Itziar Agirre Berriotxoa (Urretxu, Gipuzkoa, 1975) izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak jakinarazi duenez. Jokin Perona aurreko Ogasun diputatua abuztuaren 6an hil zen, istripu larri baten ondorioz, eta gertaera lazgarri horren ondoren iritsi da Agirreren izendapena. Izendatze hori bihar sartuko da indarrean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.
Mendozak azpimarratu duenez, Agirrek aukera emango dio aldundiari zergen eta finantzen arloan «irmotasun osoz» lanean jarraitzeko. «Fitxaketa ezin hobea da, ahalik eta talderik onena osatzen duena», esan du ahaldun nagusiak. Itziar Agirre Zuzenbideko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, zuzenbide juridiko-ekonomikoan espezializatua, eta Euskadiko Zuzenbide Autonomikoan espezializazio diploma ere badu. Horrez gain, UNEDeko Giza Baliabideen Zuzendaritzan unibertsitateko aditu titulua du, eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren eta Mondragon Unibertsitatearen MBA Executive masterra egina. Badaki euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.
Ibilbide luzea erakundeetan
2017tik 2024ko uztailera bitartean Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasuneko sailburuorde gisa aritu da, eta 2013 eta 2017 artean Ogasun eta Finantza Saileko Zerga Administrazioko zuzendari izan zen. Halaber, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan zen 2007 eta 2013 artean, eta Urretxuko Udaleko zinegotzi ere bai, 2003an hasita.
Orain, berriz, Gipuzkoako Foru Ogasuneko burua izango da, eta martxan den zerga erreformaren prozesua kudeatzea egokituko zaio.
Eider Mendozak Perona eta haren familia gogoratu ditu, Agirreren izendapena ezagutarazi duen egunean, eta eskerrak eman ditu azken asteotan jasotako mezu eta keinu guztiengatik, «hain une zailetan Jokin hainbeste estimatu eta maitatu dugun pertsona guztiontzat lagungarri izan baitira». Abuztuaren 8an, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza zabala izan zen Peronaren beilategian, senideak laguntzen.