Lehen aldiz krisia hasi zenetik irlandar andana kalera atera da gobernuak kontuak orekatzeko hartu dituen neurri gogorrak salatzeko. Dublingo gobernuak, ordea, politika ekonomiko hori zorrozteko asmoa du, eta baliteke gaur bertan akordioa lortzea Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak eman beharreko laguntzari buruz.
ICTU sindikatuen konfederazioaren arabera, 100.000 lagun elkartu ziren atzo eguerdian Dublin erdialdean. Jendetza da hori Irlandaren moduko herrialde batean, manifestatzeko joera ez baita handia. Segurtasun neurri handiekin egin zen protesta, baina baketsua izan zen. Gutxienez lagun bat atxilotu zuten gero parlamentuaren aurrean, poliziei botilak botatzeagatik. Manifestazioa O'Connell hiribideko postaren bulego nagusian amaitu zen. Leku sinbolikoa da hori irlandarrentzat, 1916ko Ostiral Santuan Irlandaren askapena abiatu zuenmatxinada leku horretan bertan gertatu baitzen.
Han bildutakoei gobernuak «pobreei gerra deklaratu» diela adierazi zien Fintan O'Toole idazleak, eta salatu zuen «inork hautatu gabeko jendearekin» tratuetan ari zela, herritarren bizkar. ICTUko presidente JackO'Connorrek, berriz, ohartarazi zuen bankuei emandako milaka milioi horiek «Irlandako gizon eta emakumeen hainbat belaunaldik» pagatu beharko dutela. Herriari lapurreta egiten ari zaiela esan zuen, berriz, sindikatuen konfederazioko idazkari nagusiak, David Beggek. Baina, «Dick Turpinek behintzat maskara bat janzten zuen jendeari lapurreta egiten zionean», gehitu zuen, Ingalaterrako XVIII. mendeko lapurra gogoan zuela.
Azken bi urte eta erdietan defizita murrizteko 14.000 milioi eurotik gorako murrizketak egin ditu Brian Cowen ministroak, funtzionarioen soldatak jaitsita eta pentsioen gaineko tasa berezia ezarrita. 2011-2014 epean beste 15.000 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu zuen asteazkenean Cowenek, horietatik 6.000 datorren urtean. Gobernuaren asmoa da, besteak beste, errenta zerga eta BEZa igotzea, etxebizitzen eta uraren gaineko tasak ezartzea, pentsio publikoak jaistea, 2028. urterako erretiroa hartzeko adina 68 urtera atzeratzea, 24.750 lanpostu publiko kentzea, langabezia saria murriztea eta familiei ematen dizkien laguntzak gutxitzea.
Negoziazioak, bukatzear
Neurri horiekin guztiekin Cowenen gobernuak espero du defizit publikoa BPGaren %32tik %3ra txikitu ahal izango duela 2014rako. Ikusteko dago, ordea, neurriak indarrean jartzeko nahiko sostengurik lortzen ote duen parlamentuan. Izan ere, ostegunean Donegal konterrian aulki bat Sinn Feinen esku galdu ondoren, bi diputatu independenteren botoa ziurtatu behar du Cowenek. Orain arte alde izan ditu bi diputatu horiek, baina azken astean urruntzeko keinuak egin dituzte, gainbeheran dagoen gobernuarekin ez hondoratzeko. Cowenen Fianna Fail alderdian ere matxinada hotsak daude.
Gobernuak dio murrizketa plana ezinbesteko baldintza dela EBren eta NDFren maileguak eskuratzeko. Laguntza horren nondik norakoak lotzeko negoziazioak bizkor doaz, eta gaur bukatuko direla aurreratu du Eamon Ryan Energia ministroak. Ryanek ukatu egin du Irlandak %6,7ko interesa pagatu beharko duela. Gobernuko iturriek Irish Times egunkariari esan diotenez, Dublinek 85.000 milioi euroko mailegua jasoko du, eta bederatzi urte izango ditu itzultzeko. Greziak 110.000 milioi jaso zituen, hiru urtean itzultzekoak, %5,2ko interesarekin.
Irlandako Gobernuak «pobreei gerra deklaratu» diela salatu dute Dublinen
EBren eta NDFren 85.000 milioi euroko salbamendu plana gaur ixtea espero du Cowenen gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu