Jaurlaritzak 500 milioi euroko zorra merkaturatuko du aurten

Bonu jasangarriak kaleratuko ditu hirugarren urtez jarraian. Horien bidez, 2018an 500 milioi jaso zituen merkatuetan, eta iaz, 600 milioi. Diru horren %83 ekinbide sozialetan inbertituko du Gasteizko gobernuak, eta ingurumen kontuetara joango da gainontzeko %17a.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua. IREKIA
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 21a
12:17
Entzun

Aurreko urteetan izan duen arrakasta ikusita, hirugarren urtez jarraian bere zorra merkaturatzeari ekingo dio Eusko Jaurlaritzak, bonu jasangarrien bidez. 500 milioi euroko balioa izango dute. Ogasun Sailak azaldu duenez, diru horren %83 ekinbide sozialetan inbertituko du gobernuak, eta ingurumenean gainontzeko %17a.

2018an ekin zion bonu jasangarriak deituriko zorra merkaturatzeari. Horien bidez, 2018an 500 milioi jaso zituen merkatuetan, eta iaz, 600 milioi.

Jaurlaritzak jarraitzen du finantza merkatuan baldintza egokiak ikusten zorra saltzeko, interes tasak txikiak baitira. Aurreko urteetan jaulkipenaren negoziazioaren ondorengo tasa nominalak %1,45 eta %1,125 izan ziren, hurrenez hurren, hamar urtera, eta oinarrizko 15 eta 10 puntuko errentagarritasunarekin pareko produktuekiko.

Bonu arruntekin alderik ez dago ia: jaulki duen erakundeak dirua eskatzen du merkatuetan, eta diru hori interesekin itzuli behar du. Baina badu berezitasun bat: inbertitzaileei aldez aurretik jakinarazten zaie bildutako dirua zertarako erabiliko den. Era berean, zorpetze modu horrek ez du gastu arauan konputatzen; ondorioz, gobernuak inbertsio publikoa handitzeko tartea du. (Bonu jasangarriei buruzko azalpen gehiago hemen).

Londresen aurkeztuko dituzte aurtengo bonuak, martxoaren 17an. Horrez gain, inbertitzaileekin topaketak egingo ditu Parisen eta Alemaniako hiri hauetan: Frankfurten, Munichen, Dusseldorfen eta Kolonian.

Honako erakunde hauek bideratuko dituzte bonuak: BBVAk, Banco Santanderrek, La Caixak, Natixisek eta Nomurak; azken hori «Asiako merkatuan lanean hasteko xedez», Jaurlaritzatik azpimarratu dutenez.

Esperientzia «oso positiboa» izaten ari dela nabarmendu du gobernuak. Azaldu duenez, aurreneko bi urteetan eskaintza hirukoiztu zuen eskaria jaso zuten, eta bonuen bi herenak Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko inbertitzaileek erosi dituzte. Iaz, horietako bat izan zen Norvegiako Funts Subiranoa, «finantza produktu jasangarrien erreferente nagusietakoa».

Zor publikoaren egoera

Jaurlaritzaren eta haren menpeko erakunde publikoen zorra 9.444 milioi eurokoa izan zen 2019an. Hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %12,4. Espainiako arauak finkatutako zorpetzea baino %0,8 gutxiago. Bestela esanda: gobernuak 1.000 milioiko tartea du oraindik lerro gorrira iristeko.

153 milioi euroko superabitarekin amaitu du urtea, eta zatirik handiena bideratuko du zorra txikitzera: 124 milioi. Horri gehitu behar zaie zorraren jaulkipenen erosketarengatik (265,8 milioi) eta maileguen aurretiazko amortizazioagatik (207,2 milioi) jasotakoa: guztira, 597 milioi euro.

Zorra txikitzen jarraitzeko asmoa iragarri du, BPGaren %11,7 izateraino. Asteartean 2020rako zorpetzea onetsi zuen. 2019ko itxierako eragiketak eta 2020an egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko gehieneko zenbatekoa 886 milioi eurokoa izango da. 2020an 40 milioiko superabitarekin amaitu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.