Ipar Euskal Herrian egitura sozioekonomiko iraunkor bat sortzearen garrantzia nabarmendu zuen LABek atzo Baionan, bertako egoera sozioekonomikoari buruz egindako azterketaren aurkezpenean. Sindikatu abertzalearen ustetan, ezinbestekoa da egitura hori, Ipar Euskal Herriko arazoak atzeman eta haiei behar bezalako erantzuna emateko.
Sindikatuko kide Xole Mariluzek azaldu zituen egoera sozioekonomikoaren ardatz nagusiak. Demografiari dagokionez,Ipar Euskal Herriko biztanleria % 31 gehitu da 1975. urtetik. «Biztanleria kanpotik etorri jendearengatik igo da, bertako saldo naturalanegatiboa baita», adierazi zuen. Ipar Euskal Herrira bizitzera etorri direnak, berriz, oro har, bertakoei alderatuz, gazteagoa eta kualifikazio altuagokoa izaten da. Agerian utzi zuen lurraldeen artean gero eta desoreka handiagoak daudela. «Kostaldean bizi da populazioaren %59, bitarteko aldean %27 eta barnealdean %14. Hiritartze fenomeno baten aitzinean gaude». Hala, Zuberoan adibidez, herri batzuk koskortzen ari direla azaldu du, eta beste gune batzuk husten ari direla. Biztanleriaren adina ere izan zuen aipagai. «Barnealdean bizi da adineko jende gehien; kostaldean joera berdintsua da, baina kopuruak apalagoak dira. Entrekosta, berriz, familia gaztez josten ari da. Oro har, biztanleria nahiko zaharra da».
Ipar Euskal Herriko ekonomiari dagokionez, ekonomia egoiliarrak duen garrantzia azpimarratu zuen Mariluzek. Ekonomia egoiliarra, behin-behineko biztanleen — turistak— eta herritarren beharrei erantzuteko dagoen ekonomian oinarritzen da. «Ipar Euskal Herrian, ekonomia egoiliarrak produktiboak baino aise pisu gehiago du. Ekonomia mota horrek sortzen dituen lanpostuak, oro har, balio erantsi apaleko jarduerak dira, lansari apalak eta kualifikazio apalekoak», azaldu zuen. Turismoaren jarduera ekonomikoa egoiliarraren barne kokatzen da, eta lanpostuen %10,5 da. Alabaina, ekonomia produktiboaren jarduera ez da gutxiestekoa. «Laborantza etanekazaritzako elikagaien ekoizpenean oinarritzen diren 10.000 enplegu daude», Mariluzen arabera, eta aeronautika eta metalen lanketaren jarduerak ere aktibo daudelaadierazi zuen.
Ondorioak eta proposamena
Sindikatuko kide Amaia Fontanek egoera sozioekonomikoa lan baldintzetan nola islatzen den azaldu zuen. «Emakume eta gazteak dira langabezia gehien pairatzen dutenak, baita enplegu partzial eta prekarioenak dituztenak ere».2008an, %9,84koa zen langabezia tasa Baionako enplegu gunean; emakume eta gazteen langabezia, berriz, %11,5 ingurukoa zen. «Egun, ezin da jakin Ipar Euskal Herriko langabezi tasa nolakoa den oro har, ez baita bertako diagnostiko orokorrik egiten», azaldu zuen Fontanek. Lan gatazkari dagokionez, gero eta era indibidualagoan bizi dela azaldu zuen, eta sindikatuen lana debaluatua dela etengabe.
LABeko kide Eñaut Aramendik Ipar Euskal Herriak egoera sozioekonomikoari baikorki erantzun ahal izateko bitartekoen alde egin zuen. «Langileak Euskal Herrian lan eta bizi estrategian, LABek dio beharrezkoa dugula Ipar Euskal Herrirako egitura sozioekonomiko iraunkor bat, bertako diagnostikoa eratu ahal izateko, arazoei eman beharreko erantzunak eman ahal izateko eta herritarren artean eztabaida bultzatu ahal izateko». Ondotik, Ipar Euskal Herriari negoziazio kolektiboko espaziorik onartzen ez zaiola salatu zuen Aramendik. «Gune hori izatea beharrezkoa da, lokalki lanean ari den sindikatu bakoitzaren eragina neurtzeko zein eskubide berrien lortu ahal izateko. Mugimendu sindikala indartzea beharrezkoa da horretarako». LAB eragile guziekin hitz egiteko prest dagoela esan du Aramendik, eta sindikatua etapa berri batera joateko prest dagoela adierazi.
Iparraldean egitura sozioekonomiko iraunkor bat eraiki nahi du LABek
Negoziazio kolektiborako esparru propioaren alde azaldu eta sindikatuek egiten duten lana nabarmendu du, «gutxietsita dagoelako»Egitura iraunkor batek arazoak atzematea eta konpontzea erraztuko lukeela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu