Japoniaren mirariaren gainbehera?

Yena ahul dagoenez eta biztanleria zahartzen ari denez, Japonia munduko ekonomiarik handienen podiumetik kanpo geratu da, Alemaniaren mesedetan; hark ere ez du asko iraungo, Indiak aurrea hartuko baitie laster biei.

JAPONIA
Tokio erdigunea. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Josep Solano
Tokio
2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Munduko ekonomia nabarmen aldatu da, Japonia jada ez baita munduko hirugarren ekonomia, eta Alemaniak hartu baitu toki hori, nahiz eta hura ere ez dagoen bere onenean. Zenbait urtez munduko hirugarren ekonomia izan eta gero, Japoniak aste honetan jakinarazi du herrialdeko ekonomia uzkurtu egin dela bi hiruhilekoz jarraian; ondorioz, haren BPGak behera egin du. Laugarren hiruhilekoan, Japoniako ekonomian urteko %0,4ko uzkurdura erregistratu dute, eta aurreko hiruhilekoan, berriz, %3,3ko uzkurdura, berrikusitako datuen arabera.

Yena bolada txarrean dago, inoiz baino okerrago, eta Japoniako biztanleria gero eta zaharragoa da: faktore horiek eta beste batzuk erabakigarriak izan dira herrialde horrek Alemaniak baino BPG txikiagoa izan dezan dolarretan. Nolanahi ere, Alemaniak ere ez du denbora askorik izango podiumean sartu dela ospatzeko: Indiako ekonomiak aurrea hartuko die biei, luze gabe. Japonia munduko ekonomiarik handiena bilakatzeko lehian aritu zen AEBekin, Japoniaren miraria deiturikoan, baina, orain, sailkapen ekonomiko horretan izandako azken beherakadaren ondorioz, beste kontu batzuk argitu beharko ditu: zer bideri jarraituko dion etorkizunean nazio gisa, eta zer erronka ekonomiko izango dituen.

Aldaketa historiko hori gorabehera, Japoniako agintariak lasai samar daude; izan ere, ekonomia suspertzen ari da pixkanaka, motel baina eraginkor, pandemiaren ondoren jardun ekonomikoari berrekin izanak lagunduta. 2024. urtearen hasieratik, Japoniako burtsa merkatuek emaitza onak lortu dituzte –joan den astean Nikkei indizeak 38.957 puntura igo zen, maila gorena 1989ko abenduaz geroztik– , eta gero eta esperantza handiagoa dute aurten Japoniako ekonomiak gurpil onuragarri bat sortuko duela prezioak eta soldatak igota. Hala, urtea hastearekin batera, «beste mota bateko» estrategia bat erabiltzen hasiko litzateke herrialdea malgutasun monetariorako politikan, interes tasa negatiboen politika barne hartuta.

«Diru politika oso laxoa ezarri du inflazioari begira, beste inork ez bezala».

HIDEO KUMANODai-ichi Life institutuko ekonomialaria

Dai-ichi Life ikerketa institutuko Ikerketa Ekonomikoko Saileko ekonomialari buruak, Hideo Kumanok, esan du dibisen kanbioan izaten diren mugimenduek eragin dutela nagusiki Japoniako BPGa apaltzea. «Yena merkatu egin denez, Japoniako ekonomia txikiagoa da», azaldu dio BERRIAri. Adierazi duenez, alde horretatik Japonia da galtzaile bakarra, Alemaniaren azpitik geratuko baita, nahiz eta hark ere zailtasunak dituen termino errealetan.

Nazioarteko Diru Funtsaren datuek erakusten dute Japoniako ekonomia uzkurtu egin dela dolarretan: 6,3 bilioi dolarrekoa zen 2012an, eta 4,2 bilioi dolarrekoa, berriz, 2023an. Edonola ere, Japoniako diruak beherakada itzela izan duelako gertatu da hori, hein handi batean: dolar batek 80 yen balio zuen lehen, eta, iaz, 141 yen inguru balio zuen. Kumanoren arabera, litekeena da yen nominaletan ekonomia %12 baino gehiago hazi izana tarte horretan.

Kontsumo pribatua, behera

Azken batean, Japoniako ekonomiak eta Alemaniakoak ezaugarri komun gehiago dituzte elkarren artean Indiarekin baino, eta, NDFk aurreikusi duenez, Indiak 2026an hartuko dio aurrea Japoniari, eta 2027an Alemaniari. Hain zuzen, Japoniak eta Alemaniak erronka antzekoak izango dituzte nazioarteko ekonomiaren jokalekuan: biztanleria zahartua dute, baliabide naturalak falta zaizkie, eta esportazioen eta autogintza industriaren menpe daude nabarmen.

Ekonomialariaren hitzetan, «Japoniako Bankua ez da gai bere interes tasak handitzeko», eta horrek eragin du egungo egoera. Beste herrialde batzuek ikaragarri zorroztu dituzte diru politikak inflazioari aurre egiteko, eta Japoniak, berriz, «diru politika oso laxoa ezarri du inflazioari begira, beste inork ez bezala». Diru politika gogortzeak berekin dakar epe laburreko interes tasak handitzea; ondorioz, garestitu egiten da zorpetzearen kostua, eta, beraz, zorpetzeko asmoa ere apaldu egiten da. «Prezioak garestitzen badira eta interes tasa negatiboei eusten bazaie, diruaren balioa txikiagotu egiten da, halabeharrez», esan du.

Aste honetan beste datu kezkagarri baten berri ere eman dute: kontsumo pribatuak %0,2 egin du behera, eta Japoniako BPGaren %55 inguru dagokio kontsumo horri, balio nominaletan. Gainera, enpresen inbertsioa ere %0,1 jaitsi da. Zenbait adituren ustez, arrazoi hauengatik egin du behera kontsumoak: etxetik kanpo afaltzeko gastua txikitu delako, klima berotzeak neguko arroparen salmentei eragin dielako, eta zerbitzu batzuen eskariak behera egin duelako COVID-19aren pandemiaren ondorengo gorakada pasatuta.

Kontsumo prezioak garestitu egin dira, baina kontsumitzaileen gastua ez da neurri berean handitu, Kumanoren arabera. «Horrek erakusten du benetan zer ahula den gastuaren joera», esan du datu horiei begira. Urte hasierako aurreikuspenei dagokienez, Kumanok ez dio optimismo handiz begiratu Japoniako ekonomiaren etorkizunari, batez ere kontuan hartuta lurrikara batek kalteak eragin zituela Ishikawako eskualdean urte hasieran.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.