Itsasontzien karga adimendunerako lehen urratsa egin du AZTIk

Ontzi elektrikoen kargarako estazio prototipo bat jarri dute Pasaiako portuan. Energiaren fluxua modu adimendun batean kudeatuko du

AZTIren Kaindar karga elektriko adimendunerako prototipoa, Pasaiako portuan. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
Pasaia
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Karbono isuriak murrizteko ibilgailuen elektrifikazio prozesua autoetatik harago doa. Autoak, autobusak eta kamioiak aldatzen ari dira, baina baita itsasontziak ere. Pasaiako portuko Ortze ontzia da azken urteetan elektrifikatu dituzten ontzietako bat, eta hori kargatzeko estazioa eraldatu du AZTI zientzia eta teknologia zentroak, Kaindar izeneko prototipoarekin.

Atzoko egin zuten aurkezpena, eta bertan Gorka Gabiña AZTIko Arrantza Iraunkorreko Teknologien arduradunak adierazi zuen portuen deskarbonizazioaren bidean ezinbestekoa dela itsasontzien elektrifikazioa, baina konponbide bat behar zuten: karga puntua. Lehen ere bazuten bat, baina aldatu egin dute. Sare adimendun bat sortu dute, eta unea uneko beharren arabera modu batean edo bestean funtzionatuko du.

Prototipo bat da Kaindar, urtebete egongo da funtzionamenduan. Elkor enpresa arduratu da konexio elektrikoak egiteaz eta elementu guztiak integratzeaz. Elkorreko Gerardo Brosak adierazi zuenez, sistema berriaren bidez, kontsumitu baino energia gehiago produzitu dutela, eta 75,15 kilowatt sareratu dituztela.

Kargarako puntu berriak Kaindar izena du. Bigarren bizialdiko bateriak ditu, baita eguzki panelak ere. Pasaiako portuan dagoen AZTIren egoitzaren eta ontzi elektrikoen arteko puntua da Kaindar, eta bi zentzutako konexioak ditu biekin. Hala, ontziak kargatzeaz gain, beharren arabera ontziek ere argindarra bidali ahalko diote Kaindarri. Brosaren arabera, AZTIren ondoan dagoen puntua kargagailu bat zen lehen, etasmart grid (sare adimendun) bat izango da orain.

Hiru puntu nagusi daude: AZTIren planta, Kaindar postua eta ontzi elektrifikatuak —kasu honetan Ortze—. Elkar konektatuta daude, eta denek dituzte energia berriztagarria produzitzeko sistemak.

Ortzek aerosorgailu txiki bat eta eguzki panelak ditu, orduko 200 kilowatt-eko ahalmenarekin; Kaindarrek ere bi eguzki panel txiki ditu, 20 kilowatt-orduko ekoizpen ahalmenarekin, eta AZTIren sabaia ere plaka fotovoltaikoz estalita dago.

Bateriak biltegirako

Ortze Kaindarrera konektatzen denean, motorrak itzal ditzake kargatzen dagoen bitartean, energia ekoizteko sistemak izateaz gain, bateria propioak ere bai baititu. Baina ontzia konektatu aurretik eguzki dezente egin badu, Kaindarren panelek energia produzituko dute eta baterietan bilduko da, ontzi bat entxufatzen den arte.

Mikel Arrieta Blas de Lezo hezkuntza zentroko irakaslearen arabera, Kaindarren berritasun nagusia, eta garrantzitsuena, energiaren fluxua monitorizatzea da. Hau da, jakitea momentu bakoitzean zer energia ari den kontsumitzen eta nondik datorren.

Ontziak kargatzeko ahalmenaz gain, AZTIko eta Pasaiako Portuko auto elektrikoak kargatuahal izateko puntua ere badu Kaindarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.