Azken hilabeteotako joeraren kontra, euroa darabilten herrialdeetako kontsumo prezioen indize harmonizatua handitu egin da azaroan, eta%0,6an da urte arteko inflazioa, Eurostat Euroguneko estatistika erakundeak aurreratu dituen datuen arabera.
Ekainean, -%0,1ekoa zen urte arteko inflazioa Eurogunean. Ordutik, euroa darabilten hamasei herrialdeetako kontsumo prezioek ez dute hazkunderik izan. Uztailean, esaterako, %0,6 murriztu ziren.
Europako Batasunean, 1997an hasi ziren herrialde guztietako kontsumo prezioen bilakaera kontuan hartzen zituen adierazlea lantzen, eta ekainera arte, sekula ez zen ibili negatiboan edo zero azpiko balioetan.
Kontsumo prezioen indize harmonizatua martxoan hasi zen tasa negatiboak ematen, baina, azaroko datua eta gero, gauzak bere onera itzultzen ari direla ematen du. Dirudienez, energiaren prezioek azkenaldian izan duten igoerak eraman du indizea positibora, 2008ko azken hilabeteetako salneurrien gainetik baitabiltza.
Hazkundea moteltzen
The Conference Board azterketa zentroaren arabera, berriz, Euroguneko ekonomiak hobetze bidean jarraitu zuen urrian, bainamotelago. Erakunde horrek kaleratzen duen LEI indizeak %0,9 egin zuen gora urrian, eta 101,4 puntura iritsi zen. Hazkundea moteltzen ari den seinale dira datu horiek, irailean %1 eta abuztuan %1,9 handitu zelako.
Jean-Claude Manini azterketa zentroak Europarako duen ekonomiaburuaren esanetan, azken hilabeteotako bilakaerak zalantzak sortzen ditu «suspertzearen indarraren eta iraunkortasunaren» inguruan. Erakundeak prentsa ohar batean jakinarazi duenez, «lan merkatuko adierazleek behin eta berriz erakusten duten ahultasuna kezkatzekoa da». Izan ere, ez du uste nahikoa izango denik ekoizpena bere onera itzultzea, Euroguneko jarduera ekonomikoa indartsu hedatzeko.
Aurten, euroguneko LEI indizeak bilakaera gorakorra izan du oro har. Hala, 10,5 puntu handitu da urtearen hasieratik hona. 2007ko ekaina eta 2008ko abendua bitartean, aldiz, 15etik gora puntuko gainbehera izan zuen. LEI indizea osatzeko euroguneko zortzi ekonomia adierazle hartzen ditu kontuan The Conference Boardek, sentiera ekonomikoa, obra baimen eta agirik, interes tasen diferentziala eta Burtsaren bilakaera kasu.
Bestalde, euroguneko ekonomia jarduera erreala neurtzen duen CEI indizea %0,1 jaitsi zen urrian.
Joera hautsi, eta %0,6 hazi da Euroguneko inflazioa
Energiaren prezioek azkenaldian izan duten igoera da kontsumo salneurriak igotzearen erantzule nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu