Kupoaren gainean dituzten desadostasunei buruzko negoziazioa hasi du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernu berriarekin. Lehen bileran, Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak aipatu du 83 milioi euro zor dizkiola estatuak, beste erkidegoei diru gehiago eman zielako Menpekotasun Legearen aplikazioan eta 3 urte baitarteko haurrak eskolatzeko egindako gastuak pagatzeko. Madrilek pagatu beharko liokeen kopuru osoa 138 milioi direla esan izan du Agirrek azken agerraldi batzuetan.
Agirre Madrilera joan zen atzo, Antonio Beteta Espainiako Administrazio Publikoetako Estatu idazkariarekin biltzera. «Lehen harremana izan da. Jarrera irekia dutela iruditu zaigu, eta, oraingoz, uste dugu dena [negoziaziora] irekita dagoela», azaldu du Agirrek bi orduko bilera amaitutakoan. Negoziazio luzea espero du Jaurlaritzak, desadostasun handiak baitituzte Jaurlaritzak eta estatuak kupoari buruz. 2007az geroztik dabiltza mokoka, kupoa kitatzeko kalkuluak direla eta. Agirrek espero du hilabete baten buruan «auzi errazenak» bideratzeko gai izango direla, horien artean zergei buruz dituzten desadostasunak. Besteak konpontzeko, lantaldeak osatuko dituzte. Enplegu politika aktiboen gastuei buruz eta kupoaren beraren berritzeari buruz ere ez dira ados jartzen bi administrazioak.
Erkidegoen kontrola
Jaurlaritzaren eta Madrilen arteko beste ika-mika bat erkidegoen aurrekontuen kontrolari buruzkoa da. Datorren ostiralean onartuko duen Egonkortasun Legearen proiektuan estatuak eskumen gehiago emango dizkio bere buruari erkidegoen kontuak zaintzeko eta, agian, atzera botatzeko ahala ere hartuko du. Jaurlaritzak ohartarazi du bere autonomiaren aurkako erasotzat joko lukeela bere kontuak gainbegiratzea. Atzo zuhur azaldu zen Agirre, esan baitzuen ez zuela iritzirik emango legeak zehatz-mehatz zer dioen jakin arte. Hori bai, gai horri buruz estatuarekin zuzenean hitz egin nahi duela esan zuen.
Jaurlaritzak aitortu du ez dela gai izango defizita agindu bezainbeste kontrolatzeko. Horri lotuta,
Noticias taldeko egunkariek atzo kaleratu zuten Jaurlaritzak bere hornitzaileei pagatzeari utzi ziola abenduan, gastu horiek iazko kontuetan azal ez daitezen. Informazio hori ukatu zuten atzo Agirrek: «Ez da egia, ezin hobeto pagatzen ari gara». Onartu du, ordea,kontuak ixteko «erabaki teknikoa» hartu zutela, «arnasa pixka bat hartzeko». Patxi Lopez lehendakariak ere ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak «faktura bakar bat ere ez» duela gordetzen tiradiretan. Iazko urtearen amaieran hornitzaileen %83 ordainduta zeudela dio, eta falta zirenei ohikoa den epean pagatuko zaiela, batez beste 32 eguneko epean.
Jaurlaritza kupoari buruzko desadostasunen inguruan negoziatzen ari da Madrilekin
Agirrek eta Lopezek ukatu egin dute hornitzaileei ez pagatzeko agindua eman dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu