Europako Neurritasun Batua dei daiteke Merkelek eta Sarkozyk nahi duten Europako Batasun berria. Neurritasuna arau bihurtu nahi dute eta herrialdeak kate motzean lotu nahi dituzte, daukaten dirua baino gehiago ez gastatzeko. Merkelek argi eta garbi esan zuen, atzo: munduari erakutsi nahi diote Europako Batasunaz fida daitezkeela. Nola? Zorra ez pilatzeko gehienezko defizita legez mugatuta eta muga gainditzen duena zigortuta.
Europako Batasun berriaren oinarriak hitzartu eta aurkeztu zituzten atzo Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Parisen. Europako Batasunarenak edo, hasieran, eurogunearenak. Proposamen horiek eztabaidatuko eta, ziurrenik, onartuko dituzte osteguneko eta ostiraleko goi bileran, Bruselan.
Bi agintariek ez zuten epe motzeko irtenbiderik eskaini zorraren krisiari aurre egiteko. Eurobonuak baztertu zituzten eta ez zuten Europako Banku Zentralari (EBZ) buruz hitz egin. Hala ere, burtsek eta zorraren merkatuek igoerekin eta arrisku sarien jaitsierekin hartu zituzten Merkelek eta Sarkozyk proposatutakoak.
Agerraldian Alemaniaren eta Frantziaren banderek ia erabat estali zuten Europako Batasunekoa. Anekdota? Bai, baina errealitatearen isla. Merkel eta Sarkozy dira Europako Batasunaren gidariak. Sarkozyk esan zuen: «Gure arteko harremana hausteak euroa haustea ekar dezake».
1. Itunak aldatzea
Diziplina fiskala ezartzeko Europako Itun berria nahi dute. Merkelek diziplina fiskala nahi du, «premiazkoa baita eurogunearen konfiantza eta fidagarritasuna berreskuratzeko». Berez, nahiago dute ituna Europako Batasuneko 27 herrialdeek aldatzea, baina aldatuko ez balute, prest daude euroguneko hamazazpi herrialdeekin bakarrik aurrera egiteko. Horrela, prozesua azkarragoa izango da. Gainerako herrialdeek gero bat egiteko aukera izango lukete.Ituna prozedura azkarra erabiliz aldatu nahi dute, martxorako.
2. Mugak konstituzioetan
Euroguneko herrialdeen konstituzioek aurrekontu orekatuak izatera derrigortzea nahi dute, urrezko araua deitua. Horrela, herrialdeek ezingo dituzte legez ezarritako defizit eta zor publikoak gainditu.Herrialde batzuek jada onartu dute, Alemaniak eta Espainiak esaterako.
3. Zigor automatikoak
Barne produktu gordinaren (BPG) %3ko defizit publikoaren muga gainditzen duten herrialdeei zigor automatikoak ezarriko dizkiete. Zenbatekoak? Nolakoak? Ez dute zehaztu. Zigorra bertan behera uzteko herrialdeen gehiengo kualifikatua beharko da.
Merkelek Europako Justizia Auzitegiaren esku utzi nahi zituen zigorrak. Azkenean, atzera egin behar izan du. Orain, Europako Justizia Auzitegiak bakarrik kontrolatuko du ea herrialdeek konstituzioetan onartzen dituzten mugak Europako itun berriaren bat datozen.
4. Hartzekodun pribatuek galerarik ez
Euroguneko herrialderen batek porrot egin eta zorra ordaintzerik izango ez balu, hartzekodun pribatuak ez dituzte behartuko galeren zati bat beren gain hartzera. Greziaren kasuan bai, baina Grezia salbuespena dela esan zuen atzo Sarkozyk: «Grezian gertatu zena ez da berriro gertatuko». Greziaz geroztik, Irlandak eta Portugalek jaso behar izan dute laguntza, eta Italia eta Espainia laguntza eskatzear egon dira.
Alemania izan da orain arte hartzekodun pribatuen parte-hartzea gehien eskatu duen herrialdea, faktura herritarrek bakarrik ez ordaintzeko. Orain, inbertsiogileak erakarri nahi ditu. Edo inbertsiogileek balizko galerengatik herrialdeen zorra gehiago garestitzea saihestu. Europa inbertitzeko leku segurua dela erakutsi behar dutela aipatu zuen Merkelek.
5. ESM, 2012an
Merkelek eta Sarkozyk aurreikusi baino urtebete lehenago jarri nahi dute indarrean Europako Egonkortasun Tresna (ESM): 2013ko uztailean beharrean, datorren urteko uztailean. ESM funts iraunkorra izango da, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren (EFSF) ordezkoa. ESMn erabakiak ez dituzte aho batez hartu beharko, nahikoa izango da %85en babesa.
6. Hazkundeaz,hilean behin
Europako presidenteak eta agintariak arduratuko dira gobernu ekonomikoari buruzko erabakiak hartzeaz. Krisi garaian hilean behin bilduko dira.
Zigorrei, diziplinari, konpromisoei... buruz hitz egin zuten Merkelek eta Sarkozyk; ez, ordea, hazkundeari buruz. Haien esanetan, Europako agintarien hileroko bilera guztietan hitz egingo dute hazkunde lortzeko moduez.
7. Eurobonurik ez
«Eurobonuak ez dira krisiaren irtenbidea», esan zuen, badaezpada, Sarkozyk. Bere egin zuen Merkelen iritzia.
8. EBZ, bere kontura
Alemaniako eta Frantziako agintariek EBZ aipatu zuten, baina erakundea independentea dela esateko. Ez zuten beste komentariorik egin EBZren balizko erabakiez edo funtzioez. EBZk herrialdeen zorra erostea edo herrialdeei maileguak ematea, esaterako.Mario Draghi EBZko presidenteak iragan astean iradoki zuen hori egiteko aurrena herrialdeek batasun eta diziplina fiskala hitzartu behar dituztela. EBZk etzi egingo du bilera, eta neurriren bat iragartzea espero da. Baita, agian, interes tasak jaistea ere.
Zorraren krisia. Europaren erantzuna
Itun berria: kate motza
Merkelek eta Sarkozyk austeritatea arau bihurtuta eta defizita zigortuta birsortu nahi dute Europako BatasunaEuropako Ituna aldatu nahi dute, EBko 27 herrialdeetan ezin bada, euroguneko 17etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu