Jauregik ziurtatu du Ayesaren erosketa gauzatuko dela

Euskal partzuergoak gaur edo bihar itxiko du operazioa. Industria sailburuak iradoki du Vital fundazioa aurrerago sartuko dela operazioan.

Mikel Jauregi Industria sailburua eta Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramailea, gaur. IREKIA
Mikel Jauregi Industria sailburua eta Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramailea, gaur. IREKIA
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 30a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordu gutxiko kontua da. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ziurtzat eman du BBK-k, Kutxabankek eta Jaurlaritzak osatu duten partzuergoak Ayesa IT konpainia teknologikoa erosiko dutela. «Gaur edo bihar» izatea espero du. «Intentsitate handiko orduak dira hauek. Xehetasun batzuk lotzea falta da». Ez du zehaztu nahi izan ñabardura horiek zeintzuk diren, edo azken orduetan zailtasunen bat sortu den.

Argitzeko dago, halaber, azkenean Vital banku fundazioa partzuergoko kide izango den ala ez. Hori, hala ere, ez litzateke traba izango operazioa gauzatzeko. Jauregik ez du baztertu Arabako erakunde hori aurrerago sartzea.

Sailburuak azaldu duenez, salerosketak hiru fase dauzka. Lehenengoan, enpresa erosteko hautagaien eskaintzen arteko lehian, euskal partzuergoa irten zen garaile, besteak beste Blackstone funtsari irabazita. Orain, talde horrek akordioa egin behar du akzioak saltzeko prest daudenekin —Erresuma Batuko AMCE funtsarekin—, eta bihar arteko epea dauka horretarako. Operazioa ixteko azken fasean, akziodunen artean aldaketak egin daitezke, eta hor sartuko litzateke Vital, Jauregiren arabera. «Hori aztertzen ari dira». Bi eta lau hilabete arteko tartea izango lukete horretarako.

Vitalen erabakiaren zain, partzuergoa honako hauek osatuko dute: Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta Kutxabanken Indar inbertsio funtsak. Haiek erosiko dituzte konpainiaren akzioen %70. Kalkulatzen da 277 milioi euro inguru jarriko dituztela horretarako —100na milioi BBK-k eta Kutxabankek, eta 70 milioi Jaurlaritzak—. Beste 173 milioi, berriz, enpresak duen zorra finantzatzeko erabiliko lituzkete. Bakoitzak zenbat jarriko duen, nola eta zenbat akzio izango dituen, baina, ez du zehaztu Jauregik. «Horretarako, Vital operazioan sartzen den ala ez argitu behar da aurrena».

Bazkide horiei Teknei enpresa gehituko zaie, baina sozio industrial modura —partaidetza txikiren bat izatea ere ez da baztertzen—.

Kutxa fundazioak parte hartzea aztertu zuen, baina kanpoan geratzea erabaki zuen. Kutxaren patronatuan EAJk eta Elkarrekin Podemosek izendatutako kideek aurka bozkatu zuten, eta EH Bildukoek eta PSE-EEkoek alde. Lehenengoek Kutxako teknikariek egindako txosten batean oinarritu zuten beren erabakia.

Batzuen kezkak, «burutazioak»

Horren arabera, arrisku handiko operazioa da Ayesarena, irabaziak lortzeko baldintza zorrotzak bete beharko direlako. Betiere komunikabide batzuek zabaldutako informazioen arabera, txostenean nabarmendu dute sektorean lehia handia dagoela eta Ayesak ez duela eredu berezirik horretan aritzeko. Gainera, ohartarazi dute azken urteetan beste enpresa batzuk erosi dituela eta horrek arriskuak ekar ditzakeela. Kutxako teknikariek, halaber, zalantza batzuk agertu omen dituzte Teknei partzuergoaren bazkide industrialari buruz, Ayesaren tamainako enpresak kudeatzeko esperientzia handirik ez duelakoan.

Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, kezka horiei buruz galdetu diote Jauregiri, eta hark erantzun du txostena ez dela publikoa eta argitaratu diren informazioak «burutazioak» baino ez direla. Hala ere, Kutxaren erabakia errespetatzen duela adierazi du, eta «autonomoa» dela «kuadrillara batu ala ez erabakitzeko». «Aztertu izana eskertzen dugu». Erabakiaren berri jakin zenean, «atsekabea» agertu zuen Jauregik.

AYESA
Ayesaren egoitza Miramongo parke teknologikoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Batzuen zalantzak gorabehera, Industria sailburua ziurtasun handiz mintzatu da. «Guretzat operazio estrategiko on bat da». Nabarmendu du bertako enpresen trantsizio teknologikorako lagungarriak izan direla Ayesak eskaintzen dituen zerbitzuak. «Ez dugu dirua jartzen dirua galtzeko. Hemen badauzkagu Ayesak behar dituen talentua eta bezeroak». Enpresa teknologikoak Jaurlaritzaren plan industrialaren «bihotza» direla nabarmendu du. «Gure industriak halako bidelagunak behar ditu».

Jauregik zehaztu du Ayesaren erosketa ez dela «errotze kontu hutsa». «Hori baino gehiago da». Gogoratu du 2022an Sevillako (Espainia) konpainiak Ibermatica euskal enpresa erosi zuela, eta Ayesa IT izeneko atalean integratuta geratu zela Ayesaren barruan. «Orain, Ibermatica ekarriko dugu, eta, harekin batera, hura jan zuen arrain handia».

Gogoratu du Ayesak 2.000 lanpostutik gora inguru dituela Hego Euskal Herrian, eta ohartarazi du horiek «arriskuan» egongo liratekeela euskal partzuergoak eskaintza egin izan ez balu eta kanpoko funts batek konpainia erosi izan balu.

Itzulerako bidaia

Ayesa ITren operazioak, estrategikoa izateaz gain, izaera sinboliko handia du. Ibermatica Euskal Herriko teknologia sektorearen ikurretako bat da. 1973an sortu zuten, Donostian, orduko aurrezki kutxek eta tokiko industriak sustatuta, eta informatikako zerbitzuak eskaintzeko asmoz.

Ibermatica Kutxabank taldearen kontrolpean egon zen urte luzez, baina, Europako Banku Zentralak aurrezki kutxei industria partaidetzak murrizteko eskatu zienean, entitateak irteteko prozesua hasi zuen. 2013an, enpresaren kontrola ProA Capital funtsaren esku utzi zuen —%15 gorde zuen Kutxabankek—. 2022an, Espainiako Ayesa taldeak osorik erosi zuen. Donostiako Miramongo parke teknologikoan du egoitza nagusia, eta iaz zibersegurtasun zentro bat jarri zuen han bertan, Euskal Herriko handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.