Bonu jasangarriei lehen aukera

Eusko Jaurlaritzak zorpetzean 500 milioi euro bildu nahi ditu maiatzaren 29an. Jaulkipenaren diruarekin, «proiektu berde edo sozialak» finantzatuko ditu. Inbertitzaile berriak erakarri nahi ditu

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak, Azpiazu sailburua buru, atzo Parisen egindako bonu jasangarrien aurkezpena. IREKIA.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bonu jasangarriak aterako ditu merkatura lehen aldiz, datorren maiatzaren 29an. Jaulkipen horrekin, 500 milioi biltzeko helburua ezarri du. Hamar urterako bonuak dira, eta Bilboko burtsan kotizatuko dute. Eskaintza berriaren bidez, inbertitzaile gehiago erakarri nahi ditu Iñigo Urkulluren gobernuak, eta proiektua nazioartean aurkezteari ekin dio. Parisen izan zen atzo Jaurlaritzaren ordezkaritza; gaur, Alemaniako Frankfurt eta Dusseldorf hiriak bisitatuko dituzte; bihar, Madrilen egingo dute aurkezpena, eta, ostiralean, Bilbon itxiko dute bira.

ZER DIRA BONU JASANGARRIAK?



Zorpetze mota berri bat. Bonu tradizionalekin gertatzen den bezala, inbertitzaileei eskaintzen zaizkie, interes baten truke finantzaketa eskuratzeko. Bonu horien berezitasuna da diru hori zertarako erabiliko den jakinaraziko dela aldez aurretik, eta zorpetzea atera duen enpresak edo administrazioak xede horiek betetzeko konpromisoa hartzen du. Bonu tradizionalaren parekoa da, finantza ikuspuntu huts batetik, baina erabilera jakin bat izango duela agindutako bermearekin.

NOLAKO ZORPETZE EREDU BERRIAK DAUDE?



Eskainitako lehen eredua bonu berdeak izan ziren. Haien bidez, ingurumenari lotutako proiektuak finantzatu nahi zituzten. Hasierako eredu horri beste bi batu zaizkio azken garaiotan. Bonu sozialak daude, batetik, ekinaldi sozialak aurrera eramateko tresna gisa, eta bonu jasangarriak, bestetik, hala proiektu berdeak nola sozialak egitea aurreikusten dutenak.

NORK ASMATU DITU BONU BERDE ETA JASANGARRIAK?



Europako Inbertsio Bankuak egin zituen horrela identifikatutako lehen jaulkipenak, 2007. urtean. Urte horretan 680 milioi euro lortzeko produktuak atera zituen merkatura. Laster batu zitzaion Mundu Bankuaren finantza adarra, IFC. Apurka, geroz eta eragile publiko eta pribatu gehiago hasi dira gisa horretako zorpetzea baliatzen, etaaurreikusita dago aurten merkatuan 170.000 milioi baino gehiago egongo direla.

ZER FINANTZATUKO DU JAURLARITZAK BONUEKIN?



Bonuen bidez eskuratutako ehun eurotik 81 ekinbide sozialetarako erabiliko da, eta gainerakoa, ingurumenari lotutako kontuetarako. Jaurlaritzak 11 esparru orokor definitu ditu, Nazio Batuen 2030erako helburu orokorretan oinarrituta.

Erabilera jakin batzuk ere aurreratu ditu. Politika sozial nagusiak daude tartean: alokairuzko etxebizitzak eraikitzea, DSBEa finantzatzea, osasun eta hezkuntza azpiegiturak berritzea, edo gazteen laneratzeko programa. Ingurumenarekin zerikusia duten gehienak, berriz, «garraio garbiarekin» lotu ditu. Horien artean ageri dira Gasteizko tranbia eta autobus elektrikoa, eta Donostiako Topoa. Azken parte batean daude klima aldaketari eta energiari lotutako ekintzak.

Langile gastuak, finantza kostuak eta finantza aktibo eta pasiboak ezin dira ordaindu halako jaulkipenekin.

PROGRAMA BERRIAK FINANTZATUKO DIRA?



Hasiera batean, ez. Dagoeneko gobernuak aurrekontuetan jasoak eta martxan dituen hainbat programa finantzatzeko erabiliko dute dirua, eta, batzuetan, birfinantzatzeko.

EZIN ZEN DIRUA BONU TRADIZIONALEKIN BILDU?



Bai, eta orain arte horrela egin du Eusko Jaurlaritzak. Maileguak eskatu eta zorpetzea jaulki izan du merkatura, defizit mugak utzi dion neurrian, urtero aurrekontuan diru sarreren eta gastuen arteko aldea berdintzeko.

ZERTARAKO ATERA ORDUAN BONU JASANGARRIAK?



Arrazoi ezberdinak daude. Inbertitzaile batzuk, pentsio funts publikoak eta halakoak, hasi dira euren zorroen parte bat produktu jasangarrietara edo berdeetara bideratzen. Inbertitzaileen artean ere sortu da halako finantza produktuenganako interesa, ohiko eskaintzekin alderatuta. Ateratzen dituen administrazioari edo enpresari ere aukera berriak zabaltzen dizkio. Jaurlaritzak esana du inbertitzaile oinarria «zabaldu» eta finantzaketa iturriak dibertsifikatu nahi dituela. Gizartearen aurrean konpromiso sozial bat islatzeko ere balio dute.

NORK ERABAKITZEN DU ZER DEN JASANGARRIA?



Zorpetze berdearen eskaintza asko handitu da azken urteotan, baina ez dago inolako araudi ofizialik indarrean. ICMA Nazioarteko Kapital Merkatuen Elkarteak finkatu ditu lehen irizpide orokor batzuk. Halako jaulkipen batek bete beharreko printzipioekin bi gida ateratzen ditu urtero: GBP gida, produktu berdeetarako, eta SBP gida, jasangarrietarako. Finantzaketa lortu nahi duen erakundeari lau puntu argitzea eskatzen zaizkio: dirua zertarako erabiliko den azaltzea, proiektuak aukeratzeko eta ebaluatzeko prozedura zehaztea, dirua nola kudeatuko den azaltzea, eta proiektuen eragina neurtzeko txostenak argitaratzea.

NORK KONTROLATZEN DITU JAULKIPENEN EZAUGARRIAK?



Araudi ofizialak ez badaude ere, sortu izan dira ICMAren printzipioak betetzen diren edo ez egiaztatzen dituzten agentzia independente batzuk. Funtsean, bestelako berme bat ematen diote zorra saldu nahi duen enpresari edo administrazioari. Eusko Jaurlaritzak Sustainalytics enpresarengana jo du zigilu horren eske. Enpresak adierazi du bonu jaulkipenaren eskaintza «sinesgarria eta gardena» dela.

NORK EGIAZTATU BEHAR DU AGINDUTAKOA BETE DELA?



Jaurlaritzak zehaztu du jaulkipena egin eta beranduenez hamabi hilabetera ebaluazio txostena argitaratuko duela, finantzaketak izan duen eragina neurtzeko. Eta hala egingo du urtero, neurgailu zehatzak baliatuta. CO2 aurrezkia, berriztagarriak, energia aurrezkia, eskolatze tasa, eta pobrezia tasa jarri ditu adibide gisa.

Kritikoek finantzaketa mota horri jarritako eragozpen handienak hortik doaz. Jaulkipenarekin ez bezala, falta ohi dira eraginari buruzko neurketa independenteak. Bonu jasangarriek benetan balio soziala izan duten zalantzazkoa izan daiteke. Enpresa eta erakunde batzuei greenwashing egitea egotzi zaie. Hots, berde itxura emateko erabiltzea, benetan ezer aldatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.