oinarrituta. Inflazioaren ondorioz enpresen negozio bolumena handitzeari utzi badio ere, enpresaburuek suspertze bat espero dute hurrengo hilabeteetan. Lan merkatuak ere hobera egin du, eta langabezia tasa %5,8ra apaldu da.

Akitania Berria eskualdeko 4.086 enpresak erantzun dute merkataritza ganberen galdetegia, horien artean Ipar Euskal Herriko 212k. Inflazioa eta eskaeraren apaltzea dira enpresaburuek aipatzen dituzten kezka nagusiak. «Oro har, lehen seihilekoko egoera egonkorra da; izan ere, batez beste enpresaburuen heren batek irabaziak izan ditu, beste heren batek okerrera egin du, eta azken herenak negozio bolumena atxiki du», esplikatu du Andre Garreta MIGeko presidenteak. «Hala ere, enplegatzaile kargek pisua dute oraindik, eta mozkinak etengabe murrizten dira».

Frantzia mailako sentimendua emanez hasi da Garreta: urte hasieran, energiaren ingurukoa izan zen enpresaburuek zuten kezka nagusia, haren arabera: prezioen emendatzea, eta gas eta elektrizitate mozketak gertatzea. Lehen seihilekoan izandako «higatzearen» ondorioz, urte bukaera arte egoera «erdipurdikoa» izanen dela aurreikusi du, eta iragarri du BPGa COVID aitzineko mailara itzuliko dela. Gaur egungo problematika ekonomiko nagusia inflazioa dela azpimarratu du.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, profesionalen %74k konfiantza dute beren enpresaren etorkizunari begira, baina Frantziako egoera ekonomikoak sortzen ditu zalantzak. %31k baizik ez dute adierazten horri buruzko konfiantza —aitzineko seihilekotik bost puntu apaldu da—.

2023 hasieran, enpresa sortzeak eta itxierak biak apaldu dira, %9 bata zein bestea. Hala ere, balantza positiboa da: 623 enpresa berri daude Ipar Euskal Herrian. Halaber, zailtasunetan diren 138 enpresak abiatu dituzte prozedura kolektiboak.

Etxe berrien eraikuntza pixka bat apaldu dela esplikatu du Garretak, eta Baionako Portuaren jarduera ere aipatu du: energiaren prezioak apaltze bat ekarri badu ere, neurtua izan dela azaldu du MIGeko arduradunak.

Enpresaburuak baikor

Merkataritza eta Industria Ganberak egindako galdetegiaren arabera, enpresaburu gehienek konfiantza dute beren negozioaren etorkizunari begira. Salerosketen adierazleak «nahiko egonkor» ageri dira. Lehen seihilekoan, enpresen %21ek egin dituzte inbertsioak, eta %24k aurreikusten dute bigarren seihilekoan inbertsioak egitea.

Azken bi urteetan, negozio bolumena etengabe handitu da Ipar Euskal Herrian, baina aurtengo urte hasieran gelditu egin zen joera hori, MIGen arabera. Salmentak «egonkorrak» direla adierazi dute. Bezero kopuruaren apaltzearekin esplikatu dute. «Inflazioak jarraitzen du. Horrez gain, lehengaien eta energiaren kostuak, eta eskaria suspertzeko salmenta prezioetan enpresek egindako ahaleginek mozkinen apaltze handiak eragin dituzte». Hala ere, enpresaburuak «baikor» dira urte bukaerari begira, eta jarduera berriz abiatuko dela espero dute.

Sektoreka so eginez gero, industriako enpresen %40k irabazien emendatze bat izan dute. Enplegu sortzeak eta inbertsioak azpimarratu ditu MIGek; lehen seihilekoan industria sektoreko enpresen %38k egin dituzte inbertsioak. Eraikuntzako jarduerak, haatik, apaltze bat izan du, salmenten eta eskaeren kopurua erakusten duten adierazgailuak negatiboak baitira.

Komertzioan bezero gutxiago izan bada ere, salmentei eutsi diete. MIGen arabera, handizkako saltegien jarduerak esplikatzen du joera. Haatik, hiri erdiguneetatik haragoko komertzioek apaltzea izan dute.

Zerbitzuen sektorean bezero kopuru «ona» izan dutela uste du MIGek, baina iazkoa baino negozio bolumen txikiagoa izanen dutela iragarri du. Inflazioaren eragina irabaziak apalduz orekatu dutela erran dute.

Azkenik, turismo arloan apaltze bat izan da urte hasieran. Negozio bolumenaren apaltze bat izanen dela aurreikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.