Iraganeko mamua pizteko konjurua

Iragan legealdian, Uxue Barkosen gobernuak diru publikoa jasotzeko iturria itxi zien CEN, CCOO eta UGTri. UPNren urteetan, erakundeok gutxienez 115 milioi euro jaso zituzten. Orain, PSNk Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua berpiztu nahi du, iraganaren autokritikarik egin gabe.

Kontseiluaren bilera, iragan urriaren 31n. Gobernuko, CENeko, CCOOko eta UGTko kideak. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Arazoak ez dira konpontzen makila magiko soil bat astinduz, Harry Potterren eleberri edo filmetan bezala. Alta, politikan badira hitz batzuk aztien konjuru baten gisa funtzionatzen dutenak. Aipatze hutsarekin, etorkizun oparoago bat irudikatzeko gai dira. Nafarroan, horietako bat da gizarte elkarrizketa. Bi hamarkadaz, UPNren gobernuak CEN patronalaren eta CCOO-UGT sindikatuen arteko gizarte elkarrizketa sustatu zuen, eta haren aterkipean ehunka milioi euro bideratu ziren enplegu politika aktiboetara, baita erakundeok finantzatzera ere. Aurreko legealdian, laukoaren gobernuak sistema hura bertan behera utzi zuen, baina orain PSNk lema kolpea jo nahi du berriz. Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua aktibatu du gizarte eragileek enplegu plan bat hitzartu dezaten. Berriro ere, gizarte elkarrizketa ahoskatu da: sustatzaileek uste dute prekaritatearen arazo lazgarria konponbidean jartzeko formula topatu dutela; beste batzuk, aldiz, beldur dira iraganeko mamua esnatu nahi ez ote den.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, uztail amaieran, inbestidura egunean, legealdiko helburu nagusien artean jarri zuen enplegu politika aktiboetarako plan bat hitzartzea sindikatu eta enpresaburu elkarteen artean, 2021erako. Urriaren 31n, Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluak legealdiko lehen bilera egin zuen, enplegu planaren inguruko eztabaida hasteko. Gobernuko ordezkariez gain, CEN patronaleko eta CCOO zein UGTko sindikatuetako agintariak bildu ziren. Lehen hartu-emana baino ez zen izan, baina euren azken bi urtetako nahiari erantzun die deialdiak. Aurreko legealdian erakundeek hainbat aldiz aldarrikatu zuten kontseilu hori berrosatzeko, Txibitek egin bezala.

PSNren kritika

Bilera aurretik, ELAk argitu zuen ez zuela parte hartuko. LABek soldaten eta lanaldien inguruko edukiei buruz hitz egiteko baldintza jarri zion gobernuari. Jasotakoerantzunarekin gustura ez eta uko egitea erabaki duela jakinarazi zuen atzo. Bi sindikatuek kritikatu dute iraganeko sistemara itzuli nahi duela PSNk.

PSNk, berriz, «gizarte elkarrizketari trabak jartzea eta gatazkari esker bizi nahi izatea» aurpegiratu zien ELAri eta LABi. Azaroaren 14an, gizarte elkarrizketaren aldeko mozioa eztabaidatu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta testuinguru horretan egin zuen kritika Ramon Alzorriz PSNko eledunak. «Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua aktibatu beharra dago, blokeoaren garaia amaitu da». Alzorrizen arabera, trena ez da galdu behar, Nafarroak dituen prekaritatearen datu ezkorrei aurre egiteko. Aitzitik, ez zuen argitu zehazki zer den mahai gainean jarriko dena.

PSNren asmo horrek susmoak piztu ditu ezinbestean, iraganaren itzala oso luzea baita lan arloan. Luzeegia. 1998tik 2014ra, Miguel Sanzen lau agintaldietan eta Barcinarenean, Nafarroako Gobernuak, CEN elkarteak eta CCOO-UGT sindikatuek lau enplegu plan izenpetu zituzten: guztira 1.463 milioi banatu ziren enplegu politika aktiboetarako. Helburu zehatzik ez zuten, eta, atzera begira, haien eraginkortasuna zalantzan jar daiteke: ekonomiaren haizea aldeko zenean, 67.200 lanpostu sartu baziren (batik bat eraikuntzan), krisia etorri eta atzeraldi bikoitzak jo zuenean langabe kopurua hirukoiztu egin zen, eta 60.000 langabe izatera heldu zen Nafarroa.

Hain zuzen ere, krisia lehertu zeneko garaian Sanzen gobernuak Urrezko Domina eman zien hiru eragileei (CEN, CCOO eta UGT), eta gizarte elkarrizketaren eredu «arrakastatsua» nabarmentzen zuen lau haizetara. Krisiak plan haien ondorioak auzitan jarri zituen, eta Nafarroako Kontuen Ganberak egitasmo haien alde iluna azaleratu zuen. Krisiaren urteetan, 2008tik 2013ra bitartean, hiru erakundeok gobernutik 115 milioi euro jaso zituzten.

Murrizketen garaian datuok argitaratzeak asaldura handia eragin zuten. Yolanda Barcinaren gobernua azkenekotan zen, baina ez zen kikildu oposizioaren kritika suharrekin, eta azken ahalegina egin zuen hiru erakundeon alde. Alde batetik, 2015 eta 2016 urteetan ekonomia suspertzeko bosgarren enplegu plana hitzartu zen, 545 milioi eurokoa. Bigarrenik, UPNren eta PSNren aldeko botoarekin, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortu zen, eta legeak jaso zuen kontseilu hori diru publiko bidez finantzatu behar zela. Azkenik, Kontuen Ganberaren ohartarazpenei jaramon egin gabe, Barcinak aldebiko itunak izenpetu zituen hiru erakundeokin, eta finantzaketa publikoa bermatu zien bere agintaldiaren amaieraraino.

ELAk garai hartan egindako ikerketaren arabera, itun horiei esker CCOOk eta UGTk euren egitura barruko 120 soldata ordaintzea lortu zuten. Lehenak bere gastu arruntaren %40 finantzatu zuen, eta bigarrenak, %63. Horrez gain, guztira 2,5 milioi euro jaso zituzten 2012tik 2015era, Nafar Lansarek eskatutako 77 azterlanen truke.

UPNk gobernua galtzearekin batera desegin zen bosgarren enplegu plana, eta aldaketaren legealdian oturuntza horri guztiari amaiera eman zion laukoak: Uxue Barkosen gobernuak itxi egin zuen finantzaketa publikoaren iturria. Ondorioz, bi sindikatuek euren egitura murriztu egin behar izan zuten, eta lan erregulazioko espediente bat aurkeztu zuten. Hala ere, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak iraun egin zuen. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k organo hori desegiteko proposamena aurkeztu zuten, baina ez zen aurrera atera. 2017tik aurrera, berriro ere CENek, CCOOk eta UGTk enplegu plan baten beharra aldarrikatu zuten. UPNk eta PSNk bat egin zuten eskaera harekin.

Orain, gobernu barruan sozialistek lema hartu dutenez, berriro ere 2014an sortutako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua berraktibatu dute. Goiz da ezer antzemateko, baina iraganaren inguruko autokritikarik bederen ez da entzun, ez PSNren ahotik, ez eta hiru erakundeen ahotik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.