Funtzio publikoa

Jaurlaritzaren «itxikeria» ikusita, grebari eutsi diote sindikatuek

Salatu dute Lakuak langile publikoen baldintzak hobetzeko egindako proposamenak «orokorkeriak» baino ez direla, eta ezer ez egiteko onartzen dituela Espainiako Gobernuak ezarritako «mugak».

Urriaren 25eko greba egunean Bilbon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 6a
19:12
Entzun

Langile publikoen eskaerei eta protestei «entzungor» egiten ari zaie Eusko Jaurlaritza. Hala ondorioztatu dute urriaren 25ean grebara deitu zuten sindikatuek, astelehen honetan funtzio publikoaren mahai orokorra bildu ostean. Jaurlaritzako ordezkarien jarrera ikusita, abenduaren 19ko grebari eutsi diotela jakinarazi dute.

Irailean, administrazio publiko guztian mobilizazioak iragarri zituztenetik, bitan bildu da mahai orokorra, eta, sindikatuek ohar bateratu batean azaldu dutenez, Jaurlaritzak bietan «baztertu» ditu haien «proposamenak». Jaurlaritzaren itxikeria salatu dute ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK-k. Azaldu dute Jaurlaritzaren proposamenak «orokorkeriak» baino ez direla eta «kontraesanetan» daudela «negoziatzeko ustezko borondatearekin». «Sindikatu guztiek atzera bota genuen Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duen joko eremura mugatu nahi du negoziazioa».

Eskaera zerrenda batekin joan dira negoziazio mahaira ELA, LAB eta CCOO —haiek dute ordezkaritza mahaian, UGTrekin batera—. Soldata igoerarena da gairik arantzatsuena. Sindikatuen arabera, azken hamarkadan langile publikoek erosteko ahalmenaren %20 galdu dute, eta bi urtean %10 igotzea galdegin dute.

Jaurlaritzak dio Espainiako Gobernuak ezartzen duela legez igoeraren zenbatekoa, administrazio guztientzat berdina. Aldiz, sindikatuek diote Jaurlaritzak eta Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiek araudi hori aldatzera behartu dezaketela gobernua, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan gaia sartuz. «Legearen mugen aitzakia erabiltzeak ez du balio: gezurra da, eta interesa dutenean autogobernuaren defentsa irmoagoa erakutsi eta muga horiek gainditu dituzte».

Soldatekin loturik, Jaurlaritzak proposamen bat eraman du mahai orokorrera: «ordainsari sistema aldakor bat» proposatu du, baina, sindikatuen ustez, horrek langile publikoen erdiak — «behin-behineko langileak, gehienak administrazioan lan egiten duten emakumeak»—, aplikaziotik kanpo utziko lituzke.

Madrilen «aitzakia»

Behin-behinekotasun tasa handiak amaitzea da beste puntu garrantzitsua. Gaur egun, %49koa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioan, eta legeak dio %8koa izan behar duela gehienez. Sindikatuen arabera, Jaurlaritza prest azaldu da lanpostu horien hautatze sistemak negoziatzeko, baina erretiroagatik hutsik geratzen direnak ordezkatzeko «Madrilen aitzakiari» eusten diola salatu dute. 2010az geroztik, Espainiako Gobernuak esaten du zein postu ordezkatu behar diren eta, gehiago behar izanez gero, zenbat.

Horrekin batera, salatu dute erretiro partzial aurreratua eta errelebo kontratuak ezartzeari uko egiten diola Jaurlaritzak, baita akordioetan aitortutako erretiro sariak aplikatzeari eta Itzarri BGAE borondatezko bizarte aurreikuspenerako erakundean egiten dituen ekarpenak handitzeri ere.

Horiek hala, abenduaren 19ko grebari eusten diotela azpimarratu dute. Sindikatuek ontzat jo zuten lehen greba eguna. Hezkuntzan eta garraioan nabaritu zen gehien, eta 30.000 pertsonak parte hartu zuten manifestazioetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 152.000 langile publiko daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.