Merkataritza

Itsaso Gorrira begira daude

Milizia huthien eta AEBen azken oldarraldiaren ondorioz, geroz eta zamaontzi gehiagok utzi diote Sueztik pasatzeari. Euskal enpresek ziurtatuta ikusten dituzte hornidura kateak, baina tentuz erreparatzen diote egoerari.

YEMEN HOUTHIS USA ISRAEL GAZA CONFLICT
AEBek eta Erresuma Batuak hildako sei lagunen hileta, igandean, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Euskal Herriko enpresak «alertan» daude. Azken asteetan hainbat zamaontziri egin diete eraso Yemengo kostaldea kontrolatzen duten milizia huthiek, eta abian da AEB Amerikako Estatu Batuen kontraerasoa. Horrek nola eragingo die itsasbidaiei eta garraiatutako salgaiei? Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren arabera, egoera ez da larria enpresentzat, kezka agerikoa den arren.

Tentuz erreparatzen diote krisiaren bilakaerari, baina hornidura kateak ongi segurtatuak dituzte —COVID garaiko ikasgaia omen—, eta egoera ez da larritzekoa, betiere Tapiaren hitzetan. Krisia luzatzen bada, ordea, agian egon daiteke arazoren bat; esate baterako, mikrotxipen inportazioari lotuta. Eusko Jaurlaritzak klusterrekin eta enpresekin egin du egoeraren analisia.

Ricardo Barkala Bilboko Portuko presidentea antzera mintzatu da Radio Euskadin, eta azaldu du ez duela jaso euskal industriaren alarma deirik. Aitortu du, ordea, hainbat lehengaik denbora gehiago beharko dutela helmugara iristeko, Esperantza Oneko lurmuturretik Afrika inguratzeak hamar egun inguruko atzerapenak sortzen baititu: «Egun horietan ez dira zamaontziak helduko, eta horrek, lehenik eta behin, pleitak garestitzea eragingo du». Hala ere, berandutze horiek azkar konponduko dituztela uste du, nahiz eta posible den «denboralditxo batean kolapsatuta» ibiltzea.

Suez kanala web

Oraingoz, egoerak kalte gehien egin dion sektorea autogintzarena da. Ibilbidea moldatu behar izan duten zamaontzi gehienek produktu manufakturatuak edo ia amaituak garraiatzen dituzte, eta Europako lantegien produkzioa eten behar izan dute, besteak beste, Teslak, Suzukik eta Volvok. Michelin pneumatikogileak kontinentean dituen fabrika gehienak ere geldialdiak izaten ari dira urtarrilean, tartean Gasteizkoa eta Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa).

Hainbat dira Itsaso Gorritik nabigatzeari utzi diotela iragarri dutenak. Clarksons itsaso bidezko garraio enpresak emandako datuek diotenez, geroz eta zamaontzi gehiago ari dira ibilbidea aldatzen: urtarrilaren 13 eta 15 artean, abenduko datuekin alderatuta, %25 murriztu da Adengo golkoan dabilen solteko gaien itsasontzien kopurua. Azken erasoen harira hasi dira beherakada nabaritzen. Hori dela eta, litekeena da hainbat industriak aurre egin behar izatea atzerapenei eta kostu gehigarriei; Ikea altzarigileak, adibidez, iragarri du entregetan atzerapenak izango direla.

Kate ahula

Barkalak agerraldian aipatutako beste gaietako bat logistika katearen ahultasuna da. «Oso hauskorra da. Pandemian ikusi genuen, Ukrainako Gerran ere bai, orain Itsaso Gorrian; baita Suezko kanalean okertu zen zamaontzi hartan ere», oroitarazi du. Itsaso Gorriko azken gertakariek 50 herrialde baino gehiagoren merkataritza bideei eragin diete. Sueztik igarotzen dira munduko merkataritza gaien %12.

Ondorioz, enpresa asko trafiko hori mantendu ala ez hausnartzen ari dira. Konponbideetako bat da lehengaiak horren urrutitik ez jasotzea, logistika katea laburragoa eta malguagoa izan dadin. Hori, printzipioz, garestiagoa da, baina Barkalak ziurtatu du «merkea garesti» izaten dela azkenean. Nazioarteko ibilbide ohikoenetan arazo gehiago izan daitezkeela nabarmendu du, eta, besteak beste, Panamako kanala lehortzen ari dela oroitarazi: «Horren alternatiba da zamaontziek Artikotik nabigatzea».

Bilboko Portuko presidenteak adierazitako kezka hizpide izan dute Davosko Foroan. Xeikh Mohammed bin Abdulrahman Al-Thani Qatarko lehen ministroak, adibidez, esan du Itsaso Gorriko erasoek aldatu egin dutela nazioarteko merkataritza ikusteko duten modua: «Ekialdetik mendebaldera erabat lotuta gaude». Afera konpontzeko «benetako arazoari» aurre egin behar diotela adierazi du, hau da, Gazako gerrari, «beste guztia deskonektatzeko».

AEBetako ordezkariak, Jake Sullivan segurtasun nazionalerako aholkulariak, esan du beharrezkoa dela herrialde multzo zabal batek lehentasunezko gaien zerrendan sartzea Itsaso Gorrikoa. Haren iritziz, horrela erakutsiko lukete huthienak bezalako talde batek ezin duela «funtsean mundu osoa bahitu».

Oldarraldia?

Datozen asteetan oldarraldi bat izateko aukerak eragiten du kezka gehien. Huthiei babesa agertu die Iranek, eta NBE Nazio Batuen Erakundeari ohartarazi dio AEBek eta Erresuma Batuak Yemenen egindako bonbardaketek tentsioa areagotuko dutela eskualdean. «Washingtonen eta Londresen legez kanpoko ekintzak oker estrategiko bat dira», esan du Hosein Amirabdolahian Irango Atzerri ministroak. Gogorarazi du eraso horiek Gazako herritarren aurkako genozidioa amaitzeko helburua dutela, zamaontzi horiek «lurralde okupatuetara» baitoaz. Yemengo goi kargudunek azken egunetan argi utzi dute Palestina defendatzeagatik prest daudela erabateko gerran sartzeko.

AEBek eta Erresuma Batuak ostiralean bonbardatu zuten Yemen lehen aldiz —sei lagun hil zituzten—, eta ordutik areagotu egin da tentsioa. Larunbatean misilak jaurti zizkioten radarren instalazio bati, asteartean huthien lau misil suntsitu zituzten... Lehen erasoaldiaren ostean, huthiek iragarri zuten bi herrialde horietako zamaontziak ere helburu legitimo bilakatu direla eurentzat, eta aurrerantzean ere eraso egingo dietela haiei eta Israelgo zamaontziei, edo Israelgo portuetara doazenei.

Esan eta egin: azken egunetan gutxienez hiru eraso gauzatu dituzte. Huthien misil batek AEBetako zamaontzi bat jo zuen astelehenean, nahiz eta ez zuen eragotzi hark nabigatzen jarraitzea. Beste bi misil uretara erori ziren. Herenegun, berriz, Greziako ontzi bat jo zuten.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.