ekonomia

Jaurlaritzak aurten soldatetan 87 milioi euro aurreztuko ditu

"Gobernu zentraletik datorren normatibak esaten dituen murrizketak aplikatuko dira aurten, progresibotasuna aplikatuz", azaldu du Patxi Lopez lehendakariak gaur. AHTaren lanek lehentasuna izango dute gerora ere, pentsio txikiak babestu nahi ditu, jaioberrien laguntzei eutsi egingo die...

2010eko maiatzaren 27a
18:34
Entzun
Espainiako Gobernuak defizit publikoa murrizteko hartutako erabakia normatibak agintzen duen bezala aplikatuko dute aurten Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur Eusko Legebiltzarrean esan duenez. "Gobernu zentraletik datorren normatibak esaten dituen murrizketak aplikatuko dira, betetzea ezinbesteko direnak, progresibotasuna aplikatuz". Besteak beste, aurten soldatetan 87 milioi euro aurreztu nahi ditu, %5. Hurrengo urtean izoztu egingo dituzte soldatak.

Jaurlaritzaren menpe dauden goi kargudun guztien soldatak jaitsiko dituzte aurten, funtzionarioei orohar aplikatuko dietena baino portzentaje handiagoan. Neurriok administrazioek, foru aldundiek eta udalek ezartzeko eskatuko dute.

Euskal administrazioan plan "serioa" aurkeztu du Lopezek. Erretiroagatik 166 lanpostu eta azken urtean bete ez diren beste 138 lanpostu kenduko dituztela jakinarazi du, eta %8 murriztuko dituztela ordezkatze eta lan pilaketako kontratazioak.

Administrazio publikoko soldatak 2011n izoztuta, horrekin 30 milioi euro aurreztu nahi ditu Lopezek. Alderdi politiko, sindikatu eta beste fundazio eta erakundeei ematen dizkieten laguntzak %3 jaitsiko ditu Jaurlaritzak. Lehendakariak, halaber, iragarri du ez dutela baimenduko onartua ez dagoen enpresa, agentzia edota erakunde autonomo berririk.

Beste neurriak

Pentsiodunen farmazia gastuen sistema aldatuko dute, "pentsio txikiak babesteko".

Jaurlaritzarentzat AHTaren lanek "lehentasuna" izaten jarraituko dute, lehendakariak jakinarazi duenez.

Seme-alabak izateagatik emandako laguntzei bi urtez eutsiko die Jaurlaritzak, jaioberrien laguntzei barne -Espainiako Gobernuak kendu egingo du laguntza hori-.

Zergen inguruko eztabaida lasaia eskatu du Lopezek, eta iruzurra saihestea "zergak igotzea baino garrantzitsuago" dela esan du, "bitarteko gehiago" lortzen baita horrela.

Neurri horiekin lortu nahi dituzten aurrezpenak lanpostu berriak sortzeko eta enpresen leihakortasuna hobetzeko erabiliko du Jaurlaritzak, lehendakariak esan duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.