Nafarroan zortziehun traktore atera dira errepideetara

Iruñerrian ez ezik, Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Irunberrin ere moteldu dute trafikoa. Araban ere ari dira mobilizazioak egiten.

nekazarien protesta iruñerrian
Iruñerri iparraldeko saihesbidea, goizean goiz. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko otsailaren 6a
09:20
Entzun

Whatsapp bidez mobilizatu den nekazari talde batek zortziehun traktore inguru atera ditu kalera, Nafarroako errepide nagusiak mozteko asmoz. Iruñerrian, 150 traktore inguruk trafiko ilara handiak sortu dituzte hiru sarbideetan, 09:00ak bitarte. Hiru tokitan bildu dira: Hegoaldean, Noaingo Talluntxe biribilgunean eta inguruetan; Ipar-ekialdean, Berriozarko Decathlonen eta iparraldeko saihesbidean barrena; eta ipar mendebaldean, Uhartetik Olatz arteko inguruetan, Itaroa merkataritza gunean.

Goiz osoan, Noaingo Talluntxe industrialdean nabaritu da gehien traktoreen presentzia. Joan-etorrian jarraitu dute eguerdira arte, eta zirkulazioa oso motela da bi noranzkoetan. Goizean goiz sortu dira ilara handienak. Trafiko kameren eguerdiko irudien arabera, egoera lasaitu da, nahiz eta traktoreak hor dauden oraindik.

10:00etatik aurrera, egoera baretu egin da Iruñerriko ipar saihesbidean. Goizero, trafiko handia izaten da Berriozarko Decathlonen biribilgune handian, eta goizean goizetik traktore multzo batek ilara handiak eragin ditu, motel-motel joanda. Guardia Zibila trafikoa zuzentzen hasi, eta 09:00etarako egoera arindu egin da. 11:00etarako, traktoreek alde egin dute, eta, orain, ez da ezohiko gorabeherarik inguru horretan.

Hegoaldetik ekialderantz doan beste saihesbidean ere, automobilen joan-etorria baldintzatzen ari dira Uharten, Itaroa inguruko biribilguneetan eta Olatz inguruan. Hor ere trafiko handia egon ohi da egunero. Orain, Sarriguren inguruan ohi bezalakoa da ibilgailuen joan-etorria.

Egoera normaltzen ari bada ere, goizean goizeko eragozpenek hiriko garraio publikoko linea gehienetan eragin dute. Billabesen ohiko ordutegiak hankaz gora geratu dira.

Lizarran eta Tafallan ere bai

Iruñerritik hegoaldera ere traktoreak errepidera atera dira. Tafallako sarbideetan ere trafiko arazoak sortu dituzte: adibidez, hegoaldeko sarbidean, Tafalla eta Erriberri lotzen dituzten errepidean. Dozenaka traktorek trafikoa moteldu dute, eta herriko bi sarbide nagusietan ilarak sorrarazi. Irunberrin ere arazoak egon dira goizean goizetik.

Lizarran ere, herrirako sarbide nagusia moztu dute 30 traktore inguruk. Lizarratik hegoaldera, Bideko autobidearen sarbideak ere trabatzen ari dira. Adibidez, Los Arcosetik autobidera joateko errepidea moztu dute zazpi traktorek.

Erriberan erantzuna handia izan da orain arte. 130 traktorek Cintruenigotik hegoalderako herrietako errepideen ohiko jarduna baldintzatu dute. Herri nagusietan kalera atera dira, eta Tuteratik hegoaldera ere mobilizazio handia izaten ari da. Dena den, Tuteran dago protesta gune nagusia. Goizean goizetik ilara luzeak sortu, eta  eguerdian, La Barrena industrialderantz jo dute traktoreek. 

Lizarraldeko hegoaldean, Goi Erriberan ere, laborarien protestak zeuden iragarrita: Azagran, San Adrianen, Andosillan eta Carcarren.

Jakinarazpenik gabeko mobilizazioa

Espainiako Gobernu ordezkaritzan, hiru mobilizazioren berri emana zuten: Valtierratik Tutera artekoa, Goi Erriberakoa; eta Lizarrakoa eta Los Arcosekoa. Beste abisurik ez zuten eman, eta ez zuten baimenik eskatu. Besteak beste, Iruñerrikoa eta Tafallakoa ez zituzten jakinaraziak. Atzo iluntzean zabaldu zen herritarren artean litekeena zela goizean trafiko ilara handiak egotea Iruñerriko hiru sarbide horietan. Whatsapp bidez hedatu zen informazioa.

Nahiz eta mobilizazioetako batzuk jakinarazi ez, Nafarroako Gobernuak bazekien protestak eragina izango zuela Nafarroako errepideetan. Foruzaingoak 55 patruila eta hiru helikoptero prestatu ditu, eta Guardia Zibilak laurogei patruila inguru. Lehen datuen arabera, zortziehun traktore atera dira Nafarroa osoan: Iruñerrian 150; Tutera eta inguruetan 130; Tafallan, N-121 errepidean, 70; Vianan, 50; Azagra eta Lodosa arteko errepidean, laurogei; Viana eta Mendabia artekoan, beste 30; Allitik Lerin artekoan, beste 30; Los Arcosen zortzi; Villatuertan, A-12 autobidean, 130; eta Zangozaldean, 25.

Iruñerritik hegora mobilizatu badira ere, Goi Erriberan indar handia erakutsi dute, hortaz (Viana, Lodosa, Los Arcos, Villatuerta, Mendabia...).

Whatsapp bidez

Whatsapp bidez mobilizatu dira, EHNE eta UAGN sindikatuen eraginpetik at; sindikatuok protestak antolatzen ari dira, baina gaurko ez dute deialdirik egin. Mobilizatzeko grina galdu izana leporatzen diete gaur protestan ari direnek sindikatuei. Oraingoz, mobilizazioek ez dute eledunik. Orotara, bostehun traktore atera nahi dituzte kalera gaur.

Hamazazpi puntuko agiri bat kaleratu zuten atzo. Haien aldarrikapenetan dago zerga arloan moduluen sistemara itzultzea eta diru sarrerak estimazio baten arabera kalkulatzea; Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuaren baldintzak leuntzea, batez ere ingurumen arlokoak —hala nola lur eremuaren %4 lugorrian uzteko betebeharra edo ongarrien kudeaketa—; burokrazia apaltzea; animalien ongizaterako legea kentzea, eta klima larrialdiaren inguruko 2030erako Agenda indargabetzea.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du laborarien manifestatzeko eskubidea errespetatu behar dela. Alta, Txibitek ez ditu ontzat jo laborarien bi aldarrikapen: errenta zerga ordaintzeko orduan benetako diru sarreretan oinarritu ordez estimazio baten araberako moduluen sistemara itzultzea; eta aurretiaz jakinarazi gabe mobilizazioak egiteagatik jarriko diren isunak kentzea. 

Araban, Jundizen

Araban ere protestan ari dira nekazariak. UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak antolatuta, Jundizko banaketa plataformetan dabiltza gaur, 10:00etatik. Lurraldeko zenbait tokitatik heldu dira traktoreak inguru horretara, eta jada eragin dituzte lehen auto pilaketak Gasteizen. Baliteke datozen orduetan gehiago izatea.

Gaua Jundizko aparkalekuan igarotzeko asmoa dute, eta bihar Eusko Jaurlaritzaren egoitzara joatekoa. Han, 12:30 aldera manifestu bat irakurri, eta jarraian Jundizera itzuliko dira.

UAGArena ez da Arabako nekazariei eragiten dien deialdi bakarra. Nafarroan bezala, Whatsapp bidez mobilizatu den nekazari talde batek ere egin du protestarako deia, nagusiki Arabako Errioxan. Horiek ere mobilizatzen ari dira gaur. Goizeko 05:30ean atera dituzte traktoreak errepidera, eta trafikoa moteldu dute Gasteiz eta Logroño (Espainia) arteko errepidean, besteak beste Guardia, Bastida eta Samaniego parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.