Iñaki Zuloaga. Garen elkarteko presidentea

«Joko zelaian sartze hutsak eragingo du mugimendu bat»

Gizartean eta enpresa munduan antzematen duten erosokeriari aurre egiteko helburuarekin sortu da Garen. Batik bat enpresa txikiei begira jarriko da, Confebaskek kanpoan utzi dituela uste baitute.

Xabier Martin - Iker Aranburu
2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Patronal berriaren bultzatzailea eta lehen presidentea izango da Iñaki Zuloaga enpresaburua (Eibar, 1956). Elgoibarko Teknimak makina-erremintako enpresako nagusia, udal politikan ibilbide bat ere egin du —EAJko zinegotzi izan zen Eibarren—, baina utzia du arlo hori, bihotzekoa izan ondoren. Duela 30 urte luze Gipuzkoako patronalaren hastapenetan eragile izan zen, eta orain proiektu berri bati heldu dio, gizartean eta enpresa munduan antzematen duen «esklerosiari» aurre egiteko. Ideia batekin: «30 urte barruko Euskadi sortzen hastea».

Zergatik sortu duzue Garen? Eta, batez ere, zergatik orain?

Azken urtean enpresen eredu asoziatiboari buruzko gogoeta baten ondorio da Garen. Oso une interesgarria da Euskadirentzat; gizartearen barruan badago gauza asko auzitan jartzeko mugimendua, bizi izan dugun axolagabekeria hori atzean utzi eta parte hartzeko gogoa. Enpresa munduan ere badago kezka hori. Zer gertatzen da Euskadin enpresen %5, edo %8 bakarrik badaude [enpresaburuen] elkarteen barruan? Onar dezagun %15 ere izan daitezkeela. Zerbaitek huts egiten du enpresen %85 ez badira elkarteetako kide. Zerk? Elkarteetako kide izateko kuotak handiak dira, zerbitzuak halabeharrez erabili behar dituzte, egiturak oso astunak, profesionalizatuak eta hierarkizatuak dira, lurraldeen arteko harremanetan ere probintzialkeria dago... Kanpoan geratu dira enpresa txikiak eta oso txikiak (hamar langiletik beherakoak). Guk eredu parte hartzaileago bat proposatzen dugu, egitura eta kuota txikiagoekin. Enpresaburuen ahotsa berreskuratu nahi dugu, lan egiteko plataforma bat proposatzen diegu.

Hortaz, oraingo egiturek ez dute beren lana ongi egiten?

Gu ez gatoz inoren aurka egiteko.Diagnostiko orokor baten ondorio bat gara. Trantsizioan itundutako eredu politikoa Estatutuaren bidez 80ko eta 90eko hamarkadetan garatu zen. Orduan sortu ziren erakundeak, Jaurlaritza, Osakidetza, Ertzaintza... Eredu horrek ekarri gaitu hona, baina badira ahots asko esaten dutenak Euskadi berpentsatu behar dela; azken egunotan Pedro Luis Uri-artek esan du. Enpresa ereduarekin ere berdin. Eta gogoeta egin ondoren bi aukera daude. Bata da esatea «hau ez dabil», eta etxera joatea, eta BERRIA irakurri garagardo bat edaten dudan bitartean... Edo saia naiteke zerbait egiten. Hori da Garen; maila guztietan dagoen inmobilismoa hautsi nahi du. Esklerosia dago, tresna gisa sortutako gauza asko helburuak bilakatu baitira.

Zehazki, zer?

Patronalak beraiek. Begira, zientzia teknologia ereduari: enpresa txiki eta ertainen %90 ez daude plan horretan. Enpresak finantzatzeko bide bat bihurtu da.

Negoziazio kolektiboa ez dabil.Zer ekar diezaioke Garenek korapilo horri?

Batez ere jarrerak aldatu nahi ditugu. Penagarria da negoziazio kolektiboaren eta gizarte elkarrizketaren egoera. Mugimendu pendular bat dago. Lehen berdinketa sindikatuen aldekoa zen, ezer ez egitea hitzarmenak iraunarazten zituelako; orain, erreformak beste aldera eraman du berdinketa. Guk ez dugu tresna magikorik hori konpontzeko, baina bai, ordea, jarrera bat hori aldatzeko, jokoan daudenak eroso daudelako. Negoziazio kolektiboan lehenik aztertu behar da zer gertatzen den itunen kanpo geratu direnekin. Enpresa txikietakoak dira gehienak, ez dute sindikaturik, enpresarioa praktikoki langile bat da. Lehen bazuten hitzarmenaren erreferentzia; orain ez dute ezer, eta ez dute ulertzen zer ari den geratzen. Guk ulertzen dugu marko arautu bat egotea ona dela.

Esaten ari zarete erreformak ekarri duen desaurautzeak ez diela soilik langileei eragin, baita enpresariei ere...

Bai, noski. Orain askok esaten dute enpresako itunak behar direla. Horiek betidanik egon dira, enpresa handietan batez ere. Deskuelgeak ere beti izan dira: sindikatuek ikusi izan dutenean arrazoi jakin batzuengatik ez zegoela ituna betetzerik, bada, ez da bete, negoziazio baten ondorioz. Gainera, uste dugu ez goazela inora gehiengo sindikalak errespetatzen ez badira.

ELAri eta LABi hori esan badiezue, oso pozik jarriko ziren...

Oraindik ez dugu haiekin hitz egin.

Confebaskek zer esango du?

Merkatuei eta kuotari buruz hitz egitea gustatzen zaie enpresei, baina inork ez du galdetu zer gertatzen den merkatu baten %85 libre dagoenean. Ikusten duzunean Indonesian edo Mexikon merkatu baten %85 libre dagoela, berehala hasten zara pentsatzen zer eskaini ahal diezun. Hemen ez; hemen denak goxo-goxo gure enpresetan, gobernuarekin harremanetan... Hemen finantza publikoa erruz egon delako: lehen Hobetuz, orain SPRirekin hitzarmenak.

Zergatik daude hainbeste enpresa Confebasketik urrun?

Erosokeria dago. Desberdintasun sozialen arazoa, etorkinena, batez ere egunkarietan ikusten ditugu, ez dugu ondo-ondoan; delikuentzia ere ez da oso handia... Giro goxo horrek esklerosia sortzen du. Hasiera batean [patronalak sortu zirenean] enpresa gutxiago zeuden oro har, baina gehiago zeuden patronaletan. Adegik garai bateko kideen heren bat dauzka orain.

Confebaskek lan erreformaren aldeko apustua egin du; sindikatuek erreforma horren aurkako klausulak nahi dituzte. Zuek zer diozue?

Ez gatoz ezetz esatera, ezezkoaren bloke monolitikora. Lan erreformak hemen lubakiak sakontzera ekarri du, eta ez die mesede egiten ez patronalari, ezta sindikatuei ere. Sindikatuek milaka lagun utzi dituzte jokoz kanpo; eta berdin enpresaburuek. Lan erreformak ez du batzuek uste zituzten ondorioak ekarri, baina kaos txiki bat eragin du. Ultraaktibitatea ez da hain hain garrantzitsua, eta deskuelgeak ere ez dira hain arazotsuak negoziatzeko borondatea dagoenean. Hori ikusten da gero enpresa itunetan.

Sindikatuak «lubaki» horretatik mugitzeko gai al zarete?

Joko zelaian sartze hutsak eragingo dumugimendu bat.

Zer espero duzue Jaurlaritzaren aldetik?

Hasteko, lehendakariaren hitzekiko zintzo izatea. Aniztasunaz hitz egiten duenean, denon aniztasuna izan dadila. Toñaren sailetik eta Industriatik espero dugu har gaitzatela gizarte zibila indartu nahi duen mugimendu baten gisa, eta ez etsai gisa. Euskadirenonbeharrez, enpreseneguneroko arazoei buruz gogoeta egin nahi duen eragilea gara. Enpresen problema ez baita munduko BPGa. Udal tasak dira, poligonoak, bidesariak, I+Garen hobariei buruzko politika desberdinak dira, inspektore batek esaten duelako gastu batengatik kenkari bat daukazula, besteak ezetz...

Zenbat enpresa behar dituzue kontuan hartuak izateko?

Epe motzean lortzen baditugu 250 enpresa hasiko gara norbait izaten, ez dute esango «hauek lau zoro dira». 5.000 edo 6.000izateko itxaropena badugu. Norbaitek esan ahal digu ezin dugula negoziazio kolektiboan parte hartu enpresa gutxi ordezkatzen ditugulako. Ados, baina elkarrizketa sozialak ez ditu muga horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.