MasMovilek Euskaltel erosteak ez du zertan itxi haren eta euskal erakundeen arteko loturaren historia. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ziurtatu du gobernua prest legokeela Euskaltelek gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen duen zuntz optikoaren sarearen zati bat erosteko, betiere MasMovilek salgai jarriko balu. Erabaki hori ez dagoela hartuta azaldu du telekomunikazio enpresako buru Meinrad Spengerrek. MasMovilek maileguen bitartez ordaindu nahi du Euskaltel irenstearen 2.000 milioi euroren kostua.
Zuntz optikoaren sarea Eusko Jaurlaritza bera hasi zen eraikitzen 1990eko hamarkadan, eta erabat publikoa izan zen 2012an saldu zuen arte, Patxi Lopez (PSE-EE) lehendakari zela. Diru behar gorrian zen orduan Gasteizko gobernua, eta 68 milioi euro jaso zituen trukean. Kopuru hori oso txikia zela salatu zuten ahots askok orduan, baina operazioari oniritzia eman zion Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin; Aralarrek eta EAk aurkako botoa eman zuten.
Tapiak aitortu du azken urteetan Jaurlaritzaren aukeren artean izan dela Euskaltelen zati bat erosteko aukera, baina opeazioa ez zen inoiz gauzatu, konpainia hori burtsan izanik «ez delako hain erraza hor erostea edo norbaiti enkargua ematea akzioak erosteko». Euskaltelen bertan ez ezik, haren sarean ere inbertitzeko aukera aztertzen ari zen Jaurlaritza, telekomunikazio enpresak iragarria baitzuen sare horren zati bat salgai jarri nahi zuela, dirua lortzeko sare hori berritze aldera, zaharkitua geratu delako. Aukera hori berriz zabalduz gero, esku hartzeko prest legoke Jaurlaritza, Finkatuz-en bitartez. Funts hori sortu zuen euskal enpresetan akzioak erosi eta haien errotzea sendotzeko, baina bi operazio baizik ez ditu egin, CAFen eta Kaikun. Finkatuzek 130 milioi euroren inbertsio gaitasuna du gaur egun.
EH Bilduren haserrea
Jaurlaritzak Euskaltelen izan duen jarrera oso gogor salatu dute Maddalen Iriarte eta Iker Casanvova EH Bilduko legebiltzarkideek: «Euskal gizarteari eginiko lapurreta bat da. Urkulluren gobernuak gezur sare bat eraiki du zuntz optikoaren sarea baino luzeagoa, pribatizazio prozesu hori babesteko, guztion begien bistan dagoena ukatu nahian». Iriartek hau gaineratu du: «Herri gisa galdu dugu, lau katuk lotsa barik etekin ikaragarriak izan ditzaten; hori da EAJk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta sustatu dutena, espekulazio gordinena». Iriarteren iritziz, «Euskaltel auziak frogatu du Jaurlaritzak ez duela planik sektore estrategikoak garatzeko».
Casanovak nabarmendu du «interes pribatuek etekin erraldoia» egitea baimendu duela gobernuak, besteak beste, Jaurlaritzak 68 milioitan saldutako sareak «1.000 milioiko balioa duelako». Hiru arduradun seinalatu ditu: Alberto Garcia Erauzkin presidente ohia, «pribatizazio prozesua abian jartzeagatik»; Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidentea, «ezinbesteko laguntzailea» izan delako; eta Tapia eta Iñigo Urkullu, «Jaurlaritzaren jarrera afera honetan onartezina izan delako».
Euskal Herriak Kapitalari Planto taldeak Euskaltelen «pribatizazioa»salatzeko protesta batera deitu du bihar eguerdirako, konpainiak Bilboko Gregorio de la Revilla kalean duen bulegoan.