Bi hilabete pasatxoko greba; kontzentrazioak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzen aurrean; kanpaldia BBVArenean —hartzekodun nagusia da—; manifestazioa Azpeitian; bestelako protestak; eta orain itxialdia enpresan. Azpeitiko Corrugados enpresako langileek mobilizazioetan jarraitzen dute, enplegua erregulatzeko dosierraren kontra eta enpresa negoziatzera behartzeko.
Ehun langiletik gora sartu ziren atzo goizean enpresara, bertan geratzeko asmoz. Noiz arte? Gaua behintzat han pasatzeko asmoa zuten. Enpresaren jabeari, Alfonso Gallardo taldeko ordezkari bati, deitu zioten. Baita lantegiko gerenteari eta giza baliabideetako arduradunari ere. Giza baliabideetako arduradunak erantzun zien gaur joango zela enpresara, langileekin hitz egitera.
Azpeitiko Corrugados enpresako langileek ekainaren 15ean hasi zuten greba. Hasierako asmoa astebeteko greba egitea zen, baina ezer ez zela aldatu ikusita, greba mugagabeari ekin zioten.
Enpresak enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. 60 langile kaleratu nahi ditu eta gainerakoei soldata %35 jaitsi, eta urteko lanorduak 49 gehiago izatea. Euri zaharraren gainean ari du Azpeitiko Corrugadosen: 2010ean eta 2011n langileek 176 egun geratu behar izan zuten etxean, eta aurtengo otsailean ehun langile kaleratu zituen.
Elkarrekin biltzea eta dosierraren baldintzak negoziatzea eskatzen diote enpresari. Hitz egiteko eta negoziatzeko prest daude. «Hasiera-hasieratik egon gara», zehaztu du Esteban Kanposek, «betiere kaleratze traumatikorik egiten ez badute eta dosierraren baldintzei eusten ez badiete». Langile batzordeko LABeko ordezkarietako bat da Kanpos. Gogoratu du aurreko kaleratzeetan traumatikoak ez ziren neurri erabili zirela: borondatezko kaleratzeak, erretiro aurreratuak...
Bestela, langileek greban eta enpresak itxita jarraituko du. Kanposek susmoa du Alfonso Gallardok enpresa hiltzen utzi nahi duela. «Hala bada, esan dezatela», dio.
Gainera, langileei esan dieteoraingo 60 kaleratzeez gain langile gehiago kaleratu beharko dituztela abenduan.
Kanposek salatu du enpresa «erraztasun guztiak» eskaintzen ari zaizkiela «langile estrategikoei» enpresa uzteko: komertzialak, ingeniariak... Horietako hainbatek enpresatik alde egin dute jada.
Langileek «bideragarritasun plan sinesgarri bat» eskatzen dute. Bideragarritasun plana egon badago, baina ez betetzea leporatu diote enpresari.
Alfonso Gallardo taldeak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu zuten, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Erakundeek bost milioi euroko partaidetza mailegu bat eman zioten —4,5 Jaurlaritzak, 0,5 foru aldundiak—, bideragarritasun plan bat betetzearen truke. Besteak beste, 2016 arte langile kopuruari eusteagatik: 305 langile, otsaileko kaleratzeak egin eta gero. Hala adierazi zuten publikoki Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Langileek, baina, geroago jakin dute konpromisoa 245 langileri eustekoa dela, hau da, 305 langile horiei azkeneko dosierreko 60 kaleratuak kenduta.
Administrazioaren ardura
Langileek laster Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin biltzea espero dute, egoera eta erantzukizunak argitzeko.
Lan Ordezkaritzak dosierraren kontrako proposamena egin du, baina lan erreformarekin enpresak ez du Administrazioaren baimenik behar dosierra onartzeko.
Jose Luis Otamendi idazleak Azpeitiko Corrugadoseko langileen grebari eta mobilizazioei buruzko iritzi artikulu bat idatzi zuen Uztarria.com webgunean. Otamendik zioen greba horrek egungo garaia eta Urola eskualdea luzerako marka dezaketela: «Langile jendeak borroka hau galtzeak edo irabazteak ez digu soilik enpresa baten etorkizuna eta langile mordo batena dantzan jarriko, baizik eta hurrena iritsiko diren borroka askoren bidea nondik joan daitekeen ere erakutsiko du, oker handirik gabe». Kanpos bat dator Otamendirekin.
Itxialdia Corrugadosen, negoziatzera behartzeko
Azpeitiko Corrugados enpresako langileek bi hilabete baino gehiago daramatzate greban, eta orain itxialdia hasi duteOrain arte ez dute lortu enpresarekin 60 langile kaleratzeko dosierra negoziatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu