Soldata arrakalaren gaia lantzeko Eusko Jaurlaritzak deitutako mahaia ostegunean bilduko da berriz ere. Baina ez dira bertan egongo ELA eta LAB sindikatuak. “Ez da arazoaren muinera iristen”, azaldu du Leire Txakartegi ELAko genero berdintasunaren arloko arduradunak. Sindikatuak hasieratik egin zion muzin biltzeari, baina gaur bilera batera dei egin dio Eusko Jaurlaritzari, eta prentsaren aurrean aurkeztutako 32 neurri eztabaidatzeko gonbidapena egin dio. Izan ere, Hego Euskal Herrian soldata arrakalak sustrai sakonak dituela erakutsi dute sindikatuak eskainitako datuek: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emakumeek urtean 7.552 euro gutxiago irabazten dituzte urtean, eta Nafarroan, 8.164 euro gutxiago. “Jaurlaritzak deitutako mahaian Confebaskek esan zuen ez dagoela soldata arrakalarik, abiapuntu okerra beraz”.
Jaurlaritzarekin eztabaidatu nahiko lituzkeen 32 neurrien artean batzuk nabarmendu ditu Txakartegik. Batetik, Emakunderi izaera autonomoagoa eskaintzea, “Arartekoaren antzeko estatusa”. Horretaz aparte, kalitatezko enpleguak sustatzeko politikak eta lan ikuskaritzan “zigor eredugarriak” ezar ditzatela ere eskatu du. “250 langiletik gorako enpresetan benetako berdintasun planak eskatzen ditugu, neurri eraginkorrak bilduko dituena”. Baina, Jaurlaritzari berari dagokionez, administrazioak azpikontratetan ahalmen handiak dituela gogorarazi du sindikatuko ordezkariak, eta horietan emakumeek betetzen dituzten lanpostuei balio handiagoa emateko eskatu dio. Zaintzarako neurri publikoak ere mahai gainean jarri ditu ELAk.