Laneko gaixotasunik zaharrena da silikosia. XIX. mendean atzeman zuten lehenengoz, eta, orduz geroztik, meatzaritzari lotutako gaitz gisa ezagutu da. Mende eta erdi inguruko epean, Euskal Herrian milaka langilek galdu dute bizia gaixotasunaren ondorioz, eta, meatzaritzaren jarduera amaitzearekin batera silikosia desagertuko zela uste izan bazen ere, aurkakoa gertatu da. Teknologia gero eta garatuago badago ere, oraindik ez da inondik ere desagertu gaitz profesional zaharrena. Are gehiago, urtetik urtera kasu gehiago azaltzen ari dira. 2008an, Hego Euskal Herrian bi kasu erregistratu zituen Espainiako Silikosi Institutu Nazionalak (INS), eta joan den urtean berriz, hamabi.
Gero eta kaltetu gehiago dago, eta gero eta gazteagoak, gainera. «Duela gutxi arte, gaixotasunaerretiroa hartzera zihoazen langileei atzematen zitzaien», dio Fernando Idoiagak. Berari, 43 urterekin atzeman diote, eta gaitz bera duen Iñaki Faulini, berriz, 45ekin. Biek marmol lantegi berean egiten zuten lan, euren sektorean silikosi kasu gehiago sortzen ari zirela ikusi, eta probak egin zituzten arte. 2011n Bizkaian azaleratu ziren zortzi kasuetatik sei euren enpresatik atera ziren.
Datu hori ikusita, gaixotasuna ezkutatzen ari dela salatu nahi izan dute Silikosia elkarte sortu berrikoek. Izan ere, «Bizkaian marmol lantegi asko daude; beraz, kasu gehiago egon behar dute». Espainiako hainbat erkidegotan INSk atzeman dituen datuak ere deigarriak dira, elkarteko kideentzat, gaitzaren ezkutatzea arrazoitzeko: Katalunian eta Aragoien ez zuten kasurik erregistratu iaz, Madrilen bakarra, eta Andaluzian bi. «Datu horiek ez dira errealak», dio Idoiagak. «Kasu askotan enpresako buruek, edo mutuetako ordezkariek silikosi kasu posibleak ezkutatu egin dituzte», salatu du Faulinek.
Egoera horri aurre egiteko, eta «silikosiaren arazoa zein den jakinarazteko», Silikosia elkartea sortu dute, besteak beste, Faulinek eta Idoiagak. Izan ere, silikosia berriz indartzen ari bada, «desinformazio ugari dagoelako da».
Nola sortzen da gaitza?
Silikosia silize kristalinoa arnasteagatik sortzen den gaitza da. Hautsa biriketara iristen da, eta noduluak sortzen ditu organoan, inguru hori orbainduz. Silizearen ondorioz, orbain horretatik behera dagoen zatia, hil egiten da. Beraz, birikaren lan gaitasuna apurka galduz joaten da. Hori dela eta, gaixotasunak ez dauka atzera bueltarik, eta heriotza eragin lezake. Gaitza sendatzeko sendagairik ere ez dago, gainera. «Silizea biriketara sartzen bada, ez da berriz ateratzen, txertatuta geratzen da», dio Faulinek. Silikosiak, gainera, beste gaixotasun batzuk sorrarazten ditu. Hala nola tuberkulosia, minbizia, neumonia,eta abar.
Oro har, silize kristalinoa daukaten materialekin 10 eta 20 urte artean lan egitearen ondorioz agertzen da gaitza. Kasu askotan, lana utzi ondoren ere agertzen da gaitza. Hori dela eta, silikosia erretiratzear zeuden langileengan agertzen zen batez ere. Baina egungo egoerak lege orokorra hankaz gora jarri du.
Zergatik ari da silikosia azkarrago agertzen?
Sektore jakin bateko langileak ohi baino silize kantitate handiagoarekin ari direlako lanean. Marmol edo harrietan, %15 silize kristalinoa da, eta gaur egun sukaldeetako gainazalak egiteko erabiltzen den kuartzozko aglomeratuak, berriz, %95ean dauka material hori. Beraz, marmol lantegietako beharginek —enpresa horietan manipulatzen da aglomeratu hori— ohi baino silize gehiago arnasten dute. Horren ondorioz, gaitza inoiz baino goizago agertzen ari zaie sektore horretan: «Gure enpresan atzeman diren kasuetan 30 edo 37 urteko langileak daude», dio Idoiagak.
Kuartzozko aglomeratuak silize kristalino kantitate handia izan arren, langileek ez zeukaten informazio horren berri. «1990eko hamarkadan material hori merkaturatu zenean, ez zuen inongo informaziorik ekartzen», salatudu Idoiagak. Gaur egun, ordea, kuartzozko aglomeratu plaka bakoitzak eranskailu bat dakar, silize kantitate handia daukala ohartarazteko eta hartu beharreko neurriak agerian uzteko.
Beraz, ezjakintasun horren haritik, babes neurririk gabe moztu izan da aglomeratua urte luzeetan. «Enpresako egoitzan bertan, harria urarekin mozten dugu, hauts gutxiago sortzeko; baina,hala ere, hauts asko sortzen zen», oroitzen du Idoiagak. Azken urtean, Osalanek hainbat neurketa egin ditu euren enpresan, eta hango airearen egoera «onartezina» zela zioten. Baina aglomeratua etxeetako sukaldeetan muntatu behar denean, egoera okerragoa da, lehorrean mozten baita, eta hauts gehiago harrotzen da. «Pentsa zenbat silize hauts arnastu dudan nik orduan, 24 urteko ibilbide profesionalean».
Azken boladan azaldu diren silikosi kasu berriak direla eta, enpresak neurri zorrotzagoak hartzen ari dira, «nahiz eta oso pixkanaka izan», Faulinen esanetan. Duela gutxi arte paperezko maskarak erabiltzen zituzten, langileek hautsa ez irensteko, «baina ez zuen ezertarako balio». 2010. urtean Bermeoko marmol lantegi batean Bizkaiko lehen kasuak argitara eman zirenean, orduan hasi ziren Idoiaga eta Faulinen enpresan paperezkoak ez ziren maskarak erabiltzen. «Neurria beranduegi iritsi da guretzat», diote.
Zein sektoretan ager daiteke silikosia?
Silize kristalinoa, naturan topatu daitekeen kuartzorik ohikoena da. Lurreko gainazalaren %12an topatu daiteke silizea, beraz, oso ohikoa da materiala esparru ezberdinetan topatzea. Lur azpiko meatzaritzan izan dira historian kasurik gehienak, silize hautsa han pilatzen zelako. Hala ere, beste hainbat sektoretan ere arnastu daiteke silize kristalinoa, behar adinako neurriak ez badira hartzen, bederen. Harrobietan, altzairu industrian, beiragintzan, porlan enpresetan, mineralak lantzeko lantegietan, eta abarretan. Sektore horietan arnastu daitekeen silize kantitateak, ordea, ez du zerikusirik marmol lantegietan dagoenarekin. «Aukera handiagoa daukagu guk gaixotzeko», dio Idoiagak.
Arazoari zein irtenbide eman dakioke?
Silikosiaren gaitza ager daitekeen sektore guztietan behar adina neurri hartzea, hori da har daitekeen neurri eraginkorrena, «informazioa ematea». Hala ere, kuartzozko aglomeratuak merkaturatu eta informaziorik ez eman izaren ondorioz erantzuleak daudela salatu dute Silikosia elkarteko kideek: «Ekoizleak, komertzialak, materialak erabiltzen dituzten enpresako buruak, eta baita Espainiako Industria Ministerioa ere, kuartzozko aglomeratuak eta antzeko materialak merkaturatzen uzteagatik». Horregatik, informazioa emateaz gain, silize kristalino kantitate horren handiak dituzten materialak galaraztea eskatzen dute. Edo bestela, kantitate hori mugatu, «produktu artifizialak diren heinean». Baina ikerketarako gero eta diru gutxiago dago...
Lan gaixotasuna. Silikosia
Itzali ordez, indartu
Teknologia inoiz baino garatuago dagoen honetan, oraindik ez da inondik ere desagertu lan gaixotasun zaharrena. Urtetik urtera silikosi gehiago agertzen ari dira Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu