Frantziako Auzitegi Konstituzionalaren onespenaren ondotik, Nicolas Sarkozyk ez du egun bakar bat ere galdu nahi izan erretiroaren erreformaren legea indarrean jartzeko. Herenegun arratsaldean izenpetu zuen Errepublikako presidenteak, eta atzo goizaz geroztik dago agerkari ofizialean. Indarrean, beraz.
Erreformaren puntu nagusiak antzemateko, ordea, hilabete batzuk itxaron beharko dira. Uztailaren 1ean, erretiroa hartu eta pentsioa eskatzeko eskubidea galduko dute 60 urte betetzen dutenek. Beste lau hilabete itxaron beharko dute 1951ko uztailaren 1etik 1952ko ekainaren 30era arte jaiotakoek. Urtero, beste lau hilabete gehituko zaizkio, eta 2018rako ezingo da 62 urte bete arte erretiratu. Gainera, erretiro saria oso-osorik eskuratzeko adina 65 urtetik 67ra igoko da, progresiboki hori ere. Aurrerantzean, beren soldaten %10,55 Gizarte Segurantzara kotizatu beharko dute langile publikoek.
«Lege honekin, banaketa bidezko erretiroaren erregimena salbatu dugu. Frantziarrak segur izan daitezke erretiroa izango dutela eta pentsioen mailari eutsiko diotela», azaldu du Sarkozyk Ministroen Kontseiluan. Erreforma «zaila» izan dela eta kalean protesta handiak izan direla aitortu du presidenteak, baina horrek ez du atzera eginarazi: «Beti uste izan dut nire eginbeharra zela [legea] gauzatzea».
«Herriaz trufatzen ari da»
Oso bestelako iritzia du oposizioak, eta ohartarazi du 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea berrezarriko duela 2012an Sarkozy lehendakaritzatik botatzen badu.
Sindikatuek hilaren 23rako deitu dute erreformaren aurkako bederatzigarren protesta egunera. Litekeena da azkena izatea, parlamentuak legea onartu zuenetik indarra galdu baitu mugimenduak. Edonola ere, «sistema bidezkoagoa eta solidarioagoa» sortzeko «irekitzen ari den borrokan» parte hartzeko asmoa adierazi du LABek. Gobernuak «herriaren arbuioari erakutsitako mespretxua» salatu du sindikatu abertzaleak. «Berriro ere, gobernua ordezkatzen duen herriaz trufatzen ari da».
Ipar Euskal Herrian erretiroa 62 urtera arte atzeratzen duen legea indarrean dago
Erabaki «zaila» izan arren, Sarkozy harro azaldu da «erretiroaren erregimena salbatu» duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu