Akordio batekin, baina zatiturik. Horrela ekin diote Europako Batasuneko agintariek Bruselako goi bileraren bigarren egunari. Alde batetik daude euroaren eremuko 17 estatuak gehi Polonia, Lituania, Letonia, Danimarka, Bulgaria eta Erreumania. Hitzartu dutenez, aurrerantzean arau berriak indarrean jarriko dituzte defizit eta zor publikoa mugatzeko, eta isun automatikoak ezarriko dizkiete arau horiek hausten dutenei. Prozedurei buruzko xehetasunak lotu behar dituzte gaur. Gainera, diru premia duten estatukideei laguntzeko funtsak indartuko dituzte. Ituna martxorako sinatu nahi dute.
Erresuma Batua akordio horretatik kanpo geratu da, batasun fiskala indartzeak halabeharrez ekarriko duelako finantza erakundeen gaineko araudia ere sendotzea. David Cameron lehen ministroak nahiago izan du eskuak libre utzi Londresko City finantzaguneari. Suediak, Txekiar Errepublikak eta Hungariak euren legebiltzarretan edo gobernu koalizioa osatzen duten alderdiekin kontsulta egin behar dutela argudiatu dute akordioa ez sinatzeko.
Giro gaiztotuarekin hasi dute gaurko bilera, lehen egunaren balorazioetan hitz gogorrak izan dira. Batetik, Cameronek bere poza adierazi du Erresuma Batua euroan ez dagoelako eta are gehiago, "ez da inoiz egongo" gaineratu du. Sarkozyk ez du bere haserrea ezkutatu "adiskide britainiar" deitu dituenekin, baina argi utzi du ez duela Londresen betorik onartuko Europako Batasunaren integrazioan aurrera egiteko. Finantza erakundeen gaineko araudia gogortzea ezinbestekotzat jo du, Europak dituen arazoen "zati bat behintzat sektore horretatik datorrelako".