Italiak bidea erakutsi du

26.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Montiren gobernuak, administrazioari murrizketa nabarmenak ezarritaTrukean, balio erantsiaren gaineko zerga bi puntu igotzeko erabakian atzera egin du

Ivan Santamaria.
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Uda beroa espero da Europako Batasunaren eta finantza merkatuen presioa lepoan iltzatua duten bi herrialdeetan. Behartuta, aurrekontuak orekatzeko murrizketa gehiago iragarri dituzte Italiak eta Espainiak. Lehia desatsegin horretan aurrea hartu du Mario Montiren gobernu teknokratikoak: hiru urtean 26.000 milioi euro aurrezteko plana onartu du. Oroz gaindi, administrazioan murrizketak ezarrita jaitsiko du gastua.

Enplegu publikoari koska handia emango dio gobernuak. Hamar langile publikotik bat etxera bidali nahi du. Murrizketaren parterik handiena erretiro aurreratuen bidez lortzea espero du gobernuak. Armadan ere, soldadu kopurua gutxienez %10 jaitsiko da. Zuzendaritza lanpostuak ere %20 gutxiago izatea erabaki du. Langileei ez ezik, administrazioaren antolakuntzari ere buelta emango dio: asko jota 50 probintzia izango dira — orain baino 60 gutxiago —, eta hamar metropoli-barruti sortuko dira —hamabost aurreikusten zituen 2009. urteko lege batek—. Botiken erosketa merkatzeko neurriak ere hartu dituzte.

Erabaki globalen ondoan, gastua doitzeko aukerak nonahi bilatu dituzte. Esaterako, auto ofizialetarako gastua erdira jaitsiko da, funtzionarioek jateko duten finantzaketa zazpi eurora mugatu da, lanpostu publiko bakoitzak izan beharreko espazio fisikoa txikitu da, eta librantza egunen ordez dirua kobratzea debekatu da.

Neurriak gogoeta prozesu luze baten ondotik hartu direla argudiatu du Montiren kabineteak. Batzorde bat izendatu zuen propio administrazioaren antolakuntza aztertu eta proposamenak egiteko. Era berean, ziurtatu du aintzat hartu direla herritar arruntek posta elektroniko bidez bidali dituzten 135.000 gomendio.Halako erabaki batek eskatzen duen seriotasun itxura ere gorde dute: neurriak ostiral goizaldean erabaki zituzten, gobernua zazpi orduz bilduta egon ondoren.

Administrazioan egindako murrizketei esker, iragarrita zegoen beste neurri bat atzeratu ahalko du Italiak. Urrirako balio erantsiaren gaineko zergaren tasa orokorra bi puntu igotzea aurreikusi zuen gobernuak — %21etik %23ra —, eta, oraingoz, 2013ko uztaila arte ez du egingo. Joan den urteko irailean, %1 igo zuen tasa. Beste igoera batek ekonomiaren hazkundea are gehiago trabatuko zuela ondorioztatu du Montiren kabineteak. Hori bai, Vittorio Grilli Finantza ministrordeak aurreratu zuen beste 6.000 milioi euro aurrezteko bideak bilatu beharko dituztela heldu den urtean igoera ezarri nahi ez badu.

Espero dute BEZaren igoera bertan behera uzteak herritarren ezinegona arintzea. Italiako sindikatu nagusiek ohartarazi zioten Montiren gobernuari langile publikoak kaleratuz gero grebara joko zutela. Dekretuaren zirriborroan agertzen zen beste murrizketa polemiko bat ere bidean geratu da, eta ospitale txiki ugari ez dira itxiko. Murrizketak alde batera utzita, pentsioen erreformak kalte egiten dien 55.000 erretiratuei laguntzeko diru funtsa jarriko da indarrean, 1.200 milioi eurorekin. Era berean, 2.000 milioi bideratuko dira Emilia-Romagna, Lombardia eta Veneto eskualdeetan izandako lurrikararen ondorioei aurre egiteko.

Hitzik ez Espainian

Montik bere plana ezagutarazi eta ordu gutxira bilera egin zuen Madrilen Espainiako Ministro Kontseiluak. Mariano Raxoiren gobernua prestatzen ari den beste murrizketa plan bati buruzko zurrumurru eta albiste ugari plazaratu dira, baina atzoko bileran ez zen erabakirik hartu. Besteak beste, langabezia ordaina kobratzeko eskubidea 24 hilabetetik hamazortzi edo hamabostera jaisteko asmoaren inguruan galdetu zitzaion Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeari, arrakastarik gabe.

Langabezia ordainetik aparte, BEZa igotzea eta funtzionarioak ez diren milaka langile publiko kaleratzea aztertzen ari direla zabaldu da hedabideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.