Itsasoko kutsadura are gehiago murriztea adostu dute Europako Parlamentuak eta Kontseiluak

2050erako itsasontzien isurien murrizketa helburua %75etik %80ra handitu dute. Salbuespenak izango dituzte uharte txikietako eta periferiako uhartediek.

Itsasontz bat, Mahongo portuan (Herrialde Katalanak). DAVID ARQUIMBAU SINTES / EFE
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 23a
12:56
Entzun

Europako erakundeek 2050ean «neutraltasun klimatikoa» lortzeko helburua dute oraindik ere, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak gaur adostu dute itsasontzien emisioak are gehiago murriztea. 2021eko uztailean akordio bat lortu zuten, baina, gaur, duela ia bi urte jarritako helburuak hedatu dituzte. 2050erako itsasontzien emisioak %80 jaisteko helburua ezarri dute gaur —1990eko kutsadura maila oinarri hartuta—, eta 2021ean %75 jaistea adostu zuten. Tarteko helburuak ere jarri dituzte: 2025erako %2ko murrizketa lortu nahi dute, %6koa 2030erako, %14,5ekoa 2035erako, %31koa 2040rako, eta %62koa 2045erako.

Akordioa, baina, oraindik ez da indarrean sartu; izan ere, lehenik eta behin, Europako Kontseiluko Ordezkarien Batzordeak eta Europako Parlamentuaren Turismo eta Garraio Batzordeak onartu behar dute, eta gero, parlamentuak eta Kontseiluak.

5.000 tona baino gehiagoko itsasontziei eragingo diete murrizketek —itsasontzien emisioen %90 produzitzen dituzte—, eta emisioen gutxitze helburuak lortzeko erregai berriztagarriak eta karbono isuri gutxiko erregaiak sustatu nahi dituzte. Salbuespenak ere izango dira, uharte txikientzat eta periferiako uhartedientzat. Europako Batasuneko portuen artean mugitzen diren itsasontziei %100 eragingo diete murrizketek, eta, irteera edo iritsiera Europar Batasunetik kanpo dagoen herrialde batean bada, erabilitako energiaren erdiari aplikatuko zaizkio murrizketak.

2034rako jada jarri dute erregai berriztagarrien erabilera helburua: %2. Bestalde, 2025 eta 2034 artean iturri ez-biologikoa duten erregai berriztagarriak erabiltzen dituztenei diru laguntzak emango dizkiete.

Portuetako kutsadura ere murriztu nahi dute, eta 2030etik aurrera portuetan geldirik dauden itsasontziek —edukiontzi eta gizakien garraiorako itsasontziak— lurrarekin konektatuta lortu beharko dute energia, eta ez erregaiak errez. Salbuespenak egongo dira: portuan bi ordu baino gutxiago eman behar dituzten ontziak, zero emisioko teknologia propioa duten itsasontziak eta ezohiko arrazoiengatik portu batean geratu behar izan diren ontziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.