Andreas Bjelland. Novergiako Energia eta Petrolio idazkaria

«Itsaspeko mineralak ustiatu behar dira energia berdea hauspotzeko»

Norvegiako Gobernua Svalbard uhartediko ozeano eremu bat ikertzen hasi da, itsas hondoko mineralen ustiaketa egingarria den aztertzeko

ENERGIA ETA PETROLIO MINISTERIOA.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Norvegiako Energia eta Petrolio Ministerioko idazkari Andreas Bjellanderen arabera (Stavanger, 1993), energia berdea hauspotzeko, itsas hondoko mineralak ustiatu «behar» dira. Parlamentuan bozkatuko dute gobernuaren proposamena, udazkenean.

Itsas hondoko mineralak ustiatzea aztertzen ari da Norvegiako Gobernua. Oso aurreratua dago prozesua?

Tira, etorkizunean itsas hondoko meatzaritza errealitate bada, beharrezkoa da erabakitzea zein den jarduera horretarako eremurik aproposena. Horretan ari gara. Baina horrek ez du esan nahi erabakia hartuta dagoenik, edo egun batetik bestera mineral horiek ustiatzeko baimenak emango direnik. Oraindik informazio gehiago lortu eta pilatu behar dugu hurrengo urratsa egin baino lehen.

Zein da mineral horiek ustiatzearen helburu nagusia?

Energia berderako trantsizioa egiteko, ezinbestekoak dira itsas hondoko mineralak: auto elektrikoen bateriak fabrikatzeko edo haize errotak egiteko, kasurako. 2030erako berotegi efektuko gasen isuriak %55 murriztu nahi baditugu, aldaketa horri ekin behar diogu. Halere, gainontzeko %45a murrizteko lanean jarraitu beharko dugu datozen urteetan.

Norvegiak ba al du industria hau hauspotzeko indarra?

Bai. Adibidez, kobre asko dago eremu horretan [Svalbard], baita nikela eta kobaltoa ere. Goizegi daaho batez ziurtatzeko, hain zuzen, itsas hondoko mineralak ustiatzeko baimenak emango ditugula, baina baditugu nahikoa baliabide industria hori aurrera eramateko. Eta baliabide horiek aztertzen ari gara orain. Zenbait gauza hartu behar dira kontuan halere. Adibidez, denbora asko beharko dugu landako meatzaritzan erabiltzen dituzten makinak eta baliabideak itsasora moldatzeko.

Gobernuaz gain, herrialdeko beste entitateek ere hartzen dute parte prozesuan?

Gure helburua da itsas hondoko mineralak kudeatzeko modu iraunkor baina errentagarri bat aurkitzea. Eta, horretarako, Norvegiako Gobernua harremanetan dago industria konpainiekin eta zientzia komunitatearekin. Ministerioaren lanari dagokionez, jendaurreko hitzaldiak egiten ditugu, eta edozein herritar joan daiteke horietara. Halako jarduerak oso garrantzitsuak dira politika egiteko orduan.

Eta zer diote herritarrek?

Denetariko iritziak daude. Baina zintzoak izan behar dugu, eta, egia esan, herritar asko daude kezkatuta, uste baitute jarduerak eragin bortitzak izan ditzakeela ingurumenean. Halere, beste batzuk ados daude industria hau sustatzearekin; izan ere, energia berderako trantsizioa egiten ari gara.

Kezka horien inguruan, baduzue erantzunik?

Horretan ari gara. Esan bezala, itsas hondoa aztertzen ari gara.Badakigu, adibidez, ikertzaileen azterketa horiek seguruak direla, eta ez dutela ia kalterik eragiten itsas hondoan. Baina mineralen ustiaketari dagokionez… tira, irekitzeko dagoen kaxa beltz bat da oraindik. Halere, guretzat ez da aukera bat etekinen mesedetan ingurumena sakrifikatzea.

Arrisku posibleak aipatu dituzu, baina onurak ere izan ditzake, ala?

Bai, noski. Etekin handiak izan ditzake industria horrek. Lanpostuak sortuko ditu. Gainera, aldaketa berdea egiteko behar ditugun mineralen eskari handiari erantzuteko balio dezake. Ez soilik Norvegian, baita Europako merkatuan ere.

Udazkeneko bozketari begira, zer espero duzu?

Eztabaida zabala, eraikitzailea eta korapilatsua izango da. Sektore eta industria korapilatsua delako, hain justu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.