Juanjo Llorden. Navaleko langile batzordeko idazkaria

«Jaurlaritzak ez gaitu defendatu, eta akziodunen kudeaketa txarra izan da»

Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Kezkatuta daude Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolako langileak akziodunek gaurko aurreikusita daukaten batzarragatik. Juanjo Llorden langile batzordeko idazkaria (Barakaldo, Bizkaia, 1968) erdi etsita dago, eta ez du askorik espero batzarretik.

Zer gertatuko da biharko [gaurko] bileran?

Nik uste dut ekitaldi sinboliko bat izango dela, eta ez dela ezer egingo. Behartuta daude batzar bat egitera, eta bertan esango dute ez dagoela inongo inbertitzailerik, eta hartzekodunen konkurtsora goazela. Nik uste dut ez daukatela beste ezer esateko.

Manuel Del Dago enpresariaren itxaropena bazegoen orain arte, baina egin nahi zuen inbertsioaren berririk ez du eman...

Posible da berriz azaltzea, baina behin konkurtsoan gaudenean. Orain enpresan zulo honekin sartzea zaila da. Konkurtso bat badago eta Navalek porrot egiten badu, administratzaile bat etorriko da, eta operatiboaren zati bat salmentan jarriz gero, akaso Del Dago orduan azalduko da.

Itxaropena duzue orduan enpresa konkurtsora joan eta, likidazioa hasten bada, prozesu horretan inbertitzaile bat azaltzekoa?

Eusko Jaurlaritzak esan digunagatik, enpresa handiak, eta batez ere ontziolak, hartzekodunen konkurtso batera joaten direnean, oso zaila da hortik ateratzea. Baina itxaropena ez da sekula galdu behar. Errazagoa da konkurtso batean ateratzea halako aukera bat, orain inor etorri eta dirua sartzen hastea baino.

Pilatutako zor handia baitauka ontziolak.

Hala da. Ontziolak porrot egingo balu, CNN egungo jabea zorretan egongo zen, baina balizko jabe berria garbi sartuko zen. Hori uste dut nik, baina batek daki. Dakidan gauza bakarra bada nork ekarri gaituen egungo egoerara. Duela hamaika urte enpresa publiko bat ginen, eta Espainian lau ontziola pribatizatu zituzten. Horietatik hiru itxi dituzte, eta azkena ixteko zorian dago. Eusko Jaurlaritzak ez gaitu defendatu, eta enpresaren akziodun nagusi diren Muruetak eta Ingeteamek kudeaketa negargarria egin dute gaur arte.

Esan daiteke, orduan, egungo egoera pribatizazioaren ondorio dela?

Bai, inongo zalantzarik gabe. Ez dakidana da gaur arte nola iraun dugun zabalik.

Zein egoeratan daude orain eraikitzen ari diren ontziak?

Enpresako 220 langile finkoak lanean gaude une honetan. Baina, industria azpikontratekin, 1.800 langile geunden lehen, eta, orain, 290 gaude. Ontzi batean lanean ari gara, baina armadoreak dirua aurreratu duelako. Hura ari da azpikontratei ordaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.