«Ez du balio». ELAk eta LABek gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hitzarmenei lotutako gutxieneko soldata bat ezartzeari buruz egindako ikerketa «tekniko eta errealista». Nabarmendu dute proposamenak ez lukeela ondoriorik izango «baldintzarik okerrenak» dituzten langileengan, eta eragingo liekeenen artean soilik 10.000 inguruk nabarituko lituzketela horren onurak. «Lan Sailaren proposamenaren eragina oso-oso txikia izango litzateke», ondorioztatu dute, ohar bateratu batean.
ELAko eta LABeko ordezkariak Mikel Torres Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan sailburuarekin bildu dira gaur, Torresek asteartean elkarrizketa sozialeko mahaian aurkeztutako azterlanaren berri jasotzeko —ELAk eta LABek ez dute foro horretan parte hartzen, hala erabakia baitute—.
Jaurlaritzaren txostena Ikertalde aholkularitza enpresak egin du, Lan Saileko teknikariekin batera. Torresek azterketa «zorrotz» gisa aurkeztu du, eta esan «datu kontrastatuekin egina eta Euskadiko errealitate sozioekonomikoan kokatua» dela. Baina ELAren eta LABen ustea oso bestelakoa da: ezer gutxirako balio duela uste dute. «Lan mundua inondik ere ezagutzen ez duen ikerlari talde batek» egin duela nabarmendu dute, eta metodologia okerra erabili dutela. «Hitzarmen kolektiboen egoerari buruzko oinarrizko informazioak gaizki interpretatu dituzte».
Horren ondorioz, bi sindikatuen arabera, Jaurlaritzak proposatutako gutxieneko soldataren igoerak «apenas» izango lukeen eraginik — 1.268 eta 1.385 euro artekoa; gaur egun 1.184 eurokoa da Hego Euskal Herrian, Espainian bezala—.
Jaurlaritzaren proposamena EAEn sinatutako lan hitzarmenetarako da. Azterketaren arabera, 66.000 langile inguruk jasotzen dute hilean 1.385 euro baino gutxiago, baina, ELAren eta LABen arabera, horietatik 10.000 bakarrik dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hitzarmen eguneratua dutenak. Gainerako 56.000 langileek estatuko hitzarmenak dituzte, hitzarmen zaharrak dituzte edo hitzarmenik gabe ari dira lanean.
Madril eta patronala
Bi sindikatuen irudiko, Jaurlaritzak beste urrats bat egin beharko luke aurrera, eta gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena edo eskumen horren transferentzia eskatu beharko lioke Espainiako Gobernuari, hiru lurraldeetako langile guztiek bermatuta izan dezaten. Kopuru bat ere zehaztu dute: 1.500 euro hilean.
Halaber, sinadurak biltzen ari dira Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat aurkezteko, onartuz gero egitasmoa Madrilera eraman dezaten. Espainiako Gobernuak, baina, ez du begi onez ikusten eskumen hori euskal administrazioen esku uztea. Yolanda Diaz Lan ministroak EAEra mugatu nahi du negoziazioa, eta lan hitzarmenen esparrura.
Eta patronalak zeresan handia dauka hor. Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen gaiari buruzko proposamen bat egiteko, Confebaskek bizkarra eman eta gero lau sindikatuk gai horri buruz negoziatzeko egindako deiei. Ostegunean, enpresaburuen elkartea prest agertu zen gaia hizpide hartzeko, baina elkarrizketa sozialerako mahaian eta baldintza batzuk jarrita: besteak beste, absentismoaren kontrako neurriak adostu nahi ditu.
Jaurlaritzaren azterketaren edukiak ikusi eta gero, ELAk eta LABek uste dute patronala lasai uzteko egin duela azterlana, eta ez presioa sartzeko. «Confebasken beharrei erantzuten die, eta ez EAEn sinatzen diren hitzarmenak hobetzeari, proposamen horrek ez baitu horretarako balio».
Kopuru eskasa
Beste kritika batzuk ere egin dizkiote azterlanari. Adibidez, azpimarratu dute hartan jasotzen den kopurua ez dela nahikoa: 250 edo 350 euro gehiagokoa izan beharko lukeelakoan daude. Haien arabera, txostena egin dutenek «Europako Gutun Sozialak eta Europako zuzentarauek proposatutako soldata tarterik txikiena» hartu dute.
Horrexen harira, gogoratu dute Jaurlaritzak zera adierazi zuela 2022an eginiko azterketa baten: hilean 1.418 euro baino gutxiago irabazten dutenek «ongizatea galtzen» dutela. «Ordutik hona, Jaurlaritzak ez du berriro plazaratu azterketa hori».
Horrekin batera, salatu dute Jaurlaritzak ez dituela kontuan hartu azken urteotan enpresek izandako mozkinak eta langileen produktibitatea, eta txostenean ez duela helburu sozialik ezarri: ez «gizarte kohesioa» bermatzea, ez «aberastasuna banatzea».
Lanaldi murrizketak itxaron beharko du
Aurrena, kosta egin zitzaion Espainiako Gobernuak egitasmoa bere egitea eta Ministroen Kontseiluan onartzea, bereziki beste ministerio bateko kideek, Ekonomiakoek, ez baitzuten argi. Eta orain arazoak ditu Kongresura eramateko, lege proiektuak aurrera egiteko behar den babesa ez baitago ziurtatua.
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroaren (Sumar alderdikoa) egitasmo nagusietako bat da asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era laburtzea legez. Haren asmoa zen datorren astean eramatea Espainiako Kongresuaren urte politikoko azken bilkurara, baina eztabaida atzeratzea erabaki dute. Diazek behin eta berriz esan du ez duela 2026ra arte itxarongo neurria indarrean sartzeko. Emandako hitza bete nahi badu, Gorteek udazkenean onartu beharko dute egitasmoa.
Egungo egoera politikoa aurka du Diazek, PSOErekin, hau da, gobernuan kide duen alderdiarekin lotutako ustezko ustelkeria kasuengatik. Gobernua babestu ohi dutenen artean, Juntsek ditu zalantza gehien, eta osoko zuzenketa bat aurkeztua du, PPk eta Voxek bezala.
Hego Euskal Herriko alderdiek ontzat joa dute neurria. Espainian baino eragin txikiagoa izango luke Hegoaldean, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia 37,5 ordutik beherakoa baita jada. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak ere: Lan Ministerioaren arabera, 400.000 inguru dira. Haietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak dira.
Murrizketak beste eragin bat izango luke, gainera: lanaldi partziala duten langileek soldata handiagoa jaso beharko lukete, lanaldia luzeagoa izango bailukete proportzioan.