«Ez da Iruñean izango den kasu bakarra, ezta Euskal Herrian ere». Lan esplotazioaren aurpegirik gordinena salatu zuen atzo eguerdian LABek, Iruñeko San Nikolas kaleko Hotel de Javier hotelaren parean. Bertan, sei urtez, Bulgariatik etorritako emakume migrante bat izan zuten astean zazpi egunez lanean, lanaldi bikoitzarekin, ordu estrarik ordaindu gabe eta aireztatu gabeko biltegi batean lo egitera behartuz.
Aurreko astean epai irmoa atera zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiak eta Juan Carlos Cipres jabeari bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eta 3.000 euroko kalte ordaina ezarri zion. Nieves Cipres DNE Derecha Navarra y Española eskuin muturreko taldeko buruzagiaren anaia da.
Atzo, bere hotelaren aurrean elkartu ziren LABeko hainbat ordezkari, Pepa izeneko langile horrek jasandako lan esplotazioa salatzeko asmoz. Hotelaren behealdean izen bereko taberna dago, eta nahasmena sortu du datu horrek, baina bertako jabeak ohartarazi du ez duela zerikusirik hotelarekin.
Elkarretaratzean, Izaskun Juarez LABeko Iruñerriko arduradunak gaitzetsi zuen probintzia auzitegiaren epaia «irrigarria» dela. Izan ere, haren ustez, 3.000 euroko kalte ordaina zigor arina da, eta, beste hainbat negozio dituenez, Cipresi «merkeago ateratzen zaio langileak esplotatzen jarraitzea hori egiteari uztea baino». LABeko ordezkariak gaitzetsi zuen epaiak ez duela aintzat hartu biktimaren genero eta etorkin izaera.«Jabeak beti pertsona migranteak kontratatzen ditu, eta ez da kasualitatea ia inork ez duela hainbeste denbora irauten. Pepak ia zazpi urte eman zituen lanean bertan, Bulgarian familia bat duelako eta haiei dirua bidaltzeko», azaldu zuen Juarezek.
Langile migrante hori 2008tik 2015era bitartean egon zen hotel horretan beharrean. Berez, astelehenetik ostiralerako kontratua zuen, baina baldintzak ez ziren betetzen, astelehenetik igandera egiten baitzuen lan, egunez zein gauez. «Lanaldi bikoitzarekin zegoen, biltegi ziztrin batean egiten zuen lo eta arroparekin lo egitera behartuta zegoen gauean zetozen bezeroei atea irekitzeko eta harrera egiteko. Ez zuen komunik, ez zuen leihatilarik», azaldu zuen Izaskun Juarezek.
Gainera, produktu kimikoen intoxikazioagatik lan istripua izan zuen, eta ez zuten eraman mutualitatera. Juarezek azaldu zuenez, ez zekien gazteleraz, eta horrek ahalbidetu zion Juan Carlos Cipresi langile hori sei urtez esplotatzea. Enpresa txikia izanik, ez dago ordezkaritza sindikalik, eta haren itzultzaile gisa jarduten zuen berekin batera lan egiten zuen herrikide batek: «Hark aipatzen zion hemen normala zela baldintza horietan lan egitea», salatu zuen.
Egoera aldatu zen, hain zuzen,beste langile migrante batzuek babesa eman eta ahalduntze prozesu bati ekin zionean langileak. «Haien kontakizuna eta laguntza funtsezkoak izan dira esplotatzaile hau agerian uzteko eta Pepa jasaten ari zen bakartzea hausteko». Laguntza horri esker, 2014en, lan istripua izan zuenean, sindikatura jo zuen, eta, ezbeharra aitortua izan ez zitzaiolako,LABek salaketa aurkeztu zuen. Arlo zibiletik jo zuten. Juarezek aipatu zuen langilearen aurkako jazarpena handitu zuela enpresaburuak. «Saiakera ugari egin zituen Pepak lana bere kabuz utz zezan, ezer kobratu gabe».
Lan ikuskaritzaren rola
2016an, beharginen eskubidearen aurkako delitua egotzita, zigor arlotik jo zuen, eta bost urte iraun du auzibideak. Juarezen arabera, botere judizialek eta administratiboek «beste aldera» begiratu dute. LABen arabera, langilearen egoeraren berri bazuen lan ikuskaritzak, eta gutxienez hiru zigor espediente ireki zizkion Cipresi, baina horrek ez zuen langilearen egoera aldatu.
Iruñeko Castillo de Javier hotelak langile bat sei urtez esplotatu zuela salatu du LABek
Nafarroako Probintzia Auzitegiak bederatzi hileko espetxe zigorra eta 3.000 euroko kalte ordaina ezarri dio hotelaren jabeari langileen eskubidearen aurkako delitua egiteagatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu