Ardogintza

Jaurlaritzak ez du helegiterik jarriko Arabako Mahastien debekuaren aurka

Sor-marka horretako ardoa merkaturatzea eten du EAEko Auzitegi Nagusiak, Errioxa markakoei kalte egingo liekeelako. Bruselaren erabakian zain gelditzea erabaki du gobernuak.

Arabako Errioxako mahasti batzuk. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 18a
18:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ez du helegiterik aurkeztuko Arabako Mahastiak sor markaren komertzializazioa eten duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra, eta «Europako Batasunak zer erabakitzen duen zain» geratuko da, Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez.

Jaurlaritzak iragan urrian baimendu zuen ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari zigilu propioa erabiltzea, Bruselaren baiezkoa edo ezezkoa heldu artean, baina Errioxako Kontseilu Arautzaileak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian.

Epaileek ez dituzte ontzat eman zigilu berria erabiltzeko Jaurlaritzak emandako arrazoiak ere, eta uste dute ez ziela behar bezala erantzun Errioxa sor-markak egindako ohartarazpenei.

Auzitegiak argudiatu du, zigilu berriarekin merkaturatutako ardoek «nahasmen handia» eragingo lioketela kontsumitzaileari, «eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako». Eta iritzi dio, gainera, Errioxa markari «atzera-bueltarik ez duten kalteak» eragingo lizkiokeela.

Errioxa sor-markak EAEko Auzitegi Nagusian jarritako bi helegiteetako bati erantzun diote epaileek. Aurrez sor-markaren tramitazioa geratzeko eskaria ere egin zuen, jatorri izena sortzeari Jaurlaritzak oniritzia eman zionean, 2021eko azaroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.