Jaurlaritzak 400 milioi euro gastatu gabe utziko ditu, «badaezpada ere»

Aurrekontuetan agertzen dena baino 130 milioi gutxiago izango dituztela uste du orain, atzeraldiaren ondoriozEspainiako Gobernuak bere gain hartu du EBk behartutako 5.000 milioiko murrizketa

Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ekonomiaren okertzeak urte amaieran ustekaberik eman ez diezaion, aurtengo aurrekontuetatik 400 milioi euro erreserban gordetzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. «Badaezpada ere», Carlos Agirre Ekonomia sailburuaren hitzetan. Azken aurreikuspenen arabera, urrian espero baino 130 milioi gutxiago izango lituzke Jaurlaritzak. Orduan espero zuten ekonomia hazi egingo zela aurten, baina, orain, atzeraldia espero dute.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Agirrek azaldu du «goizegi» dela diru hori zein sailetik kenduko duten zehazteko, eta sailen artean negoziatzen ari direla gaineratu du. Dirua aurrekontuaren %4 inguru da, eta blokeatuta egongo da ekonomiaren bilakaera argiago egon arte. Orduan erabakiko du Jaurlaritzak dirua urtean zehar sor daitekeen defizita estaltzeko erabiltzen duen ala aurreikusita zegoen sailetan gastatzen duen. Murrizketa gehiago egin behar badira egingo dituela agindu du Agirrek, baina iragarri du ez dituztela oinarrizko zerbitzuak ukituko.

BEZaren igoera, «aurten ez»

Espainiako Gobernuak aurpegi ona jarri dio Europako Batasunak behartutako 5.000 milioi euroko murrizketa gehigarriari. Astelehen gauean, euroguneko finantza ministroek atzera bota zuten Madrilgo agintarien proposamena, hots, defizit publikoa %5,8an uztea, aurretik agindutako %4,4koaren ordez. Azkenean, %5,3an uztera behartu zuten. Dirutan, horrek esan nahi du 2011ko defizita —91.000 milioi edo BPGaren %8,5— 30.000 milioi euro txikitu beharrean 35.000 milioi gutxitu beharko duela. Edo 37.000 milioi euro, ekonomiaren bilakaeraren arabera.

Desoreka hori konpontzeko, bi modu baizik ez daude: zergetan diru gehiago biltzea edo gutxiago gastatzea. Zein bide hartuko duen ez zuen erabat argitu atzo Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak. Hori bai, zehaztu du gobernu zentralak hartuko duela bere gain eta ez diela ahalegin handiagoa eskatuko autonomia erkidegoei. Hortaz, gehienez %1,5eko defizita izateko baimena dute.

Eskuzabaltasun horren atzean dago erkidegoen bizkar zegoela jada aurtengo ahalegin handiena, 15.000 milioi eurokoa. Estatuak bere gain hartutako zatia—beste 15.000 milioi— betetzeko neurriak dagoeneko hartu ditu, errenta zergaren eta higiezinen gaineko zergaren igoerarekin.

Beste 5.000 milioi euro nola lortuko dituen ez du garbi esan Montorok. Batetik, azaldu du «gastu proiektu batzuei muzin» egingo dietela. Bestetik, «zerga tresna orekatuak» erabiliko dituztela, «ahulenak ez zigortzeko». Beste hitz batzuetan, aurten ez dela BEZa igoko, kontsumoaren gaineko zerga izanik, diru asko zein gutxi dutenak hunkitzen dituelako. Luis de Guindos Ekonomia ministroa ere ildo horretatik mintzatu da: «Ez dugu aurreikusten aurten BEZa igotzea». Esaldi horren gakoa aurten hitza da, ez duelako baztertzen BEZa 2013an igotzea. Madrilen lehentasuna da datorren urteko abenduaren 31n kontu publikoen desoreka %3koa izatea. 35.000 milioi euro gutxi gorabehera. Aurtengo murrizketei 2013an gutxienez beste 20.000 milioik jarraituko dietela, alegia.

Aurtengo defizitarekin ez bezala, 2013koarekin ez duela malgutasunik onartuko ohartarazi dio Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak Espainiari: «Oso larria izango litzateke ez betetzea, merkatuek presio handia egiten dietelako». Durao Barrosok ukatu egin du Espainia Hungaria baino hobeto tratatu dutela. Izan ere, Budapesteko gobernuari bateratasun funtseko ia 500 milioi ez emateko zigor prozedura abian jarri zuten atzo EBko finantza ministroek, ez zuelako lortu iaz %3ko mugatik behera geratzea. Hortaz, ekainerako beste 0,5 puntuko murrizketa egin ezean, laguntza kenduko diote. «Aldea da Espainiak 2013ra arte zuela epea, eta Hungariak 2011ra artekoa», azaldu du Barrosok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.