Jaurlaritzak segurtasun neurriak zorrozteko eskatu die enpresei

Kamioi bat, Basauriko industialdean. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 3a
14:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak segurtasun neurriak zorrozteko deia egin die «jardueraren zati txiki bat» mantentzen duten enpresei, eta protokoloa «zorrotz» betetzeko eskatu die.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak bi protokolo helarazi dizkie konpainiei: bata, industriari zuzendua, eta bestea, elikadura kateari, arrantzari, nekazaritzari, abeltzaintzari eta elikagai industriei; bigarren hori «bereziki landua» dela azpimarratu du —ez du ikusgai jarri oraindik—.

Hainbat enpresatan jarduerari berrekin ondoren egin du Jaurlaritzak adierazpen hori, aurreko igandean Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduera guztiak eteteko agindu eta gero. Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek —patronalak tartean— erabaki hori malgutzeko eskatu zioten, eta hala egin zuen bi egun geroago. Sindikatuek gogor kritikatu dute bai erabaki hori eta bai Jaurlaritzaren jarrera.

Jaurlaritzak ohartarazi duenez, «lehentasuna birusaren hedapena etetea da», baina, aldi berean, azpimarratu du beharrezkoa dela «eremua prestatzea», jarduera ekonomikoa ez dadin «amildu» eta «ahalik eta enplegu gehien» manten dadin.

Eskertza industria sektoreari

Horren harira, gobernuak «euskal industriaren eta Euskadiko sistema teknologikoaren zati handi baten inplikazioa» eskertu du, «gizartearen behar sozial eta sanitarioen zerbitzura» jarri delako. «Osasun arloko jarduera errazteko material garrantzitsua ematen ari diren ehunka enpresa daude».

Nabarmendu duenez, «askotarikoak» dira enpresa horiek COVID-19ari aurre egiteko garatzen ari diren «laguntza formulak»; «ikerketa lerroen azeleraziotik, arnasgailuen ekoizpeneraino».

Adibide gisa jarri du autogintzaren eta mugikortasun esparruko enpresak egiten ari diren serieko piezak, norbera babesteko materialen edo norbera babesteko ekipamenduen hornidura katea osatzeko. «Nolanahi ere, sektore guztietan daude euren ekoizpenaren zati bat dibertsifikatu duten enpresak, koronabirusaren aurkako borrokan zentratzeko», azpimarratu du Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.