Isunak ez dituztela guztiz saihestu esan die EBk Paris eta Erromari

Iker Aranburu.
2014ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Set ball bat gainditu dute Frantziak eta Italiak. Europako Batzordeak, estatu kide handien pisuaren aurrean men egin, eta azaleko aldaketa batzuk dakartzan aurrekontu proiektuak onartu dizkie Erromari eta Parisi. Baina partida oraindik ez dela bukatu ohartarazi zien atzo Jyrki Katainen Finantza komisarioak. Hilabete barru emango du azken epaia Batzordeak, aurrekontuen «azterketa zorrotza» egiten duenean. Frantziak eta Italiak agindu dute egiturazko defizita hamarren gutxi batzuk gehiago txikituko dutela, baina ez diote heldu arazo nagusiari: Frantziak ez du beteko defizit publikoa %3ra jaisteko konpromisoa, eta Italiak ez du egingo zorra behingoz gutxitzen hasteko urrats esanguratsurik.

Errealitateak erakutsi arren Bruselak trenen talka eragoztea hobetsi duela, gogor plantak egin zituen atzo Katainenek, eta ohartarazi zien oraindik posible dela Bruselak iritziz aldatzea; «Ez dugu izan neurri guztiak ongi aztertzeko astirik». Finantza komisario gisa egindako azken agerraldia izan zen Katainena, etzitik aurrera Europako Batzordeko lehendakariordea izango baita. Kargu horretan ardura nagusi bat jarri diote finlandiar kontserbadoreari: estuki kontrolatzea hurrengo komisarioa, Pierre Moscovici frantziarra. François Hollanderen ministro ohi horri egokituko zaio Frantziaren aurrekontuei buruzko azken txostena egitea eta, batez ere, erabakitzea noiz arteko epea duen Parisek defizita %3ra jaisteko. Bitan atzeratua diote, eta, ziur asko, beste luzapen bat emango diote, ikusita gehiegi estutzeak Frantziako ekonomia atzeraldira bota dezakeela eta Parisek behingoz erreforma sakonak agindu dituela.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroak garaipen gisa aurkeztu du zigorrei izkin egin izana, «oinarrizkoa ukitu gabe». «Jende guztiak espero zuen Frantziaren isuna, umiliazioa, baina ez da halakorik gertatu», esan zuen RTL irratian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.