Zerga iruzurrari aurre egiteko estrategiaren barruan, arrisku handiko zergadunen zerrenda osatzea proposatu du Gipuzkoako Ogasun departamenduak. Zerrenda hori irizpide objektiboetan oinarrituta egingo dutela eta soilik ogasun departamenduak erabiltzeko izango dela azaldu zuten atzo Helena Franco Ogasun diputatuak eta Xabier Olano Ogasun zuzendariak. Zerrenda osatzeko irizpideen inguruan ez zuten argibide gehiagorik eman, oraindik zehazteke dituztela arrazoituta.
Aurreratu zuten bakarra da zerrenda horren osaketari buruzko nondik norako guztiak foru arau batean jasoko dituela diputazioak. Proposamena oso aurreratua dute, «ia prest», Francoren hitzetan, baina oraindik Batzar Nagusietan eztabaidatzea falta zaie. Eztabaida horretan finkatuko dituzte zerrenda osatzeko irizpideak; horregatik ez zuten argibide gehiagorik eman. Ez zuten argitu arrisku handikotzat jotzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoei zerrenda horretan sartuko dituztela jakinaraziko dietenik ere.
Foru arau bat tramitatu beharrak neurria indarrean jartzeko epeak luzatu egiten dituen arren, uda aurretik guztia prest izango dutela uste du Francok. Gipuzkoako Ogasun departamenduaren ekinbidea izaki, herrialde hori izango da iruzurrerako arrisku handia duten zergadunen zerrenda osatzen aurrena. Baina Olanok azaldu zuen ekinbidea Zergak Koordinatzeko Organora eramango dutela, Arabako eta Bizkaiko ogasun departamenduek ere gauza bera egiteko aukera izan dezaten.
Kaleko lanaren garrantzia
Berrikuntzarik handiena zerrenda hori sortzea izango den arren, beste hainbat ekinaldi ere jasotzen ditu Gipuzkoako Ogasun departamenduaren zerga iruzurraren kontrako planak —Bildu boterean denetik aurrenekoa—. Hala, zergadun handiei eta enpresa handiei jarraipen zorrotza egiteko helburuarekin, informazioa hobetzeko eta kontrolatzeko mekanismo berriak iragarri zituen Francok.
Horrez gain, azaldu zuen ahalegin berezia egingo dutela profesionalen eta enpresen errentak azaleratzen, gutxienez lan errenten batez bestekoarekin parekatu arte. Iruzur zantzuak daudenean hainbat ikuskatzaile kaleko lana egitera bidaliko dituztela esan zuen, usteak egiaztatzeko edo gezurtatzeko.
Ogasun departamenduaren barruko antolakuntza hobetzeko ahalegina egiteko konpromisoa ere hartu zuen foru diputatuak, diru-bilketa, ikuskatze eta kudeaketa zerbitzuen arteko koordinazioa hobetuta.
Azkenik, diru-bilketa modu eraginkorragoan egiteko mekanismoak martxan jartzeko intentzioa iragarri zuen. Askotan, denbora arazoengatik eta eraginkortasun falta horregatik hainbat errentaren gaineko zergak kobratu gabe geratzen delako Ogasun departamendua. Horrelakoak ekiditeko, badaezpadako neurriak hartzea eta kaleko lanean sakontzea proposatu zuen Francok, establezimenduetan esku-dirua enbargatzeko aukera mahai gainean jarriz.
Ogasun diputatuaren arabera, krisi garaian inoiz baino beharrezkoagoa da herritarrek elkartasunez jokatzea. Horregatik, erakundeen arteko lankidetza babestu eta iruzurgileei estaldurarik eta babesik ez emateko eskatu zien herritarrei, salatzeko alegia.
Iruzur egiteko arrisku handia duten zergadunen zerrenda osatu nahi du Gipuzkoak
Ez dituzte zerrenda osatzeko irizpideak argitu, Batzar Nagusietan eztabaidatu behar dituztelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu