Interes tasa apalek baldintzatutako sei hilekoa izan da Laboral Kutxarentzat. Interesetan lortutako dirua %1,9 jaitsi da: 127 milioitik 124,7 milioira. Hala ere, irabaziak handitu ahal izan ditu, 72,6 milioitik 75,7 milioira (+%4,3). Hori hala izan da komisioetan bildutakoa %6,8 handitu delako eta, batez ere, kutxak diru gutxiago baztertu behar izan duelako horniduretarako eta mailegu ustelen saneamendurako: 30,1 milioi iaz, eta 13,5 milioi aurten.
Mondragon taldearen kreditu kooperatibak nabarmendu du maileguen eskaria handitzeko ari dela, eta eskari horri erantzuten ari dela. Horrela, %14 ugaldu ditu hipoteka maileguak, %11 enpresei emandakoak, eta %4,5, berriz, kontsumorako kredituak. Edonola ere, ohartarazi du orohar maileguen pisua jaitsi egin dela, amortizazioen erritmoa oraindik handiagoa delako mailegu berriena baino. Bezeroen emandako kreditu guztien bolumena %0,7 jaitsi da azken urtean, 13.372 milioira arte.
Behera doa berankortasun tasa (%5ean dago) eta gora, aldiz, kutxaren kaudimena: kalitatate goreneko kapital ratioa (CET1) %17,85era heldu da.
Urtea ongi doakie beste euskal bankuei ere. Kutxabankek %10,4 handitu du irabazia (187,8 milioi), eta Bankoak, berriz, %6 (4,7 milioi).