Italiako Gobernuak debekatu egin du bi hilabetean langileak kaleratzea

Langile batzuk, Milano lantegi batean. MATTEO BAZZI (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 17a
11:55
Entzun

Italiako Lan Ministerioak adierazi duenez, otsailaren 23tik aurrera eta 60 egunez, arrazoi ekonomikoengatik egindako kaleratzeak bertan behera geratuko dira. Hala ere, baimendu egingo dira diziplina arrazoiengatik eginiko kaleratzeak.

Horrez gainera, beste hainbat neurri aurreikusten dira gobernuak onartuko duen dekretuan: lana galdu duten autonomoek 600 euroko hileko bonuak jasoko dituzte, eta ez dute zergarik ordainduko. 12 urte arteko seme-alabak dituzten edo desgaitasun larriak dituzten gurasoek bi asteko guraso baimenak hartu ahal izango dituzte, eta soldataren erdia jasoko dute.

Baimen hori hartzeko, ordea, beste gurasoak lanean egon behar du; ezingo dute halakorik jaso langabetuek edo diru sarrerak bermatzeko beste laguntza publikoren baten onuradunek.

Gobernuak. halaber, 600 euro arteko diru sariak emango ditu haurrak zaintzeko pertsonak kontratatzeko, eta kopuru hori 1.000 eurokoa izango da osasun langileentzat edo polizientzat.

Herritarren errenta deritzona —diru sarrerak bermatzeko errentaren parekoa— jasotzen dutenei ere eragiten die dekretuak. Pertsona horiek laguntza hori jasotzen jarraitu ahal izango dute, eta bi hilabetez lan egiteko berehalako prestasunaren betebeharretik kanpo geratuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.