IZEN PROPIOAK. IZEN PROPIOAK

JEAN CLAUDE TRICHET

2004ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Finantza munduan ikusmina zegoen atzo Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak esan beharrekoari buruz. Oraingoan, esan zuena baino «diruaren oraingo mugimenduak ez dira ongietorriak», aipatu zuen, berriro ere, garrantzitsuagoa da esan ez zuena: EBZk esku hartuko ote duen euroaren sendotzea eragozteko. Gaiaz galdetuta, ohi duen zeharkako estiloan erantzun zuen: «esku-hartzea tresna bat da». 1998ko ekainean eratu zenetik, behin soilik esku hartu du EBZk diru merkatuetan; 2000ko udazkenean izan zen, euroaren amiltzea eragozteko. Orduko horretan Japoniako Bankuaren laguntza izan zuen eta antza denez, orain ere Tokioren zain dago EBZ dolarrak erosten hasteko, bakarrik eginez gero ezer gutxi lortuko ez dutelakoan . Helburua, ordea, guztiz aurkakoa da orain. Euroa eta yen-a «gehiegi» indartzea eragotzi nahi dute, esportazioak mugatu eta hazkuntza oztopatzen dutelako. Kontua da noiz den garai egokia esku hartzeko. Adituek uste dute 1,35 dolarretik gorako euroa kaltegarria dela Eurogunearentzat; atzo 1,3386ra heldu zen, nahiz eta gero indarra galdu zuen. Azken hilabetean %8 garestitu da euroa. Baina kaltearen zati bat jada eginda dago. Euroaren eremuko hazkuntza aurreikuspenak jaitsi zituen atzo EBZk, eta igo berriz, inflazioarenak. Gauzak horrela, interes tasak %2tan uztea erabaki zuen atzo EBZk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.