ITPk lortutako kontratu erraldoiak aeronautika gora doala berretsi du

Rolls Roycek inoiz jaso duen eskaerarik handienean parte izango du Zamudioko ITPk.Hego Euskal Herrian aeronautikaren sektoreak 1.755 milioi euro fakturatu zituen iaz, 2013an baino %2 gehiago

Lander Muñagorri Garmendia- Xabier Martin
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Osasuntsu dago aeronautika Euskal Herrian, eta atzoko egunak baieztapen hori berretsi besterik ez zuen egin. Hegan klusterrak eman zuen albistea lehenbizi prentsa aurrean: 2014an 1.755 milioi euro fakturatu zituzten klusterra osatzen duten Hego Euskal Herriko sektoreko enpresek: aurreko urtearekin alderatuta, %2ko hazkundea. Eta aurreikuspena ere egin zuen Iñaki Lopez Gandasegi presidenteak: urte honetan salmentak %5 haziko direla. Ordu batzuk beranduago, ITPk Lopezen ustea berretsi zuen: Rolls Roycek bere historian jaso duen eskaerarik handienaren parte izango baita Zamudioko lantegia (Bizkaia). Komunikazioan bat egin zuten bi aldeek.

Senerrek (%53) eta Rolls-Roycek (%47) osatzen duten Industria de Turbo Propulsores (ITP) enpresari eskaera zakua bete zaio atzoko albistearekin. 200 motor egingo ditu Rolls-Roycentzat, Emirates konpainiak erosi nahi dituen Airbus A-380 hegazkinetan jartzeko. ITPri dagokion zatiak 1.365 milioi euroko balioa dauka. «Albiste bikaina ITPk Euskal Herrian dituen lantegientzat» Ignacio Mataix enpresako zuzendari nagusiaren hitzetan.

ITP aro berri batera eramango du kontratu horrek, Mataixek atzo esan zuenez: «Mugarria jarriko du gure hazkundean». Zamudioko plantak eta inguruko beste hainbatek Presio Baxuko Turbina egingo dute Rools-Royceren motorretarako. Trend 900 motorrak dira Emirates konpainiak aukeratu dituenak bere hegazkinentzat. Motor arrakastatsua suertatzen ari da, jadanik 70 hegazkinetik gorako zortzi konpainiek haren aldeko apustua egingo dutelako.

ITPk 3.000 langile baino gehiago ditu, eta hamazazpi lantegi Euskal Herrian, Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Indian, Mexikon eta Maltan.

Sektorea, osasuntsu

ITPk lortu duen kontratu hori ulertzeko, sektoreak mundu mailan bizi duen garai gozoa hartu behar da kontuan. Hegazkinen erabilera hazten ari da, eta Asia da une honetan mundu mailan sektoreari tira egiten dion merkatua. Izan ere, kontinente horretan bidaiarien kopurua hazten ari da. Eta goranzko joerak jarraituko du. 2033 urtera arte bidaiarien kopurua bikoiztu egingo da mundu osoan, eta eskaera horri erantzuteko 31.000 eta 34.000 hegazkin artean eraiki beharko dira datozen urteetan. «Aukera hori aprobetxatu beharra daukagu, eta merkatu horretan sakondu», azaldu du Gandasegik.

2014ko datuek erakusten dute pastelaren zati bat hartu dutela euskal aeronautika enpresek. 12.546 pertsonari eman zioten enplegua iaz 145 lantegietan, horietatik 4.278 Hego Euskal Herrian. Bertako enpleguak, gainera, luzera begirakoak eta kalitatezkoak direla esan du Gandasegik, eta nabarmendu du ikerketan eta garapenean ahalegin berezia egiten ari direla ildo horretan jarraitzeko. Fakturazioaren %9,4 ikerketara bideratu zuten iaz, hau da, 165 milioi euro. Ahalegin hori ezinbestekotzat jo dute klusterrean nazioarteko pisuari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.