Ipar Euskal Herriko enpresak «tentsio handian» ikusten ditu Merkataritza Ganberak

Enpresen herenen urteko negozioa apalduz doa, eta horietarik gutik baizik ez dute lortzen egoera orekatzea. Arranguraturik mintzatu da Andre Garreta ganberako burua, eta «argitasuna» galdegin dio Frantziako Estatuari 2026. urterako.

Eraikuntzan ari diren langileak, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Eraikuntzan ari diren langileak, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko otsailaren 24a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eraikuntzaren eta industriaren sektorea dira Ipar Euskal Herrian enplegu gehien sortzen dutenak; eskasen diren langileak, berriz, kontulariak, etxeko langileak eta garbitzaileak dira. Eta hara kontrastea: gaizkien doan sektoreetarik bat da eraikuntza; hobekien doanetarik bat, ordea, zerbitzuena. Baionako Merkataritza Ganbera arranguraturik mintzatu da 2025eko urteko bilan ekonomikoaz, «tentsio handian» ikusten dituelako enpresak. Frantziako Estatuari «argitasuna» galdegin dio 2026. urterako.

«Enpresen herenen urteko negozioa apalduz doa, eta horietarik gutik baizik ez dute lortzen egoera orekatzea». Merkataritza Ganberako lehendakari Andre Garretak bere kezka argiki adierazi du Ipar Euskal Herriko enpresen egoerari dagokionez. «Aktibitateak ez du lortzen aitzina egiten», erran duenez, eta enpresaburuek geroz eta konfiantza gutiago dute etorkizunean: erraterako, bildu dituzten datuek agertzen dute ganberaren kide diren enpresaburuen %67k konfiantza dutela, eta, hori nahiko gora izanik ere, 2024an baino 11 puntu guttiago dira halere.

Galdeen apaltzea, zergen tasak eta inflazioa dira Ipar Euskal Herriko ekonomiari eragiten dioten hiru ezaugarri nagusiak. Aldi berean, ezaugarri horiek lotura dute testuinguru soziopolitikoarekin, eta nabaritzen da konfiantzaren apaltzea orokorkiago ere gertatzen dela. Zehaztu dutenez, hain zuzen, enpresaburuen %24k dute munduko ekonomian konfiantza, eta %19 baizik ez Frantziakoan.

datuak

%6

Langabezia tasa, Ipar Euskal Herrian. Ohi duen bezala, nahiko apal segitzen du langabezia tasak, %6an. Gainera, lan eskaerek %5 gora egin dute 2025ean. Frantziako langabezia tasa, parean, %7,9koa da. 

Eraikuntza, peko errekara

Gehien zailtasunetan ibiltzen den sektorea eraikuntzarena da. Egoera horren muinean, bi arrazoi identifikatu ditu Garretak. Alde batetik, uste du inbertitzen dutenei laguntza gehiago eskaini behar zaizkiela, eta inbertsioak bururaino eraman ahal izateko proiektuak «erakargarriago» egin, adibidez zerga apaltze bat pentsatuz haientzat.

Beste aldetik, entrabaleko hitzik gabe kritikatu ditu konpentsazioa ezartzen duen legea eta baita alokairuak mugatzen dituena ere. Garretaren iritziz,  «zentzugabeko legeak dira», nehori gogorik ez eta ahalik eskaintzen ez dizkiotenak etxebizitzak eraikitzeko eta gero alokairuan ezartzeko.

Horri gehiturik maileguak lortzeko bankuetako tasak —orain egonkorturik ere etengabean goratu direnak azken urteetan—, kontsideratu du jendeari ezinezkoa bilakatzen zaiola eraikitzea.

Zehaztu behar da Garreta etxe agentzia baten jabea dela, eta, Ipar Euskal Herriko bozen testuinguruan, nabaritu zaio hautagaiei heltzeko asmoa. Baieztatu du, erraterako, «guziei gutun bat» helaraziko dietela Merkataritza Ganberatik, zenbait eskakizun nagusirekin: diru publikoa «norberarena» balitz bezala kudeatzea auzapezek; enpresak tokiko biziaren «bihotza» bezala kontsidera ditzatela; gelditu daitezela enpresetako zergak finantzak orekatzeko baliatzen... Bestela erranik, enpresaburuen rola eta baldintzak goraipatu ditu, ñabardurak bazter utzirik.

Gerlen etekinak

Aeronautikaren sektorea ere aipatu dute, nahiko egoera onean delako orain. Ez dute askorik zehaztu, baina kazetari batek galdegin die zuzenean delako enpresak hain ongi izateak loturarik baduenetz gerlarekin, hots, Ukrainan eta Gazan gertatzen ari diren gatazka eta genozidioarekin. Honako honetan bai, argitasunari ihes egin diote, baina zalantzarik gehiegi ez da baratu: «Hazkunde nabarmena dago espazio eta defentsa aeronautikan».

Turismoaren aipamena ere egin dute, Ipar Euskal Herrira etortzen den jendearen kopurua pixka bat apaldu bada ere azkenaldian, nahiko ongi mantentzen delako sektorea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.