KRISIA

Irlandak aurrekontuak egonkortu eta muturreko aurrezte politika egin beharko du

Finantza-krisiari aurreko egiteko laguntza eskatu du azkenean, eta Europako Batasunak 70.000 milioi eurorekin lagunduko du

2010eko azaroaren 22a
14:21
Entzun
Irlandak laguntza eskatu dio azkenean Europako Batasunari. Aurreko aste osoan laguntzarik gabe bere finantza-krisia bideratuko zuela esan ostean, atzo azkenean amore eman zuen. Europako Batasunak 70.000 milioi euro utziko dizkio defizita bideratzeko. Sei hilabetean Europako Batasunak erreskatatzen duen bigarren herrialdea da. Lehenengoa Grezia izan zen, eta hain zuzen orduko esperientzia horretatik sortutako erreskatetarako laguntza estrainekoz erabiliko dute Irlandarekin.

Irlandako bankuen zorra bere gain hartu ondoren jasan duen defizitaren gorakada bideratzeko eskatu du laguntza Irlandako Gobernuak. Hori jasotzearen truke, ordea, aurrekontuak egonkortu eta muturreko aurrezte politika egin beharko du. Irlandako ministro kontseiluak atzo lau urterako plan hori onartu zuen, eta defizita hiru urtean barne produktu gordinaren %3ra jaisteko 15.000 milioi euroko murrizketak iragarri dituzte. Gaur egun %32koa da defizita, bankuen arazoak konpontzeko 50.000 milioi euro erabili ondoren. Abenduaren 7an jarriko du Irlandako Gobernuak aurrezte plana, eta 2011ko aurrekontuetan jada 6.000 milioi euroko murrizketa jaso du. Horrez gain, zergak igoko ditu, gutxieneko soldata jaitsiko du eta gastu soziala murriztuko du.

Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroak eta Eurotaldeko presidenteak esan du Irlandak laguntza eskatu beste aukeratik ez zuela, eta 15.000 milioi euro horiek aurreztea ezinbestekoa izango dela. Irlandarrek "ahalegin hori" egingo dutelakoan dago. Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroak, berriz, Irlandari babesa eskaintzea zuzena izan dela esan du, eta Greziaren kasuan gertatu ez bezala, aurretik prest egoteak balio handia duela gaineratu.

Erresuma Batuak, beste 8.050 milioi euro

Europaren diru-laguntzarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin laguntzeaz gain, Erresuma Batuak bien arteko beste laguntza batekin ere Irlanda babestuko duela jakinarazi du. BBC telebista kateak jakinarazi duenez 8.050 milioi eurorekin lagunduko du Irlanda, Erresuma Batuko bankuek eta enpresek parte-hartze handia dutelako herrialde horretako merkatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.