Lanpostua galtzeko arriskua dutela eta, «kezkaturik» daude Beskoitzeko (Lapurdi) Luxat enpresako 78langileak. Hala azaldu du bertako langile eta LAB sindikatuko ordezkari Jean Louis Antxubidartek. Zapata fabrikako langileek kezka hori entzunaraziko dute bihar Hazparnen (Lapurdi) egingo duten manifestazioan. LABek deitu du manifestaziora, eta CFDT sindikatuak eta Euskal Herria Baik ere zabaldu dute protestara joateko mezua.
Gabonetako oporren bezperan jakin zuten sei hilabeteko zuzentze judizialean ezarria zela lantegia, hau da, bertze norbait jabetu ahal izateko eta enpleguak mantentzeko egoera ekonomikoa lortu behar zuen zuzendaritzak epe horretan. Haatik, jabe berririk izango duten ez dakite. Nahiz izen batzuk entzun dituzten, «ezer ez da izenpeturik», azaldu du Antxubidartek. Apirilaren 18an dute ondoko hitzordua, orduan ukanen dute Luxaten segidaren berri. Proposamenak aztertzeko epea martxoaren bukaera arte du enpresaren kudeaketa bere gain hartua duen kudeatzaileak. Nahiz ezer ofiziala ez izan, hartzaile baten zurrumurrua bada haatik: luxuzko zaku egile batek azpikontrataturik lanean ari den enpresa bat. Hala balitz, orain arte zapatak ekoizten ari direnak beste ekoizpen bati lotu behar lirateke. Beskoitzeko 78 langileetarik 50 hartuko lituzke bere proiektuaren barnean. Hots, 28 geratuko lirateke lan gabe.
Anartean lanean segitzen dute. Udako sasoiari begira duten eskaerari erantzun beharra dute: 7.000 zapata pare inguru dituzte ekoizteko. Enpresak 110.000 pare ditu ekoitzi beharrak, horietatik %60 Tunisian.
Botatzen diren enpleguei, ez! lelopean, Hazparneko merkatu estalitik abiatuko da manifestazioa bihar, 15:00etan.
Jabe berririk ez dietenez segurtatu, Luxateko 78 langileak kezkatuak dira
Abenduan jakin zuten zuzentze judizialean ezarria zela Beskoitzeko lantegia; manifestazioa egingo dute bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu