Jon Lapatza izango da Artizarra fundazioko presidente berria

Fundazioak aldaketak egin ditu plan estrategikoan, «ekosistema finantzario eta inbertitzaile berrira egokitzeko». Bi milioi euro jarriko ditu talentua erakartzeko eta fidelizatzeko egitasmoetarako.

Artizarrako arduradunen agerraldia, gaur, Bilbon. ARTIZARRA
Artizarrako arduradunen agerraldia, gaur, Bilbon. ARTIZARRA
Paulo Ostolaza.
2025eko ekainaren 23a
14:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere bide orrian egokitzapenak egin ditu Artizarrak. Fundazioa Hego Euskal Herriko enpresaburuen talde batek sortu zuen, duela lau urte, eta, azaldu dutenez, ordutik aldaketak izan dira Hegoaldeko finantza eta inbertsio ekosisteman. Horrek beste jokaleku ekonomiko bat eratu du, eta, besteak beste, hartara moldatzeko, presidente berria hautatu dute: Jon Lapatza, Amurrio Ferrocarril y Equipos konpainiako presidente eta zuzendari nagusia.

Patronatuak gaur egindako bileran eman dio oniritzia Lapatzak Jon Ander de las Fuentesen lekukoa hartzeari, eta 2025-2028 aldirako plan estrategiko berria ere onartu du. Planak fundazioaren egituran eta arduretan aldaketak egitea eskatuko duela adierazi dute, eta kontatu dute zeintzuk diren landuko dituzten hiru ildo nagusiak: enpresetan inbertitzea bere arrisku kapitalaren kudeatzailearen bidez, talentua bultzatzea eta balio partekatua garatzea. Horretarako, bi milioi eurotik gora beharko dituzte.

Diru horrekin hainbat ekinbide martxan jartzea da asmoa; besteak beste, ikasleentzako bekak, hezkuntza zentroentzako laguntza ekonomikoak, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko ekimenak eta enpresa proiektuak bizkortzea.

250 milioi euro

Gaur, hizpide izan dute jokaleku ekonomiko berria sortzerakoan Artizarrak izan duen garrantzia, besteak beste, Basque FIK klusterrean eta Euskal Finantza Aliantzan parte hartzen baitu. Bere azken agerraldian, De las Fuentesek fundazioak lurraldeari egin dion ekarpena goraipatu du. Gaur egun, Artizarrak 250 milioi euro ditu kudeaketapean 90 partaidetza baino gehiagotan, Stellum Capital kudeatzailearen bidez.

Lapatzak, berriz, esan du plan estrategiko berriari esker «aberastasuna eta hazkunde ekonomikoa sortzeko eragile garrantzitsua izaten jarraitzeko gaitasun handiagoa» izango dutela. «Horrek guztiak gure ingurunearen erakargarritasuna, talentua eta ezagutza hobetuko ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.