Duela bi urte, iruzurraren aurkako borrokaren bidez 107,4 milioi euro eskuratu baziren Nafarroan, iaz 139,1 izan ziren. Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariaren arabera, guztira zuzenean bildutako kopuru osoaren %5,2 da. "Kontuan hartzeko moduko zifrak dira eta kontzientziazioaren garrantzia nabarmentzekoa da".
Zerga kontrolaren planak iaz emandako emaitzen berri eman dute Aranburu eta Esainek. Hiru dira foru Ogasunak zerga iruzurraren aurkako borrokan bereizten dituen esparruak (kudeaketa, ikuskaritza eta bilketa). Hain justu, kudeaketaren esparruak 94,4 milioi euro bildu zituen. Funtsean, 44.051 likidazio berrikusita lortu zituen, gehienbat BEZ zergaren likidazioak eta Argindar Energiaren balioaren gaineko zergarenak.
Ikuskaritzak, guztira, 944 jarduera egin zituen eta 33,5 milioi bildu zituen. Esainek nabarmendu duenez, atal honek iaz sektore zehatz batzuk gertutik zaindu zituen, hala nola etxebizitzen alokairuak eta horien artean, pisu turistikoak. Bilketaren atalak, berriz, Ogasunarekin zorra dutenek ordaindutakoa biltzen du. Iaz, 59,3 milioi bildu zituen. Esainen arabera, lehen aldiz zorra ordaintzen ez zuten negozioetara jo dute. Enpresa horietara joan diren 11 kasutan, 70.000 eurotik gorako zorra ordaindu dute zordunek.
Kanpaina berria
Iruzur fiskala, Zeuk ere ordaintzen duzu izango da aurtengo kanpainaren leloa. Iruñerriko, Lizarraldeko eta Erriberako kaleetan kartelak jarriko dituzte eta komunikabideetan iragarkiak jarri. "Gizarte moderno batek erantzukizun fiskal irmoa eskatzen duten jarrerak behar ditu. Batetik, iruzur egiten duenari ez laguntzea eta haren jarrerarekin ados ez egotea. Bestetik, jabetu behar gara gutako bakoitzak gure egunerokoan arduraz jokatu behar dugula", azpimarratu du Luis Esainek.
Esainen arabera, oso garrantzitsua da zerbitzu guztien ordainketetan faktura eskatzea, eta hala egiten ez den kasuetan salatzea.