Koronabirusa. Eragina ekonomian

Zirrikituak ateak ireki ditu

Industria askok baliatu dute Espainiako Gobernuak zenbait jarduerari emaniko aukera: berriro ekitea «gutxieneko zerbitzuekin». ESK aztertzen ari da Arantxa Tapiari salaketa bat jartzea

Industrialde bat, erdi hutsik, Bergaran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Jarduerari berriro ekiteko zirrikitu bat ireki die Espainiako Gobernuak enpresei, eta askok ez dute aukera galdu. Handien artean, Tubos Reunidosek eta Tubacexek iragarri dute beren fabrikak irekiko dituztela, Arcelor Mittalek Lesakakoa zabalduko du, eta CAFek taldetxo bat jarri du lanean premiazko enkargu batzuei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak uste du«ia industria guztia» kabitzeko modukoa dela zirrikitua, eta horrek kezkatu egin ditu sindikatuak. ELAk eta LABek eskutitz bat bidali diote, ez Jaurlaritzari, baizik eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariari, oinarrizkoak ez diren jarduerak guztiz eteteko eskatuz. ESK urrunago joan da: iragarri du aztertzen ari dela Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren eta Reyes Maroto Espainiako Industria ministroaren aurkako salaketak jartzea, «herritar guztien osasunaren aurkako delituengatik».

Tapiak BERRIAri astelehenean iragarri zion saiatuko zirela zirrikitu bat bilatzen ezinbestekoa ez den jarduera oro geratzeko dekretuan. Dekretu horren laugarren artikuluan aurkitu du zirrikitua, baimena ematen baitu«derrigorrezko jarduera» bati eusteko, «lan txanda guztiz ezinbestekoen bidez». Artikuluak dio lantalde horrek asteburuetan eta jaiegunetan lanean aritzen denaren parekoa izan beharko lukeela. Jaurlaritzak agiri baten bidez gogorarazi die enpresei beren esku dagoela aukera hori baliatzea.

Zehaztasunek izan dituzte lehen ondorio praktikoak. Tubos Reunidosek iragarri zuen atzo Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) fabrikak berriro irekiko dituela, «arauak errespetatuz». «Derrigorrezkoak diren gutxieneko lanak» egingo ditu, eta ez besterik.

Gauza bera egiteko asmoa du haren auzoak, Tubacexek. Gogorarazi duenez, Laudioko eta Amurrioko plantetan ekoizten dituen hodi guztiak esportaziorako dira, eta epe laburrean bete beharreko hainbat konpromiso ditu. Gainera, esan du bere hodiak energiarako eta uraren eta gasen tratamenduen sektorerako direla, eta horiek funtsezkoak direla.

Antzeko justifikazio bat erabili du Arcelor Mittalek Lesakako lantegia (Nafarroa) berriz martxan jartzeko. Datorren astean berriro zabaltzeko asmoa du multinazionalak, altzairuzko ontzietako eraztunetan erabiltzen den altzairua egiteko. Normal ari dira lanean Etxebarrikoan (Bizkaia), elikadura industriarentzako ontziak egiten baititu. Gipuzkoako bi fabriketan, Olaberrian eta Bergaran, «gutxieneko jarduera ezinbesteko bati» eutsiko diote. Erabat itxita daude, berriz, Sestaoko ACB, Berriobeitikoa (Nafarroa), Legasakoa (Nafarroa) eta Aguraingoa (Araba).

Lantalde txikia CAFen

Oinarrizko sektore bat direla baino gehiago, enkargu bat bete behar dutela argudiatu du CAFek. Lantalde txiki bat jarri dute gaur lanean Beasaingo eta Irungo fabriketan, tren batzuk bukatzeko. LABek esan du 44 langile direla, eta 37 direla dio ELAk. Zeelanda Berrirako, Herbehereetarako eta Italiarako tren batzuk entregatu behar dituzte hurrengo egunotan, kontratuetan zigor handiak ez izateko. Lan horrek langile batzordearen oniritzia du, segurtasun neurri guztiak beteko direla uste baitu. CAFeko gainontzeko langileak apirilaren 20an dira lanera itzultzekoak.

Mondragon taldea, «praktikoki itxita» dagoen arren, kooperatiba batzuetan gutxieneko lan batzuk egiteko asmoa dutela onartu dute haren iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.